Desinformazioaren auziak ardaztuko du 2023ko dFeriaren egitaraua

Martxoaren 13tik 16ra egingo dute jaialdia. Aurrerapen gisa, Peeping Tom Belgikako konpainiak ikuskizun bikoitza aurkeztuko du bezperan

Peeping Tom antzerki konpainiako kideak. DONOSTIA KULTURA.
itziar ugarte irizar
2022ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Fake news edo albiste faltsuak. XXI. mendeko gizartearen elementu adierazgarrienetako bat bilakatu dira azken hamarkadan, eta horiek izango ditu, hain justu, elementu zentral 2023ko dFeriak. Donostiako arte eszenikoen jaialdiak 29. aldia izango du heldu den urtekoa, eta martxoaren 13tik 16ra egingo dute, hiriko bost espaziotan zabalduko diren agertokietan. Antolatzaileek aurrerago aletuko dute egitarau osoa, baina oraingoz jakinarazi dute 370 konpainiak bidali dizkietela proposamenakaurten, eta horietatik 30 bat ikuskizun aukeratu dituztela, denera. Guztiek izango dute loturarik engainuekin, faltsifikazioekin, desorientazioarekin eta teknologia berrien hedapenak ugaritu dituen bestelako manipulazioekin.

Arduradunek aurreratu duten beste elementu bat kartela da. Jokin Oregi MrSortwo-k egin du, eta, desinformazioaren aroari keinu eginez, egiazkoaren eta faltsuaren artean bereizteko zailtasunak izan ditu gogoan hura ontzean. Azaldu du antzerkiaren eszenografia eta esentzia abstrakzioarekin eta figurazioarekin uztartu gura izan dituela. Oregi: «Bi pintzelkadekin antzerkiko oihala irudikatu dut, eta paisaia bat eratzeko horiek sortzen dituzten espazioekin jolastu. Emakumeak antzezlea sinbolizatzen du, edo berdin oihalaren beste aldean egoten diren pertsonak ere».

Datorren urtean beteko ditu 30 urte dFeriak, eta urtemugaren bezperako urtea izango da, hala, aurtengoa. Ohi duenez, bertako eta nazioarteko antzerki eta dantza emanaldiak bilduko ditu, eta, ikusleentzat soilik ez, erakusleiho nabarmena izango da programatzaileentzat ere.

Ziurgabearen koreografiak

Martxoaren 13tik 16ra egingo da jaialdia, astelehenetik ostegunera arteko astegunetan, baina aurreko asteburura ere luzatu dute programazioa aurten ere. Aurrerapen horretan, Peeping Tom konpainia belgikarrak Diptich: The missing room and The lost room ikuskizuna aurkeztuko du Viktoria Eugenia antzokian, larunbatean eta igandean. Hainbat pertsonaia atera ezin diren espazioetan harrapatuta agertuko dira emanaldian. Errealitatearen eta irudimenaren artean mugituko dira, naturaren indarrei segika eta ortzimuga ziurgabe baterako bidean. Gabriela Carrizo eta Franck Chartier dira lanaren sortzaileak eta zuzendariak, eta mundu misteriotsu, itxi eta ilun bat sortuko dute agertokian, mugimendu koreografikoen eta muturreko interpretazioen bitartez; horiek dira, hain justu, Peeping Tom konpainiaren ezaugarri bereizgarrienetakoak.

Emanaldi horietarako sarrerak gaur bertan jarriko dituzte eskuragai, 11:30etik aurrera, Viktoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta Donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.