Erabili aurretik, astindu

Itzuliko antolatzaileen ustez, erlojupekoarekin hasteak faboritoen dantza aurreratuko du. Lur zein porlan bideak, eta Eibarri eginiko «omenaldia» dira ibilbidearen beste ezaugarri batzuk

Pedro Horrillo Itzuliko zuzendari teknikoa, Mikel Serrano Zumarragako alkatea eta Julian Eraso Itzuliko zuzendaria, atzo Zumarragako udaletxean eginiko aurkezpenean.
Pedro Horrillo Itzuliko zuzendari teknikoa, Mikel Serrano Zumarragako alkatea eta Julian Eraso Itzuliko zuzendaria, atzo Zumarragako udaletxean eginiko aurkezpenean. J. C. R. / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko otsailak 28

2019ko Euskal Herriko Itzuliko ibilbide liburuak ohar bat dakar: «Erabili aurretik, astindu». Mezua ibilbidea aztertzeko asmoa duten txirrindulari, zuzendari eta kartografo arima duten zaleentzat da, eta ondo laburbiltzen du berritasun nagusia. «Berrikuntza garaiak dira, eta guk ere sartu behar izan ditugu. Erlojupekoa lehen egunean jartzearen asmoa lehen aldeak irekitzea da. Zumarragatik lider sendo bat irtengo da, eta bost egun izango ditu aurretik postua defendatzeko». Julian Eraso Euskal Herriko Itzuliko zuzendariak atzo emaniko azalpena da. Izan ere, 42 urte ziren Itzulia ez zela erlojupeko batekin hasten, 1977an Javier Elorriaga Hondarribian (Gipuzkoa) nagusitu zenetik. Aurten Zumarragan (Gipuzkoa) hasi eta bukatuko den 11,3 kilometroko batekin ekingo zaio dantzari. Itzuliko beste izen handia, dena den, Eibar (Gipuzkoa) izango da, bertan bukatuko baitira azken bi etapak: Arraten aurrenekoa, eta hiriaren erdigunean azkena. Udalarekin sinaturiko akordioa aurten bukatuko da, eta «omenaldia» egingo diote (jarraitu irakurtzen inforgrafiaren ondoren.



Itzulia apirilaren 8tik 13ra jokatuko da, eta 784 kilometroko ibilbidean 22 mendate igoko dituzte txirrindulariek —lehen mailako bost, bigarren mailako bi, eta hirugarren mailako hamabost—. Kilometro horietako asko lurrezko eta porlanezko bideetan egingo dituzte. Lehen mugarria, baina, erlojupekoa da. «Ez da aitzinetapa bat, erlojupeko bat baizik. Lehen aldeak ikusiko dira hor. Antioko igoera oso gogorra da: 2,3 kilometro batez besteko %9,7ko pendizarekin, eta %21eko 100 metroko tarte batekin». Pedro Horrillo zuzendari teknikoak egin zuen lehen etaparen erradiografia ibilbidearen aurkezpen ekitaldian, atzo, Zumarragako udaletxean. Urte askotan azken etapa izan zen erlojupekoa, baina itzulia lotzen zuela ikusita, iaz laugarren etapara aurreratu zuten, eta aurten antolatzaileek beste pauso bat eman dute lasterketari astindu bat emateko asmotan.

Bigarren etapan Zumarragatik Gorraitzerako (Nafarroa) bidea egingo du tropelak, Lizarrusti eta Sakanan barrena. Etaparen interesgunea azken kilometroetan egongo da, 4.800 metroko lurrezko bide zati bat eta eta 4.100 metroko porlanezko beste bat izango baititu. Sterrato-a aurkitu nahi izan dute, baina zatia probatu dutenek diote ez dela hain zakarra. Azken 800 metroak aldapa gora dira,%5eko pendizarekin. «Indar esprinta izango da» aurreratu zuen Horrillok. Hirugarren etapa luzea izango da, 184 kilometro eta bi mendate. Sarrigurendik Estibalizera (Araba). Esprint itxura du. «Gu mugitzen garen Nafarroako eta Arabako bideetan zaila da min egiteko moduko mendiak aurkitzea», azaldu zuen Erasok. Bi etapa horiek oso lotuak izan daitezke.

Laugarren etapak ere arrisku hori du, Bikotz Ganek, Arrigorriagako (Bizkaia) helmugatik 37 kilometrora dagoen 4,9 kilometro luze eta %8,6ko pendizdun mendate gogorrak ez badu eragozten. Ihesaldia sortzeko egokia da, Horrilloren ustez, eta, ohartarazi zuen Arrigorriaga iritsi aurretik Zaratamo inguratuko dutela, eta handik helmugarako jaitsiera «zepoa» izan daitekeela.

Agur Arrate?

Zintzo mintzatu zen zuzendari teknikoa: «Irabazlea erlojupekoan eta azken bi etapetan erabakiko da». Azken bietan Eibar aldera inguratuko da. «Eibarko Udalarekin Itzulia bertan bukatzeko sinaturiko akordioa aurten bukatuko da, eta gorazarre egin nahi izan diogu hiriak Itzulian izan duen garrantziari», nabarmendu zuen Erasok. Alegia, hurrengo urtean ez da Eibarren bukatuko, baina izango du bere etapa, udalak nahi badu. Euskal Bizikleta desagertu zenetik lorturiko eskubidea da. Bosgarren etapa Arraten bukatuko da, igoera eta jaitsieraz jositako ibilbide baten ondoren. Horrillok esan zuen 4.700 metrotik gorako pilaturiko desnibela duela. Aurten Arrateko lehen igoera Matsariatik egingo dute, eta bigarrena errepidetik, bide klasikotik. Zaila dirudi Arrate hurrengo urteko ibilbidean agertzea.

Etapa gogorrena azkena izango da, Eibarren hasi eta bukatuko dena. 118 kilometro eskas izango ditu, baina azken 56ak oso gogorrak dira: Azurki (6,4 km eta %6,8), Kortazar (5,2 km eta %8,5) eta Asentzio (7,3 km eta %5,1) kateatuko dituzte. Kortazar da berritasuna, Soraluzen (Gipuzkoa) gora, eta tontorrera iritsi aurretik Bergararako (Gipuzkoa) bidea hartuta. Igoeraren erdia asfaltozkoa da eta beste erdia porlanezkoa. Hura jaitsi eta Asentziora joko du tropelak, Elgetan (Gipuzkoa) behera Eibarrera iristeko. Behin Eibarren bost kilometroko itzulia egingo du hiritik, eta erdigunean bukatuko da. Guztira 4.675 metroko desnibela du.

Gainsariak eta Thomas

Bigarren urtez jarraian Itzuliak gainsariak izango ditu. Etapa bakoitzak bi esprint berezi ditu, eta horietan hiru, bi eta segundo bat banatuko dituzte. Helmugetako gainsariak, aldiz, handiagoak dira: hamar segundo, bost eta lau. Parte hartzaileei dagokienez, oraindik goiz da izenak zehazteko. Euskal txirrindulari gehienek bere egutegian sartua dute Itzulia, eta, ondo bidean, bertan egongo dira. Gerain Thomas (Sky) iazko Tourreko irabazleak ere sartu du bere egutegian, baina antolatzaileek, gaur-gaurkoz, ez dakite etorriko den.

Itzuliak Hego Euskal Herriko lurralde guztiak igaroko ditu, eta Eraso hasia da pentsatzen Ipar Euskal Herrira iristeko moduan. Zor historikoa da, eta baliteke hurrengo urtean ordaintzen hastea: «Buruan daukagu; hor gabiltza. Agintariekin hitz egiten hasiak gara, eta ezin da alboratu hurrengo urtean Ipar Euskal Herrira joatea. 2020n ez bada, hurrengoan, eta ez du zertan kostaldetik izan». Eusko Jaurlaritzak eskatua zion Itzuliari Ipar Euskal Herrira igarotzeko, eta hurrengo urtean, Eibarren bukatu behar ez denez, egingarriagoa dirudi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna