Kapitainaren zain

Asier Illarramendi bere jokorik onena egitetik urrun dago. Pieza garrantzitsua da taldean, gehien jokatu duten jokalarietan bigarrena, baina aitortu du «partida hobeak» jokatu dituela. Haren beharra du Realak.

Jon Ander De la Hoz.
2019ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Goizeko Izarra,Angelita, Salve, Pilartxo, Udaberri, Itxaropena... Duela zenbait hamarkada Mutrikuko (Gipuzkoa) moila betetzen zuten ontzi batzuen izenak dira. Egun, hiru baino ez dira arrantzarako itsasontziak Burumendiren magalean. Aldea nabarmena izan arren, ezagunak izango ditu hirurak Asier Illarramendik, ondotxo ezagutzen baititu bere jaioterriko bazterrak. Halaber, aski ongi jakingo du baleko arrantzarako eskifaia guztia dela beharrezko, baina badirela batzuk ardura bereiziak dituztenak. Patroia, kapitaina da horietako bat. Makinista bestea.

Bi postu horiek betetzekoa da Illarramendi Realaren itsasontzian. Kapitainarena, besokoa tarteko taldea gidatzeko ardura duelako. Eta makinista, bera delako ontziaren motorra: taldeak funtziona dezan, ezinbesteko piezetako bat.

Alabaina, erdilari mutrikuarrak ez dio nahi bezain ongi heldu aurtengo sasoiari. Kapitainak berak aitortu zuen, iragan ostegunean Betisek Espainiako Kopatik kaleratu ostean, ez dela eroso aritu ligako lehen itzulian. Partida hobeak jokatu izan dituela aurreko urteetan. Sasoi honetarako ere ez zaio pizgarririk falta; Xabi Prietoren lekukoa hartuta, taldearen gidari izatekoa da. Bistan da hori, zenbat minutuz jokatu duen kontuan hartuz gero. Orain artean, 1.527 minutuz izan da zelaian, eta bi partidatan soilik gelditu da zelairatu gabe. Mikel Oiartzabal da hark baino minutu gehiago jokatu duen taldekide bakarra. 1.549 minutuz aritu da eibartarra.

Lehen itzulian, taldearen jokoa ere ez da nahi bezalakoa izan, eta emaitzek ez dute lagundu. Horren adibide da urtea bukatu aurretik proiektu hasiberri bati amaiera eman izana Asier Garitano kaleratuta. Entrenatzaile bergararrarekin nahiz Imanol Alguacilekin, jokalari garrantzitsua izan da Illarramendi, eta taldearen egoera lasta bat izan da bere ibilian. Hainbesterainokoa, ezen eztabaida piztu baitzen ea erdilariak Igor Zubeldiarekin batera joka zezakeen, kontuan hartuta bien jokatzeko erak antzekoak direla. Garitanok zenbait partidatan aulkian utzi zuen Illarramendi, eta Alguacilekin Zubeldia ari da gutxiago jokatzen. Nolanahi ere, prestatzaileak ukatu egin zuen halakorik joan zen urtarrilaren 9an: «Zubeldia inolaz ere ez da Illarramendirekin bateraezina. Biak elkarrekin ari daitezke, jokalari onak dira, baina talde honetan konpetentzia ikaragarria da postu guztietan».

Izan ere, erdiko postuetarako hautagai dezente ditu Realak: Illarramendiz eta Zubeldiaz gain, Mikel Merino bere tokia egiten ari da pixkanaka, eta Alguacilek, beste behin, Ruben Pardoren aldeko apustua egin du, iragan sasoian egin zuen moduan.

Defentsaren eta erasoaren arteko oreka mantentzea da Illarramendiren xedea; jokoa pausatzea, hobeto ari dadin. Funtsean, itsasontziaren makinei koipea ematea da bere egitekoa, eta, lortu duenean, taldeak emaitza onak izan ditu. Bera solte ari denean, solte ari da Reala, eta bistakoa izan da hori sasoi honetako zenbait neurketatan; txuri-urdinek Athleticen, Levanteren eta Real Madrilen aurka jokatu zuten egunetan, kasurako. Illarramendi ondo ari denean, halatsu ari da Reala.

Hala, mutrikuarra bere sasoirik onenera itzultzeak izango du eraginik Realaren etorkizun hurbilean. Ligan, Realak ez du partidarik galdu urtea hasi zenetik, eta gorako bidea egin du sailkapenean. Pizte horretan zeresan berezia izan du Illarramendik, osorik jokatu baititu orain arteko partidak, eta taldearen jokoan bere printzak utzi baititu. Ez hori bakarrik; iragan igandean, Rayo Vallecanoren aurkako partidan, goleko pase bat eman zion Hector Morenori, urrundik egindako erdiraketa baten bidez. Gol horrekin hasi zuten donostiarrek partida berdintzeko bidea.

Urte luzerako jokalaria

Illarramendik Realean duen pisua handituz joan da urtez urte. Real Madrilen egin zituen bi sasoiak salbu, donostiarrekin aritu da haurra zenetik, eta ordutik nabaritu zaio gaitasun berezia. Alabaina, egun bestelakoa da egoera; 28 urterekin taldeko beteranoenetako bat bilakatu izanak —Realak du ligako talderik gazteena— eta besokoa oinordekotzan jaso izanak urrats bat aurrera egitera behartu dute kapitaina, eta ardura horiek hartzeko prest agertu da. Harengan eraikia dago etorkizuneko Reala, harrobitik datozen jokalariekin batera.

2023. urtera arteko kontratua sinatu zuen iragan ekainean, eta badaki gehiago exijituko zaiola. Nabari da hori, ekainera bitarte duen lan bikoitza kontuan hartzen bada, bederen: kapitainaren lema hartu behar du taldea bere helburuetara gidatzeko, eta, horretarako, ezinbestekoa da taldearen jokoak hobera egitea. Berak du motor hori pizteko gasolioa, etaez du lehorreratzeko asmorik, gainera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.