Javier Ruiz de Larrinaga. Ziklo-kroslari ohia

«Garaipen asko hipotekatu dut nazioartean aritzeko, baina ez naiz damutzen»

Hilaren hasieratik, txirrindulari ohia da Javier Ruiz de Larrinaga. 39 urterekin utzi du ziklo-krosa, hamahiru urteko ibilbide oparoari amaiera emanez. Harro dago utzitako arrastoaz: «Izan ditut garai txarrak, baina oroitzapenak, oro har, ezin hobeak dira».

enaut agirrebengoa
Gasteiz
2019ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Soilik kirolari onenek hartzen dute erretiroa nahi dutenean eta nahi duten moduan. Bada, horixe egin du Javier Ruiz de Larrinagak. Oraindik punta-puntan jarraitzeko sasoia eduki arren, bizikletatik jaisteko garai aproposa dela erabaki du. «Egia da pena eman didala, oraindik lehiakorra nintzelako. Baina, azken batean, ondo bukatu nahi nuen. Dena nahi bezala irten da». Guztira 76 garaipen ageri dira Ametzagako (Araba) ziklo-kroslariaren garaipen zerrendan, tartean Espainiako bost txapelketa, eta Euskadiko lau. Ordea, nazioartean ziklista onenekin lehiatu izanari ematen dio baliorik handiena. «Nahiago izan dut gutxiago irabazi, eta beste ziklista batzuekin lehia estua eduki».

Munduko Txapelketan esan zenion agur ziklo-krosari, orain dela ia hiru aste. Hasi zara txirrindulari ohia zarela barneratzen?

Orain, ondo nago, baina zaila egin zitzaidan prentsaurrekoan agur esatea. Urte hauetako guztietako bizipenak eta aldamenean izandako pertsonak ekarri behar izan nituen gogora. Bizikleta gainean baino gehiago sufritu nuen. Tramite hori pasatu nuen, eta orain ondo nago. Betiko sentipena dut: bukatu da denboraldia, eta orain atseden garaia dator. Ordea, jada ez da denboraldi berririk izango. Prestakuntzari ekiteko garaian nabarituko dut falta.

Zergatik erabaki duzu erretiroa orain hartzea?

Aurreko denboraldian ere pasatu zitzaidan ideia burutik, baina oraindik jarrai nezakeela pentsatu nuen. Bada, udan erabaki nuen sasoi honen amaieran erretiratuko nintzela. Fisikoki eta mentalki ondo egon naiz, baina jada 39 urte ditut. Adina izan da arrazoi nagusietako bat. Gainera, erabakia ez nuen sasoiaren erdian hartu nahi; aurrez hausnartua eta hartua izatea nahi nuen, gero lasterketez ahalik eta gehien gozatzeko.

Euskadiko Txapelketa irabazi duzu, Espainiakoan hirugarren izan zara, eta Mundukoa lehen 30en artean bukatu duzu. Emaitza horiek ikusita, ez duzu beste denboraldi batez aritzeko tentazioa izan?

Gauzak oso garbi nituen. Ez dut zalantzarik izan. Egia da pena eman didala, oraindik lehiakorra nintzelako. Baina ondo bukatu nahi nuen. Erabakia aspalditik nuen hartua, eta geroz eta garbiago dut garai aproposean erretiratu naizela. Dena nahi bezala irten da.

Hamahiru denboraldiko ibilbide oparoa osatu duzu. Horren urrun iritsiko zinela pentsatzen zenuen 2006an, errepidetik ziklo-krosera pasatu zinenean?

Inondik inora ere ez. Errepidea aho zapore txarrarekin utzi nuen, ez nuelako jarraitzeko aukerarik izan. Goiz zen oraindik bizikleta uzteko. Urte askotako lana zegoen atzetik, eta nola edo hala jarraitu beharra neukan. Hala, diziplina berri bati heldu nion. Hasi nintzenean, pentsaezina zen niretzat horrenbeste urtez aritu eta halako palmaresa osatzea. Eta onena da nahi izan dudan arte aritu ahal izan naizela.

Txikitatik zaude txirrindularitzari lotua. Zure osaba, Jesus Ibañez, txirrindulari profesionala izan zen, eta akaso haren urratsei jarraitu nahirik, Zuiako txirrindularitza klubean sartu zinen 4 urte eskasekin. Geroztik, ez zara bizikletatik jaitsi.

Bai, bizitza osoa bizikleta gainean daramadala esan dezaket. Egia da garai ezberdinak izan direla, logikoa den bezala, baina beti egon naiz kirol honetan murgilduta. Zaletasun handia dago nire etxean, eta hori da nire ibilbidearen abiapuntua. Senitartekoak harro daude lortu dudan guztiaz.

Zer oroitzapen duzu errepidean lehiatu zinen urteez?

Denetarik egon zen. Amets bat bete nuen Kaikurekin profesionaletara iritsita. Bi urte eder eta berezi izan ziren. Baina garai zailak ere bizi nituen. Olarran emaitza onak lortu nituen, baina ez zidaten Euskaltelera igotzeko aukerarik eman. Kolpe gogorra izan zen. Zuk anbizioa duzu, benetan uste duzu zarena baino gehiago zarela, eta ez da erraza egoera hori onartzea. Gero, behin elitera iritsita, berehala desagertu egin zen Kaiku. Hau da, beste oztopo bat bidean. Ordea, zailtasun horiek guztiek ziklo-krosean bidea egiten lagundu didate. Aurrez jasotako kolperik gabe, agian ez nintzen horren urrun iritsiko.

Ziklo-krosean ez zinen berehala buru-belarri murgildu. Hasieran, zeharka begiratzen zenion errepideari.

Hala da. Motibazioari eusteko erabili nuen ziklo-krosa. Noizbait errepideko talderen baten eskaintza jaso nezakeela pentsatzen nuen. Muzin egin nion errealitatea onartzeari. Ordea, lokatzetan ondo molda nintekeela jabetuz joan nintzen pixkanaka, eta, azkenean, apustu sendoa egin nuen ziklo-krosaren alde.

Asko kosta zitzaizun diziplina berrira egokitzea?

Teknikak garrantzi handia du ziklo-krosean, eta ni hutsetik hasi nintzen 27 urterekin. Gaztetan errazagoa da teknika lantzea, beldur gutxiago duzulako. Desabantaila hori nuen nik. Pixkanaka egokituz joan behar izan nuen. Hobetzeko sekretua ez da zirkuitu bati birak ematen aritzea, lehiatzea baizik. Asko ikasten da Belgikako eta inguruko lasterketetan. Fisikoki txirrindulari batzuk baino hobea izan zaitezke, baina, teknika landuagoa dutenez, irabazi egiten dizute.

Zenbaterainokoa da ziklo-krosaren eta errepideko txirrindularitzaren arteko aldea?

Dezentekoa, alor guztietan. Lasterketei dagokienez, ziklo-krosean ordubeteko lana egin behar izaten da, erritmo oso bizian. Dena ordubetean jokatzen duzunez, ez duzu hutserako tarterik. Errepidea, ordea, arnasa luzekoa da, eta ezbeharrak errazago konpon daitezke. Eta prestaketari erreparatuz, ziklo-krosa dinamikoagoa da. Batzuetan korrika saioak egin behar dituzu, beste batzuetan gimnasioa, eta bizikleta gainean teknika entrenamenduak eta errepidekoak uztartzen dituzu. Errepideko txirrindularitza, aldiz, monotonoagoa da.

Eta askoz ere mediatikoagoa ere bai.

Ziklo-krosak baina hori du. Hedabideetan oso gutxi agertzen da. Egia da Euskal Herrian baduela oihartzuna, baina ez errepideko txirrindularitzak adina. Normala da, errepidean dabiltzan euskaldunek sekulako maila baitute. Punta-puntan daude nazioartean, eta guk oraindik ez dugu halakorik lortu.

Dopinari erreparatuta, ziklo-krosa garbiagoa dela uste duzu?

Orokorrean, txirrindularitza geroz eta garbiagoa dela deritzot. Lehen, txiririndularitzaz hitz egitean, ematen zuen dopinaz ari zinela. Ziklo-krosean positibo gutxiago izan da, baina, datua eskura izan gabe, kontrol gutxiago ere izan dela esango nuke. Zergatik? Bada, proba gutxiago daudelako, jende gutxiagok hartzen duelako parte... Pentsatu nahi dut egoera hobera ari dela egiten oro har.

Ziklo-krosaren kasuan, dopin mekanikoaren mamua zabaldu zen 2016ko Munduko Txapelketan —bizikletan motorra aurkitu zioten Femke Van den Driessche belgikarrari—.

Bizitzako beste alor batzuetan bezala, mugak gainditzen dituen jendea dago txirrindularitzan. Kontrolak egon arren, beti egongo dira positibo emango duten txirrindulariak, edota teknologiaren bidez iruzur egiten saiatuko direnak. Lastima da. 2016ko kasu hark zeresan handia eman zuen, eta pena da ziklo-krosaz bakarrik halakoetan hitz egitea, hala oso ospe txarra hartzen baitu.

Baldintza ekonomikoei dagokienez ere, alde handia dago bi diziplinen artean. Edonola ere, zuk bizibide izan duzu ziklo-krosa. Zein da sekretua?

Babak eltzetik zuk zeuk ateratzen jakitea. Ziklo-krosean, ez zaude talde baten abaroan. Zuk joan behar duzu enpresekin eta marka komertzialekin hitz egitera.

Alor horretan, asko lagundu al dizu nazioartean lehiatzeko eginiko apustuak?

Apustu hori nire kirol maila hobetzeko egin nuen, ez etekin ekonomikoari begira. Sarri, garaipenei erreparatzen zaie bakarrik, eta nazioartean aritzeak garaipen gutxiago lortzea ekarri zidan niri. Garaipen asko hipotekatu dut nazioartean lehiatzeko, baina ez naiz damutzen. Izan ere, asko hazi naiz txirrindulari gisa.

Emaitzak hipotekatu zenituela esan duzu. Edonola ere, 76 garaipen lortu dituzu. Ez da nolanahiko kopurua.

Garaipenak garrantzitsuak dira, baina niretzat ez du baliorik lasterketak aurkaririk gabe irabazteak. Nahiago izan dut gutxiago irabazi, eta beste txirrindulari batzuekin lehia estua izatea, horrek hobetzeko aukera eman baitit.

Orduan, garaipenak baino gehiago, atzerrian lehiatu izana da zuretzat garrantzitsuena?

Ederra da Euskadiko eta Espainiako txapelketak irabazi izana. Baina niretzat ikaragarria izan zen 2017ko Munduko Txapelketan hamaseigarren egitea. Ez da garaipen bat, baina balio handia du niretzat. Nazioartean gogor borrokatu ondoren, itzela izan zen neure burua munduko onenen artean ikustea.

Lehia estua eduki duzu Aitor Hernandezekin Euskal Herrian. Nola bizi izan duzu?

Hark indar betean hasten zuen sasoia, eta ni ez nintzen gai haren mailara iristeko. Garai zailak izaten dira, baina halakoetan, sufritzen jakin behar da, eta egiten ari zaren lanean sinistu. Sasoiak aurrera egin ahala, gauzak orekatuz joaten ziren, eta, amaieran, gainditu egiten nuen. Horrela irabazteak aho zapore hobea uzten dizu.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko ziklo-krosaren oraina eta geroa?

Kadete eta gazteetan, parte hartze eta maila ona dago. Arazoa hortik amateur mailara egin beharreko jauzian dago. Gehienek errepideko txirrindularitza hautatzen dute, eta errepideko taldeek ez diete ziklo-krosean aritzeko baimenik ematen. Errepidean ez da erraza bidea egitea; beraz, polita litzateke gazteek ziklo-krosari atea ez ixtea. Uste dut bateragarriak direla. Elitean badaude adibideak: Mathieu van der Poel, Wout van Aert, Izagirre anaiak...

Orduan, ez duzue erreleborik Hernandezek eta zuk?

Jon Munitxa eta Xabier Murias datoz behetik, eta ikusi beharko da zer-nolako garapena duten. Espero dut hutsunerik ez sortzea. Horretarako, nire alea jartzen saiatuko naiz. Iaz ziklo-kros kanpusa antolatu nuen aurrenekoz, eta proiektuari jarraipena emateko asmoa dut. Pena da lehenago hasi ez izana, sekulako ilusioa ikusi bainien gazteei.

Hortaz, ziklo-krosari lotuta jarraitzeko asmoa duzu.

Bai. Lan handia dago egiteko harrobi mailan, eta, dudan esperientziarekin, zerbait baliagarria egin dezaket.

Eta bizikletak ganbaran gordeko dituzu, edo pedalei eragiten jarraituko duzu?

Ez dut bizikletaz erreta bukatu, inolaz ere ez. Asko gozatu dut bizikleta gainean. Garai txarrak ere egon dira, baina oroitzapenak, oro har, ezin hobeak dira. Hori bai, hemendik aurrera, ez naiz entrenatzera aterako, bizikletan ibiltzera baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.