Gaurdesi irabazi, eta sasoiko lehen kolpea eman nahi du gaur Bera Berak

ainara arratibel gascon
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina dagoeneko final kutsuko bigarren norgehiagoka jokatuko du gaur Bera Berak. Lehenbizikoa Txapeldunen Ligako atarikoa izan zen. Oraingo honetan, berriz, Espainiako Ligan du azterketa. Txapeldun izateko borrokan aurkari zuzena izango duen taldeetako bati egingo dio bisita Imanol Alvarezen taldeak: Guardes (18:30, Teledeporte). Irabazi, eta sasoiko lehen kolpea eman nahi du Bera Berak.

Asteazkenean, azken unean irabazi zioten donostiarrek Malagari atzeratutako partida: 27-28. Kosta egin zitzaien aurkariaren defentsan zuloak topatzea, batez ere geldikako jokoan ezin izan zuten ohi bezain bizi jokatu. Baina sufritzen jakin zuten, eta azken minutuetako gol trukean nagusi izan ziren. Hala, lehen partidak irabazi dituen lau taldeetako bat da, Guardes, Gijon eta Ro'Casarekin batera. Lider, hala ere, Galiziako taldea da, gol aldeagatik. Aise hartu ditu mendean Valentzia (43-24) eta Zuazo (22-28). Talde eraberritua du, sei fitxaketa egin baititu: Meriem Ezbida, Sarah Valero, Sara Bravo, Lorena Perez, Paulina Perez eta Carmen Campos. Lehia estua espero da, azken bi denboraldietan bien artean erabaki baita liga.

Bera Berak azken orduko berri txarra izan du: Silvia Arderiusek min hartu du, eta bizpahiru astez egongo da jokatu gabe. Donostiarrek ez dute zorterik lesioekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.