Berea du sinadura

Realaren susperraldiak bat egin du Imanol Alguacilen etorrerarekin. Oriotarraren esanetara txuri-urdinek ez dute partidarik galdu, eta Europako postuak dituzte jomugan.

Jon Ander De la Hoz.
2019ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Bihar bi hilabete beteko dira edalontziak gainezka egin zuenetik. Alavesen aurka, Realak galdu egin zuen etxean, abenduaren 21eko iluntze hartan, eta taldearen egoera are gehiago okertu zen. Asier Garitanok ilun zuen ortzimuga, taldearen jokoak eta emaitzek ez baitzuten esperantzarako aterik zabaltzen. Realak jarraian galdu zuen laugarren partida izan zen gasteiztarren aurkakoa.

Egoera horretan, Realeko zuzendaritzak, egoeraz hausnartu, eta Garitano kaleratzea erabaki zuen. Hilabete batzuk lehenago egin bezala, Imanol Alguacili eman zioten lehen taldea gidatzeko ardura —aurrez Reala Bn zegoen—. Aurreneko aldia ekin bezala hasi du oriotarrak bigarren ibilia: emaitza onak lortuz, taldea gora begira jarriz eta oso berea duen estilo bat ezarriz. Txuri-urdinen bolada onak Imanolen sinadura darama, zenbait egokitzapen egin baititu.

PUNTU SORTA EDERRA

Datu batek argi erakusten du Realak Imanolekin izan duen hobekuntza: zazpi partida jokatu ditu hura aulkian esertzen denetik, eta horietako lautan garaile izan da, eta beste hirutan berdindu egin du. Alegia, txuri-urdinek zazpi neurketa egin dituzte galdu gabe, eta jokoan izan dituzten 21 puntuetatik hamabost eskuratu dituzte. 2019. urteko talderik onenen artean bigarrena da Reala, Bartzelona liderrak baino bi puntu gutxiago eskuratuta. Larunbateko partidaren ostean, Europa ligatik bi puntura dira txuri-urdinak, eta Txapeldunen Ligatik hirura.

Halaber, kontuan hartzekoa da puntu horietako asko talde oso onen aurka eskuratu dituztela. Sona handikoa izan zen urtea hasteko modua, Real Madrilen zelaian irabazita. Alabaina, Imanolenak airoso atera dira beste zenbait partida zailetan ere, hala nola Valentziari Mestallara egindako bisitan, Rayoren etxean markagailua berdindu zutenean eta Athleticen aurka irabazitako derbian.

AURRELARIEN SUSPERTZEA

Donostiarren jokoaren eraginkortasuna izugarria izan da azken asteetan, eta, hein handi batean, horrek ahalbidetu die egoera irauli eta puntuen zakua zigilatzea. Aurrelarien suspertzea izan da gakoetako bat. Zazpi partidatan hamabi gol egin dituzte txuri-urdinek. Willian Jose da suspertze horren isla; Imanol iritsi aurretik pattal zebilen brasildarra, baina, urtea hastearekin batera, erreskadan egin ditu golak. Ordutik sei aldiz lortu du aurkariaren atea zulatzea; aurrez, beste hirutan soilik lortu zuen. Mikel Oiartzabalek ere berriz lortu du bere sasoirik onena, berriz aurkitu baitu golerako bidea; sei partidako lehortea izan bazuen ere, azken hiru partidetan beste horrenbeste gol sartu ditu.

ATZEKO LERROA, TINKO

Imanolen etorrerarekin batera, Realak bere gabezia handienetako bati erremedioa jartzea lortu du, atzeko lerroan sendo ari baita orain. Txuri-urdinek bost gol besterik ez dute jaso, eta, hamabi egin dituztela kontuan hartuz gero, bikaina da balantzea. Raul Navas osatu da, eta espainiarra bere jokorik onena erakusten ari da azkenaldian. Halaber, Theoere ondo dabil, eta Realak igarri egiten du hori.

Atea ixtean gehien nabarmendu dena, ordea, Rulli da. Udazkenean galdu egin zuen postua, Moyaren mesedetan, baina Imanolek berriz jarri du atepean, eta, haren geldiketei esker, azken zazpi partidetatik lautan atea hutsik mantentzeko gai izan da Anoetako taldea.

HARROBIA, SASOIKO

Imanolen aldeko apustuak ez du askorik aldatu harrobiko jokalariengan jarritako konfiantza. Garitanorekin, Reala B-ko lau jokalari aritu ziren lehendabizikoz lehen taldearekin, —Martin Merquelanz, Robin Le Normand, Luca Sangalli eta Ander Barrenetxea—, eta beste hiru hasi dira egungo entrenatzailearekin: Roberto Lopez, Aihen Muñoz eta Alex Sola. Egia da egoerak behartutako debutak izan direla gehienak, baina datua azpimarratzekoa da: ia bi partidatik behin harrobiko jokalari bat estreinatu da Realarekin denboraldi honetan.

Aldiz, lehen taldeko zenbait jokalariren egoera aldatu egin da Imanolekin. Garitanoren esanetara zelaian aritzera ohitutazeuden batzuk orain ez dira jokatzen ari. Juanmirena da kasurik deigarriena. Aurrelariak asko jokatzen zuen Bergarako prestatzailearekin, baina oriotarrarekin gutxiago ari da. Azken hiru neurketetan, adibidez, ez du batere jokatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.