Pieza guztiak ditu

Neguko azokan egindako fitxaketek nabarmen indartu dute Alaves. Camarasa funtsezko bihurtu da, eta Fejsa eta Edgar ere ondo ari dira. Zeresana eman nahi dute gaur, Mallorcan.

ALAVES / BESTEAK.
enaut agirrebengoa
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Orain bai: bere neurrira egindako taldea dauka Asier Garitanok. Neguko merkatuan ahalegina egin du Alavesek, eta, hala, hutsuneak zituen puzzlea osatzeko moduan da teknikari bergararra. Piezak baditu, behintzat. Eta, oraingoz, ondo txertatu ditu: zelai erdiko aginte makila eman dio Victor Camarasari, erratza Ljubomir Fejsari, eta pizgarri ardura Edgar Mendezi. Hirurek oso sentipen onak igorri dituzte orain arte jokaturiko neurketa apurretan. Haize berriak ekarri dituzte. Roberto Jimenezek eta Ismael Gutierrezek, berriz, ez dute jokatu oraindik, eta bistan da, ezusterik edo okerrik ezean, aulkitik ikusiko dituztela partidarik gehientsuenak. Betegarri moduan iritsi dira, azken batean.

Alavesek eraberritu egin du zelai erdia; halabeharrez, Tomas Pinak min hartu eta Wakaso Mubarakek taldea utzi ondoren. Lehena funtsezkoa zen euskarrian. Oreka handia ematen zion taldeari, defentsaren eta erasoaren arteko zubi lana egiten baitzuen. Bada, haren hutsunea ahantzarazteko fitxatu dute arabarrek Fejsa. Serbiarra ez da horren abila baloiarekin, baina eraiste lanetan asko lagun dezake. Eskarmentu handia du gorengo mailan, Olympiakosetik eta Benficatik igaro ostean. Sasoi honetan, lekurik gabe geratua zen Portugalgo taldean, Julian Weigl iritsi ondotik. Bost lehia eskas besterik ez zituen jokatu, eta, ondorioz, erritmo falta nabaritu du Alavesekin jokaturiko lehen bi partidetan: titular gisa aritu da bietan, baina azkar agortu zaio erregaia, eta berehala aldatu du Garitanok.

Nolanahi ere, txukun aritu da zelaian igaro dituen minutuetan. Sendotasuna eman dio taldeari; eta Camarasak, berriz, distira. Erdilariak 2016-2017ko sasoian ere defendatu zuen Alavesen elastikoa, eta inoiz joan izan ez balitz bezala dihardu. Izan ere, azkar batean egokitu da, hamar zenbakiaren zama bere gain hartuta. Bazter utzita zegoen Ingalaterran, Crystal Palacen, baina, Alavesen, ezinbesteko bilakatu da berehala: lau lehia jokatu ditu, denak ere hasieratik, eta behin baino ez dute ordeztu —Levanteren aurka izan zen, hondarreko minutuetan—. Gainontzeko erdilariek baino kalitate hobea dauka baloiarekin, eta gasteiztarrek eskertu egin dute haren sormena. Baita moldakortasuna ere, zelai erdian ez ezik, aurrelarien atzetik ere joka baitezake.

Edgar izan da taldera iristen azkena. Alavesek merkatuaren azken orduetan burutu zuen haren fitxaketa. Camarasaren gisara, bigarren egonaldia du Arabako taldean, 2016-2017ko sasoian arrastoa utzi ondotik —Espainiako Kopako finalean sartu zituen gasteiztarrak, etxean Celtari sartutako golarekin—. Sasoi haren bukaeran, Mexikoko Cruz Azul taldeak erosi zuen, bost milioi euroren truke. Han jokatu du azken hiru urteetan, eta, orain, 2022ra arteko kontratua sinatu du Alavesekin. Eibarren aurka jokatu zituen estreinako minutuak; hogei besterik ez ziren izan, baina nahikoa bere burua aldarrikatzeko. Haren korrikaldi ahaltsuek hainbeste behar duen sakontasuna emango diote taldeari. Luis Rioja ez da espero zen lana egiten ari, eta beraz, Edgar ezker hegalaren jabe bihur liteke.

Hura da arabarrek erosi duten jokalari bakarra, gainontzeko fitxaketak utzita iritsi baitira: Camarasa eta Ismael Gutierrez, Betisetik; Fejsa, Benficatik; eta Roberto, West Hametik. Bide hori geroz eta gutxiago ari zen erabiltzen Alaveseko kirol zuzendaritza, baina lehengora itzuli da orain, neguko azokaren berezitasunak tarteko.

Lehia handiagoa dago

Lehen, hamaikako ia finkoa zuen Garitanok; orain, ordea, handitu egin da talde barruko lehia. Eta ez bakarrik iritsi berri diren jokalariengatik; lehendik zeudenetako batzuek emandako pausoagatik ere bai. Horien artean daude Oliver Burke eta Lisandro Magallan. Udan iritsi ziren Gasteizera, eta, orain gutxi arte, bigarren mailakoak ziren Asier Garitanoren egituran. Alabaina, koska bat igo dute azken bi partidetan. Magallanen kasuan, Rodrigo Ely zigortuta zegoela baliatu zuen Sevillaren aurka titular izateko, eta hasieratik jardun zuen berriro Eibarren aurka. Burke ere hamaikakoan izan da azken bi norgehiagoketan, eta sasoiko lehen gola sartu zuen derbian. Gauzak zail jarri diezazkioke Edgarri titular izateko borrokan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.