Felix Ibarrondo. Konpositorea

«Gaur egun, edozeri deitzen zaio musika; asko aldatu da nozioa»

Felix Ibarrondo konpositoreak dio nota bat idatzi orduko mila ezabatu dituela. Musika entzuten ikastearen beharra azpimarratu du, baina horri gaur egun gizarteak ez duen denbora eskaini behar zaiola.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Ez du entzuten sortzen duen musika. «Zertarako?», galdetu du Felix Ibarrondo (Oñati, Gipuzkoa, 1943) konpositoreak. Barne Hegoak disko bikoitza argitaratu du, 1987tik eta 2017ra idatzitako hamalau abestirekin; dioenez, oraindik ez du grabazioa behin ere aditu. «Pasarteren bat, akaso; baina, betiere, zerbait aztertzeko izan da». Entzutea baino gehiago, sortzea du plazer Ibarrondok. Txikitatik izan du harreman estua musikarekin: piano jotzailea zuen aita, eta gazte zenetik aritu zen Bilboko eta Donostiako kontserbatorioetan musikaikasketak egiten. Parisera egin zuen, 1969an, eta han bizi da ordutik. Max Deutsch eta Henri Dutilleux musikagileak izan ditu irakasle, eta, oinarria hartuta, bere bidea urratzen lagundu diotela dio.

Zure ibilbidearen hasierako piezak eta oraingoak bildu dituzu lanean. Bazterrean, interpretatu gabe, egon direnen bilketa da?

Silboberri txistu elkarteak proposatuta ondutako egitasmoa da Barne hegoak; aldez aurretik norabidea zehaztuta egon gabe eman diogu forma. Pilatuta nituen hainbat obra dira diskora ekarritakoak. Oker ez banaiz, interpretatuta bai, baina bizpahiru besterik ez neuzkan aldez aurretik grabatuta. Gainontzeko guztiak diskorako grabatu ditugu, propio. Niretzat, oso garrantzitsua da grabazioaren prozesu hori, oso zorrotza bainaiz: oro har, nire lanarekiko leialtasunaeskatzen dut, nota bakar bat era askotan interpreta daitekeelako. Edonola ere, aurrez ezagutzen nituen 40 musikarik irakurri dituzte nire partiturak, eta bazuten nire musikaren berri. Horrek asko erraztu du lana.

Kritikariek abangoardistatzat hartu zaituzte, etazuk sarritan erantzun diezu oker daudela.

Oraingoa da egiten dudan musika; momentukoa. Iraganetik asko asimilatu dut, eta etxean bertan harmonia tradizionaletik edan dut. Oinarri hori badut. 1970eko hamarkadan Parisera egin nuenean, ostera, bogan zegoen musika ezagutu nuen. Ertz horietatik egin dut nire bidea.

Zure ibilbidean mugarria izan da Parisera joan izana.

Joan izan ez banintz, ez nukeen egin dudana egingo: behin baino gehiagotan errepikatu izan dut hori. Dutilleux eta Deutsch musikarien ikaslea izan naiz, eta zorteko naiz horregatik: Debussyren ondorengoa izan zen Dutilleux eta Deux, berriz, Schoenberg konpositorearena. Beraien eran lan eginarazi zidaten biek ala biek, eta beren garaiko musikan murgildu ninduten. Baina nire doinuek ez dute zerikusirik beraiek egiten zutenarekin. Denborarekin, ohartu naiz bestelako piano jotzaileek ere izan dutela eragina niregan: Juan Cordero Castañok, kasurako. Garellanoko b andako zuzendaria izan zen bera, militarra, baina musikari ikaragarria zen, fantasia askoduna. Berak lagundu zidan Parisera joateko erabakia hartzen. Dena zegoen Parisen orduan; gehiegi ere, nire usterako. Uste dut jende asko joan zela bertara abangoardista izan edo bihurtzeko nahi horrekin.

1968ko gertakariek zipriztinduta egin zenuen Frantziako hiriburura?

Ondorengo urteek harrapatu ninduten, eta eragina izan zuen noski. Edonola ere, era batean edo bestean, 1968ko giro berean gaude gaur egun ere, gertatzen ari dena ez baita oso bestelakoa. Denok gara Jaka Horiak, finean. Horren da nabarmena eskatzen dutena... beste gauza bat litzateke eskatzeko moduen eztabaidan murgiltzea, baina herritarren gehiengoak bat egiten du justizia sozialaren aldeko aldarrikapenarekin; aberastasunaren banaketa bidezkoagoa nahi dute herritarrek. Gerora, ezin jakin horrek kulturan eragina izango duen edo ez. Denak eragiten du, hala ere: bizitzak berak eragina du artean.

Ez omen dituzu entzuten zuk konposatutakoak

Ez dut musika entzuteko konposatzen. Egiteagatik sortzen dut. Oinarrizkoa zait konposatzen sentitzen dudan bizipen hori; prozesua bera. Askotan aipatu didate inspirazioaren gaia, baina nik beti diot hitz horrek ez diola nire lan egiteko erari erantzuten. Nire lana ez zaio inspirazioari zor, mekanikoa baita: marrazten dudan nota bakoitzeko mila nota idatzi eta ezabatu ditut aurrez. Sortzen ari naizen momentu hori da, niretzat, esanguratsuena. Hor bizi naiz egin bitartean, eta, bukatzean, ez naiz berriz itzultzen.

Zein da musika klasikoaren oraina?

Baztertuta dago. Gainontzeko musikarekin alderatuz gero, aparte geratzen ari da. Baina hori beste auzi bat da. Musikaren nozioa asko aldatu da: gaur egun,edozeri deitzen zaio musika. Oro har, musika klasikoa ez da gaur egungo joeretan integratzen. Esango nuke literaturak eta pinturak baino zailagoa duela: ikusizko arteak aukera gehiago du egokitzeko, kolpez jasotzen diren irudiak baitira. Musikak denbora bat eskatzen du; asimilazio prozesu bat, eta gure gizartea ez dago horretarako prest. Kontrara, urrunegi dago. Jendeak ezagutuko balu atzean dagoen lan zehatz hori nolakoa den, akaso, iritzia aldatuko luke.

Zer eskatzen diozu zure konposizio bat entzuten duenari?

Aurrejuzgurik gabe entzutea da garrantzitsuena. Hortaz, entzuten duen horrekin betetzen saiatzeko eskatuko nioke entzuleari. Honekin ez dut esan nahi neutroa izan behar duenik. Entzutera ohituta gauden horrek baino ahalegin handiagoa eskatzen du, ezbairik gabe.

Hezkuntzan presentzia handiagoa izan beharko luke?

Hezkuntzan lantzea beharrezkoa da. Badago musika garaikide asko, sinplea zein konplexua dena, eskolan landu daitekeena. Ondo entzuten jakiteak bizia ematen du, baina halakorik ez digute erakusten. Ez dakigu musika irakurtzen, eta aberasgarria litzateke hori egiten ikastea, gaur egun sortzen dena ere musika klasikotik eratorria delako. Nik neuk egiten dudana Beethovenek egiten zuen gauza bera da, baina eguneratuta dago: barneko bizipen bera da gaur egungoa eta XIX. mendekoa.

Sari asko jaso dituzu zure ibilbidean. Euskal Herrian aitorpen gutxi jaso duzu, zure iritziz?

[Espainiako Gobernuaren] Arte Ederretako domina emango didatela esan berri didate orain, eta existitzen zenik ere ez nekien. Poztu nau, baina egia daEuskal Herrian ez naizela gehiegitan egon. Urtean behin edo. Mundu hau oso lehiakorra da... baina ez dut horri buruz hitz egin nahi. Zortea izan dut kanpoan egon naizelako. Frantzian izan dudan aitorpenagatik ezin naiz kexatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.