Gutxiengo batek blokeatu egin du Europako Batzordearen Itun Berdea

Poloniak, Txekiako Errepublikak eta Hungariak baldintzak jarri dituzte ituna onartzeko; energia nuklearra ez alboratzea dago horien artean

Aitor Manterola Garate.
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak ez du oraingoz Itun Berderik izango, atzo Bruselan gobernuburuak ez zirelako gai izan ados jartzeko. Poloniak, Txekiako Errepublikak eta Hungariak baldintzak jarri dituzte ituna onartzeko. Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak herenegun aurkeztu zuen asmoa: 2050erako klima neutraltasuna lortzea, eta, tartean, 2030erako isuriak erdira gutxitzea.

Hiru estatu horien ezezkoaren atzean dirua eta energia nuklearrak daude. Itun Berdeak dioena betetzeko diru laguntza handiagoa eskatu zuten atzo, eta, bestalde, ez dute nahi energia nuklearra alboratzea. «Ez dago ekonomia neutrorik energia nuklearrik gabe», esan zuen Viktor Orban Hungariako lehen ministroak. Frantziak ere bat egin zuen gai horretan herrialde horiekin. Austria, Luxenburgo eta Alemania, aldiz, energia nuklearra alboratzearen alde daude. Lerro hauek idazterakoan, ez zegoen adostasunik.

COP25: akordioa, zail

Klima aldaketari buruzko COP25 goi bilerak gaur du, berez, azken eguna, eta ez du ematen akordiorik egongo denik munduko herrialdeen artean. Desadostasun handiak daude, eta akordioak lortze aldera, luzatu egin daiteke bilkura. Hori gertatu zen, behintzat, aurreko aldietan.

Herrialde batzuek berehalakoan eskatzen dituzte klima aldaketari aurre egiteko neurriak, baina ez beste batzuek. Europako Batasunaren barruan ere irizpide ezberdinak daude, eta Frantziari energia mota horrekiko duen «gehiegizko» mendekotasuna edukitzea egotzi zioten.

Talka horretan bi data mugarri daude: datorren urtean, Glasgown (Eskozia), Nazio Batuen Erakundeak antolatuko du klima larrialdiari buruzko goi bilera, eta herrialde batzuek nahi dute neurriak bilkura hori baino lehen ezartzea. Hain justu, Parisko Hitzarmenean jasota geratu zenez, herrialdeek Glasgowko bilerara bitarteko epea dute orduan aurreikusitako hainbat puntu zehazteko. Beste herrialde batzuk, berriz, 2023ra begira jarrita daude, Parisko Hitzarmenean jasota dagoelakoan ordura arteko atzerapena izateko aukera neurriak abian jartzeko.

Neurrien artean dago erregai fosilekiko mendekotasuna uztea, eta hainbat herrialdetan haien ekonomiaren funtsa dira. Beste baliabide ekonomiko batzuk erabiltzeko eskatzen zaie herrialde horiei, horretarako jaso beharko luketen laguntza emanez. Baina ez datoz bat txiroenei eman beharreko laguntzak nortzuek eta nola eman behar dituzten, eta bada beste eztabaida bat ere: laguntza bera behar ote duten Saudi Arabiak kutsadura handienetako duena— eta txiroa den beste batek. Karbono merkatuaren arautzea adosteko ere zailtasunak dituzte.

Herrialde bakoitzak Parisko Hitzarmena betetzeko neurri zehatzak aurkeztu behar ditu, eta horretan ere korapilatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.