Piztu da piztia

Sasoirik onenean dago berriro Willian Jose. Ondo hasi du urtea, azken bost jardunaldietan bost gol sartuta, eta Europako postuetatik gertu jarri du Reala. Aurrez, bederatzi jardunaldi igaro zituen aurkariaren atea zulatu ezinik.
Willian Jose, Athletici sartutako gola ospatzen, joan den larunbatean, Anoetan.
Willian Jose, Athletici sartutako gola ospatzen, joan den larunbatean, Anoetan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Jon Ander De la Hoz -

2019ko otsailak 6
Bueltan da Realaren golegile nagusia. Baloia usaintzean aurkariaren atean triskantzak egiteko gai den jokalaria. Willian Jose da Silvak (Porto Calvo, Brasil, 1991) ezin hobeto hasi du urtea: bost gol sartu ditu beste horrenbeste jardunalditan. Areako piztia piztu da, eta Realak eskertu egin du hori. Jokalaria ondo dagoenean, taldeak jasotzen du onura gehien; Espanyolen aurka —bi sartu zituen— eta Rayo Vallecanoren aurka golik sartu ez balu, Realak punturik ez zukeen pilatuko neurketa horietan.

Datu horrek adierazten du aurrelariaren egoera zenbat aldatu den azken asteetan. Aurrez, brasildarrak bederatzi jardunaldi egin zituen golik sartu gabe, eta larrutik ordaindu zuen hori Realak, taldearen boladarik txarrenarekin batera egokitu baitzen. Imanol Alguacilen etorrerak, baina, nabarmen aldatu du Willian Joseren sasoia, eta, Real Madrilen aurkako partidan gol bat sartu zuenetik, Huescaren aurka soilik geratu da alerik ospatu gabe. Realaren bolada onaren pizgarrietako bat da brasildarra. 2019an ez du neurketarik galdu talde txuri-urdinak, eta horrek Europarako sailkatzeko postuetatik bi puntura jarri du Alguacilek prestatutako taldea.

Guztira, zortzi gol sartu ditu denboraldi honetan, eta Athletici egindakoarekin txuri-urdinen golegile nagusi bilakatu da. Alabaina, denboraldiaren lehen zatian eskas aritu zen atearen aurrean, eta golak sartzeko presioak eragina izan zuen haren jokoan. Saiatu arren, gauzak nahi bezala ez ateratzeak ondorio txarrak ekarri zizkion, eta nahi baino gehiago luzatu zitzaion lehortea.

Datuak kezkatzeko modukoak ziren; hamalau partidatan hiru gol besterik ez zuen sartu, eta marka hori urrun zegoen ordura arteko batezbestekotik: lehen bi sasoietan, gol bat sartu zuen bi partidako. Hala, bistakoa da egoera kolpetik aldatu dela Imanolek taldearen gidaritza hartu duenetik. Entrenatzaile oriotarrak ezarritako jokoak on egin dio Willian Joseri, eta berriz ere gustura ari da zelaian. Jokalariak berak aitortu duenez, iragan larunbatekoa bere ibilbidean sartu duen «golik onena» da. Bere buruarengan duen konfiantzaren berrespena izan zen Realaren bigarren goleko jaurtiketa hura.

Datorren igandean Valentziaren aurka gol bat sartuz gero, Willian Josek ondu egingo luke Realan izan duen aldirik onena, sei partidatan sei gol sartuta; gol kopuru bera sartzeko zazpi jardunaldi behar izan zituen 2016-2017ko sasoian. Guztira, Realarekin 96 partida jokatu ditu, eta 42 aldiz zulatu du aurkarien atea.

Arlo pertsonalaz harago, Willian Joseren susperraldia donostiarrek jaso zezaketen albisterik onena da. Erreferentzialtasuna berreskuratu du erasoan, eta ezinbesteko pieza da txuri-urdinen eskeman. Duela aste batzuk falta zitzaion itsasargia piztu zaio taldeari. Willian Joseren suspertzeak gorako bidean jarri du taldea. Orain artean, Mikel Oiartzabal zen golik gehien sartu zuen jokalaria, baina eibartarrak beste lan batzuk egin beharko ditu. Hargatik, brasildarra ate aurrean fin aritzeak garrantzi berezia izango du etorkizunerako helburuak finkatzeko garaian. Estu dago sailkapena, eta litekeena da atearen aurrean asmatzeak edo huts egiteak aurrera begirako lana baldintzatzea.

Realean dauka burua

Jokalari bat nabarmentzen den aldiro, gertu izaten dira zurrumurruak, eta Willian Joseren kasua ere ez da ezberdina izan azken urteetan. Aurrelari brasildarrak beti esan izan du gustura dagoela Realean, eta ez dio amaiera datarik jarri nahi Realean egingo duen ibilbideari. Alabaina, Ingalaterrako zenbait taldek eskaintzak egin zizkioten udan, eta haren jarraipenaren mamua berriz agertzen da merkatua zabaltzen den aldiro.

Egoera are gehiago katramilatzen du haren eskubideen %30 Maldonado inbertsio funtsarena izateak, baina brasildarrak zenbait bider berretsi du Realarekiko duen konpromisoa, sinadura bidez. Hala, irailaren 30ean, bi urte luzatu zuen txuri-urdinekin duen kontratua, 2024ko ekainaren 30era arte. 70 milioi euroko etete klausula du. Zaleen kutunenetako bat da Willian Jose, eta beti jaso izan du haien babesa. Agerian geratu zen hori iragan larunbatean, piztiaren atzaparkadari haren izena oihukatuz erantzun baitzioten harmailatik. Ez ziren beldurrak eragindako orroak, preseski.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna