Bizkaiko derbia Kopan

Sestaok eta Athleticek berriz neurtuko dituzte indarrak bigarren kanporaketan. Realari Coria egokitu zaio, eta Osasunari, Arnedo

Sestaok eta Athleticek duela bi urte jokatutako neurketa. JUANAN RUIZ / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Zozkatu da Espainiako Kopako bigarren kanporaketa. Asteburuan balentria egin zuten maila baxuagoko taldeek aurkari handi bat izateko irrika zuten. Bada, euskal taldeei begiratuz gero, Sestaok jaso du sari potoloena. Izan ere, Athleticen aurka jokatu du. Beste kanporaketak hauek dira: Coria-Reala, Arnedo-Osasuna, Real Union-Mallorca, Arenas-Valladolid, Gernika-Celta, Ibiza Islas Pitiusas-Eibar eta Merida-Alaves. Kanporaketak partida bakarrera jokatuko dira, abenduaren 20an, 21ean edo 22an. Hori izango da Lehen Mailako taldeek Qatarreko Munduko Koparengatik egingo den geldialdiaren ostean jokatuko duten lehen partida. Beraz, adi ibili beharko dute, denbora eramango baitute partida ofizialik jokatu gabe.

Athleticek eta Sestao Riverrek derbia jokatuko dute elkarren aurka Las Llanasen. 2020an ere bigarren fasean elkarren aurka jokatu zuten. Gaizka Garitano zen orduko talde zuri-gorriaren entrenatzailea, eta 0-4 irabazi zuten zuri-gorriek. Asier Villalibrek eta Yuri Berchichek bina gol sartu zituzten. Villalibrek Athleticeko lehen taldearekin sartutako lehen bi golak izan ziren Sestaori sartutakoak.

Osasunak ere kilometro gutxi egin beharko ditu Kopako kanporaketa jokatzeko. Errioxan jokatuko dute Jagoba Arrasaterenek, Arnedoren aurka. Taldea igo berria da RFEFeko bigarren mailara, eta Atletico Balearesi irabazita sailkatu da bigarren fasera. Realari, aldiz, bidaia luzeago bat egitea egokitu zaio; Extremaduran jokatuko du, Coria egokitu baitzaio zozketan. RFEFeko bigarren mailako bosgarren multzoan jokatzen du, eta Fuenlabradari irabazita sailkatu da.

Real Unionek, Arenasek eta Gernikak etxean jokatuko dituzte euren partidak; hirurek Lehenengo Mailako taldeen aurka. Irundarrek Javier Aguirreren Mallorca hartuko dute Galen, iragan igandean Lehenengo Mailako beste talde bat kanporatu ostean. 3-2 hartu zuten mendean Cadiz. Azken unean lortu zuen garaipena Aitor Zulaikaren taldeak, Nachok urrutitik egindako jaurtiketa ikusgarri batekin. Arenasek Valladolid hartuko du Gobelan. Pachetaren taldea hamaikagarren dago sailkapenean, hamazazpi punturekin. Getxoztarrek Lugori irabazita sailkatu dira bigarren kanporaketa honetara. Gernikak ere Bigarren Mailako talde bat kanporatu zuen aurreko larunbatean. Leganesi penaltietan irabazi zion talde bizkaitarrak, eta orain Celtaren bisita jasoko du. Galiziarrak ez daude une onenean, eta entrenatzailea aldatu berri dute. Carlos Carvalhal iritsi da Eduardo Coudet ordezkatzeko.

Eibarri ere RFEFeko bigarren mailako talde bat egokitu zaio. Eivissa-Pitiusak izango da eibartarren aurkaria. Gipuzkoarrei egokitu zaie bidaiarik luzeena. Bertan jokatzen du Julen Lopezek. Atzelariak Gasteizko Aurreran jokatu zuen, Eibarren bigarren taldean, eta Eibarrekin debutatzerik izan ez zuen arren, deialdian sartu zuen Jose Luis Mendilibarrek behin baino gehiagotan. Alavesi, ordea, RFEFeko lehenengo mailako talde bat egokitu zaio: Merida. Zoriak hala nahita, Meridako Javi Montoya atezainak elkartu ditu Alavesen eta Merida zozketan, eta aipatu zuenez Alavesen harrobian jokatu zuen gaztetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.