Noiz sortua: 2020-02-06 00:30:00

Proiektua utzi zuten arkeologoek beren kritikak berretsi dituzte

Jose Angel Apellaniz, Miguel Angel Berjon eta Carlos Crespok lehen ere aztarnategiko lan metodoari egindako kritikak plazaratu dituzte epaitegian: garbitutakoan agertzen ziren ezohiko idazkiak
Eliseo Gil, epaiketaren atzoko saioko une batean.
Eliseo Gil, epaiketaren atzoko saioko une batean. JUANAN RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2020ko otsailak 6

Akusazioaren eguna izan zen atzokoa Gasteizko Lehen Zigor Aretoan, Iruña-Veleiako aztarnategiko ustezko faltsutzeei buruzko epaiketako hirugarren saioan. Aurkikuntzek piztutako ezinegonak eraginda enpresa utzi zuten hiru arkeologoek hartu zuten hitza, eta aurrez ere eginak zituzten salaketak errepikatu zituzten: Jose Angel Apellaniz, Miguel Angel Berjon eta Carlos Crespo arkeologoek ez zuten ezohiko idazkidun pieza bakar bat ere ikusi lurretik ateratzen. Hirurek emandako bertsioaren arabera, garbiketa gunean agertzen ziren guztiak, eta han ere sekula ez zuten ikusi grafito ezohikodun piezarik agertzen. Arkeologoek azaldu zutenez, Lurmen enpresarentzat lanean ari ziren bitartean ez zuten piezen benetakotasunari buruzko zalantzarik izan, baina oso deseroso sentitu ziren ezohiko piezak agertu ahala, zuzendaritzak ez zuelako metodo arkeologikoa zorroztu. Gogor ere aritu ziren, tarteka. Apellaniz, esaterako: «Ikuspegi arkeologikotik erabat onargaitza zen agertzen ziren ezohiko grafito guztiak, guzti-guztiak, garbiketa gunean agertzea».

Neurri handi batean, fiskaltzak eta Arabako Alundundiaren akusazio partikularrak hiru arkeologoek aurrez ere eginak zituzten kritikak eszenaratzeko baliatu zuten atzoko eguna. Aztarnategian agertutako hainbat ezohiko pieza aurrez aurre jarri zizkieten arkeologoei horregatik, eta irudi horiek sekula ez zituztela lurretik ateratzen ikusi berretsi zuten haiek. Gogoratuko lituzketela. Eta identifikazioa oztopatuko zien lokatzik ere ez zegoela haiek indusketak egindako sasoian; uda zelako, eta lurra idorra zegoelako. Eta jarioan eman zituzten kritika zehatzagoak ere.

Lurmenek zerabilen metodoa zorrotza zela aipatu zuen, adibidez, Berjonek, baina motz gelditu zela 2005etik aurrera ezohiko materiala agertzen hasi ahala. Giroa erabat gaiztotu zela Escribanok pieza batean Veleia hitza idatzi eta, txantxa modura, ordu batzuez pieza balekotzat pasatu zuenetik. Ezinegona areagotu zuela hainbat ezohiko piezak. Etengabeak zirela zuzendaritzari metodoa hobetzeko egindako oharrak. Lurmenek ez zuela neurririk hartzen. Zabarra izan zela topatutako materiala adituei aurkezteko modua. Kontraste zientifikorik gabe egin zela aurkikuntzen aurkezpen publikoa. Materiala gordetzeko modua ez zela egokia izan. Behar besteko bermerik gabe bidali zirela piezak analitikak egitera. Arabako Museoko zaharberritze teknikoek txarretsi egin zutela aurkikuntzak garbitzeko Lurmenek zeukan modua. Eta hala erabaki zutela, azkenean, aztarnategia uztea.

Bi pieza

Idazkidun bi piezaren kasuan, argazki bidez erregistratu zuten lurretik nola ateratzen zituzten. Herio errituetarako erabiltzen zen plater bat da bata; eta anfora bat bestea. Eta, akusazioaren eskariz, bi pieza horiek izan zituzten aipagai atzo arkeologoek. Haien hitzetan, egia baita agertu ziren lekuan bertan daudela pieza horiek argazkietan, baina, zehaztu zutenez, bi kasu horietan ere inork ez zuen idazkien arrastorik igarri, harik eta piezak garbiketa gunetik atera ziren arte. Atzo kontatu zutenaren arabera, arkeologoek gertutik aztertu zituzten bi pieza horiek, garbitu zituzten gainetik, eta, halere, inork ez zuen han idazkirik ikusi. Prozesatu, eta hantxe testuak. «Haluzinatuta gelditu nintzen», Apellanizek aitortza, plateraren kasua gogoan hartuz.

Descart izena zekarren pieza izan zen beste mugarri bat, Berjonentzat. Agertu zenean, zuzendaritzak ere han Descart izena irakurri zuela azaldu zuen arkeologoak, eta zalantzak piztu zituen horrek, XVI. mendeko filosofoari erreferentzia egin ziezaiokeela uste baitzen. Material horri buruz zer iritzi zuen galdetu zion Gilek Berjoni orduan. «Ez duzu uste egon daitekeenik norbait taldean agian burua galdu ahal izan duena?». Ezetz erantzun zion arkeologoak. «Halako zerbait egiteko jakintza maila duten bi pertsona ezagutzen nituela esan nion. Aitor Iriarte [aztarnategiko kolaboratzailea] zela bata, eta bestea bera zela. Gadetu nion: 'Zu ez zara izan, ezta?'. Eta berak esan zidan ezetz». Hurrengo batean Gilek berriz agertu zion zalantza ea taldean buru arazoak zituen norbait egon ote zitekeen, eta halako zerbait faltsutzeko gai izango zenik.

Italiako adituen zalantza

Amelia Baldeon Arabako Museoko arduradunak antolatutako bisita bat ere deskribatu zuen Crespok. Ezohiko idatziak agertzen hasi zirenean, bisitan eraman zituen aztarnategira Jose Maria Alvarez Meridako erromatar arkeologia museoko zuzendaria eta Italiako hainbat aditu. «Material guztia erakutsi zitzaien, dena batera, mahai baten gainean, bestelako erreferentzia zientifikorik gabe». Zuzendaritzak ez zuen indusketen nondik norakorik eman, ez eta bestelako zehaztapenik egin ere. Aditu horiek harridura aurpegiak jarri zituzten, Cresporen arabera. «Baina hau non agertu zaizue?», galdetu zuten. Eta jaso zuten erantzuna ere eman zuen arkeologoak. «Atzamarrarekin leihotik kanpora seinalatu eta esan zuten: 'Han'». Bestelako azalpenak nahi zituztela esan zuen. Zientifikoagoak.

Aditu horiek lehen unetik beretik jo zituzten «ezinezkotzat» aurkikuntzak, Cresporen hitzetan. 2006an jarri zuen zuzendaritzak aztarnategian gertatzen zena grabatuko zuen kamera bat martxan. Eta, horrekin batera, ezohiko piezaren bat detektatuz gero lurretik nola ateratzen zuten erregistratzeko esku-kamera bat. Garbiketa indusketa gunean bertan egiteko tresna batzuk ere jarri zituzten. Medio horiekin berriz ikertu zuten aurrez hainbat ezohiko idazki eman zituen esparru bat, baina, arkeologoen hitzetan, ez zen ezer agertu. Ez, behintzat, piezak garbiketa gunera iritsi arte.

Euskotrenen babesa zalantzan sentitzen zuen zuzendaritzak 2005eko urtarrilean, Crespok atzo azaldu zuenez. Ezohiko piezak agertzen hasi baino lehen eman zien Gilek babesle nagusiaren kezkaren berri taldekideei. «[Gilek azaldu zuenez] Euskotrenek ez zuen sentitzen bere babesak emaitzak eman zituenik. Iradoki zen, agian, eten egin zitekeela [hamar urterako sinatutako hitzarmena]». Orduan aipatu zuen norbaitek«zerbait potoloa» topatzeko beharra, eta aukera batzuk ere aipatu ziren mahai gainean. Antzoki bat. Nekropoli bat. Mediatikoa izan zitekeen antzinako egituraren bat. Fiskalak galdera: «Eta, atera zen zerbait potoloa?». Crespo: «Ba, hementxe gaude».

Iruña-Veleian ibilitako Jose Manuel Tarriño arkeologoak ere deklaratu zuen atzokoan, halere, eta hark ez zuen gogoan aztarnategian inork Euskotrenen kezka hori aipatu zuenik.

Epaiketaren nondik norakoan eragina izan dezaketen bi datu ere eman zituzten arkeologoek. Batetik, zehaztu zutelako Iruña-Veleiako garbiketa prozesuan metalezko piezarik ez zela erabiltzen. Plastikozko eta zuntzezko eskuilak baietz, baina metalezkorik ezetz. Langile batek behin txanpon bat garbitzeko erabilitako kuter bat kenduta. Eta halakorik ez egiteko abisua jaso zuen kasu hartan. Eta garrantzitsua izan daiteke metalik ez erabiltzearena, zeren eta, orain arte, garbiketa gunean erabilitako metalak aipatu izan dituzte piezen benetakotasunaren aldekoek Espainiako Kultur Ministerioak egindako ikerketaren ondorioak baliogabetzeko. Izan ere, piezen gainazaletan metal modernoak agertu izana da ikerketa horrek piezen faltsutasuna ondorioztatzeko erabiltzen duen argudioetako bat.

Ondarea hondatzeagatik zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen du Gilentzat Arabako Foru Aldundiak; eta bost urte eta erdikoa fiskalak. Akusazio hori egiteko, grafologia ikerketa bat darabilte biek ala biek, eta ikerketa hori indartzera dator arkeologoek atzo emandako beste datua. Aztarnategiko 2004ko Ludi Veleienses izeneko dibulgazio jardunaldietarako sortutako erromatar komunaren erreplikarako testuak Gilek bakarrik egin zituela berretsi zuten atzo Crespok eta Apellanizek; eta, hain zuzen ere, ikerketak idazki horiek hartu ditu ustez faltsututako piezetako idazkien idazkera konparatzeko erreferentziatzat.

Defentsaren erantzuna

Lurmenek egindako aztarnategiko inbentarioa izan zen arkeologoen lekukotzei aurka egiteko defentsak erabilitako baliabide nagusia. Dokumentu horretan, aurkitutako lekuan bertan kokapen zehatzaren koordenatuekin ageri dira idazkidun hainbat ezohiko pieza. Arkeologoek, ordea, ukatu egin dute pieza horiek idazkiengatik koordenatu zituztenik. Bestelako ezaugarriengatik koordenatu zituzten aurkikuntza haiek, eta gerora soilik agertu ziren idatziak, garbiketa gunean.

Lan giroa eskasa zela ere erakusten saiatu da defentsa, eta mendeku hartzeko gogoz egon zitezkeela horregatik arkeologoak. Une horretan eman du saioak bira txiki bat, une horretara arte piezen benetakotasuna defendatzen aritu den arren, piezak berak sortu ote zituen galdetu baitio abokatuak Apellanizi. «Enpresarekin hain haserre egonik, zuk faltsifikatu edo manipulatu zenituen piezak?». Epaileak errieta: lekuko zela arkeologoa, ez akusatua, eta haren aurkako akusazioa jartzeko asmorik bazuen jakinarazteko. Hor gelditu zen dena.

Ruben Cerdan ikerlariak protagonismo txikia izan zuen atzoko saioan. Iruzurra egin zuelakoan epaitzen dute bera. Berez, agertutako ezohiko piezen euskarria eta haietan egindako inskripzioak garai berekoak zirela ondorioztatzeko analitika bat egiteko kontratatu zituen haren zerbitzuak Lurmenek, baina orain arte ez du ikerketa hori egin zenik ziurtatzen duen dokumenturik aurkeztu. Arkeologoek atzo azaldutakoaren arabera, ordea, zalantza une betean, bultzada garrantzitsua izan ziren haren ikerketaren ondorioak, piezak eta idazkiak garai berekoak zirela ondorioztatzen baitzuen.

Gaur ere 09:30ean hasiko da epaiketako saioa, nagusiki, defentsak deitutako lekukoekin.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 1ean eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da inor hil COVID-19 gaitzaren eraginez. Bost positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta 11 gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.309 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Bizkaiko pentsionistak protestan, pasa den astean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Koronabirusak zahar etxeetan izandako eragina ikertzeko eskatu du Bizkaiko Pentsionisten Mugimenduak

Berria

Protesta egin dute gaur Bizkaiko pentsiodunek Bilboko udaletxearen aitzinean, eta argi utzi dute ez dutela murrizketarik onartuko osasun publikoan eta pentsioetan. Pentsiodunek zahar etxeen inguruko informazioa eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Aldundiari, baina ez dute erantzunik jaso. 

Gasteizko Txagorritxu ospitaleko Mikrobiologiako langileak, proba serologikoak aztertzen. ©Gorka Rubio / Foku

Hegoaldean ez da gaixorik hil azken 24 orduetan

Andoni Imaz

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute PCR bidezko positiborik atzeman, hiru hilabetean lehen aldiz. Azken orduetan, koronabirusaz kutsatutako hamar lagun ospitaleratu dituzte; hiru, ZIUn.

Zahar etxeetan gertatutakoa argitzeko eskatu dute pentsiodunek gaurko mobilizazioetan. ©Aritz Loiola / FOKU

Leiho berriak mugikortasunari (eguneko laburpena)

Pello Urzelai

Euskal Herrian ez da izan hildakorik azken orduetan. PCR proba bidezko positibo berriak gutxi izan dira: bost, denak Nafarroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna