Siemens Gamesak irabazirik gabe itxi du lehenengo seihileko fiskala

Urtarriletik martxora, 35 milioi euro irabazi zituen, aurreko hiruhilekoko 35 milioiren galera berdintzeko adina. Salmentak %26 apaldu zaizkio

Siemensen egoitza nagusia, Munichen, artxiboko irudian. UKAS BARTH / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Irabazirik gabe itxi du Siemens Gamesak bere lehenengo seihileko fiskala, joan den urritik aurtengo martxora bitartekoa, konpainiak azaldu duenez. Alabaina, energia eolikoaren multinazionalak ez du eskaini iazko emaitzekiko konparaziorik, eta esan du jarduera finantzario-ekonomikoa bat etorri dela «merkatuei 2018rako iragarritako ardatzekin».

CNMV merkatu arautzaileari igorritako informazioaren arabera, Siemens Gamesak 4.369 milioi euroren salmentak izan ditu lehen seihilekoan, 2017ko aldi berean baino %26 gutxiago. Halaber, esplotazio emaitza gordina (Ebit) 88 milioi euro izan da, iazko aldi berekoa baino %85 murritzagoa.

Bestalde, bigarren hiruhilekoan, urtarriletik martxora, 35 milioi euroko irabazia lortu zuen konpainiak, lehenengo hiruhilekoan (urritik abendura) izandako 35 milioi euroren galera berdintzeko balio izan diona. Guztira, 112 milioi euro da enpresaren zor garbia.

Edonola ere, oharrean azaldu du jarduera komertziala indartu egin dela urtarriletik martxora bitartean. 22.041 milioi euroren eskariak zeuzkan martxo amaieran: ia erdia (%47,7) zerbitzuei dagokie; %32,2 offshore eskariei (itsasoko haize errotak); eta %20 onshore eskariei (lurreko haize errotei).

Hazkundea, epe motzera

Zamudioko multinazionalak joan den otsailean iragarri zuen «hazkunde errentagarriaren aroan» sartuko dela epe laburrean, eta, horretarako, gerrikoa estutuko du, datozen hiru urteetan 2.000 milioi euro aurreztuta. Diru aurrezpen horren %65 hornitzaileei egindako erosketetatik etorriko dira; %15-20 inguru produkzio kostuetatik; eta gainontzekoa kostu orokorretatik, tartean langile kostutik. Martxan dauka 6.000 behargin kaleratzeko 2017an aurkeztutako berregituratze plana.

Multinazionalak CNMVri atzoigorritako oharrean, azaldu du 2020ra bitartean digitu bakarreko hazkundea izango duela lurreko haize erroten merkatuan, eta bi digitukoa itsasoko haize errotenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.