Leihoa inspirazio iturri

Sergek bigarren diskoa kaleratu du: 'Leihotik mundura'. Zortzi kantuk osatzen dute, eta orain arteko bere lanik pertsonalena dela esan du

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
«Terapia modura hasi nintzen idazten». Hala dio Sergio Ruiz G.Txabarri musikariak (Zarautz, Gipuzkoa, 1975), eta horren erakusgarri da disko berria: Leihotik mundura (Elkar). Pandemia garaian idatzitako lana da, eta itxaropenari zabaldutako leihoari egiten dio erreferentzia, entzulea ibilbide horretako konplize eta bidaide bihurtu nahi baitu. Zortzi kantuk osatzen dute diskoa, eta Zestoako (Gipuzkoa) Gaztain estudioetan grabatu du, Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean. «Oso rol garrantzitsua du Eñautek disko honetan». Izan ere, produktorearen laguntzari esker, sintetizadorea eta perkusioa sartu ditu abestietan, eta «oso kantu jantziak» egitea lortu dute.

Eraso taldeko musikaria da Serge, eta, taldearekin zazpi disko kaleratu ondoren, bakarkako ibilbidea hasi zuen duela bi urte, 2019an. Gari Berasaluzeren olerki sortarekin ondutako Enarak itzuli dira estreinako disko-liburuarekin abiatu zuen bere bakarkako ibilbidea. Orain, berriz, berak idatzi eta sortu ditu abesti guztiak, «kantu bat izan ezik»: Amaitu gabeko puzzleak. Gari Berasaluze izan da hitz horien sortzailea, gainerako kantuak fintzen lagundu dion txikitako laguna. Emaitza, berriz, hauxe: «Orain arteko proiekturik pertsonalena sortu dut».

Gai «sakonak» jorratu ditu abestietan. «Itxialdian idatzitako kantuak dira, eta asko igartzen da». Abeslariaren kezkak eta zalantzak agertzen dira islatuta hitzetan gehien bat, eta, biluzte ariketa horri esker, «barruko minak» kontatzeko aukera izan du. «Beharbada, ez zen nire momenturik onena, baina terapia moduan idazten nuen». Hala ere, gerora, horiek «garbitzeko edo janzteko» aukera izan zuenez, diskoak «beste itxura bat» hartu duela azpimarratu du. Izenburuak ere kantuak idazteko «metafora horri» egiten dio erreferentzia: «Leihotik begira idazten nituen kantuak, eta munduari abesten nion».

Hitzetan arreta jarriz gero, «nahiko letra tristeak» direla nabarmendu du musikariak. «Hala ere, tartean, badaude itxaropenari zabalduta dauden argi izpiak ere». Diskoaren azalean ere, agerikoa da itxaropen hori. Zehazki, alabak itxialdian egindako marrazki koloretsu bat erabili du azaleko diseinu gisa: «Leihoz betetako eraikinak ageri dira irudian, oso kolore bizikoak, aitak horrenbeste aipatzen dituen malko, hosto eta udazkenekin kontrajarrita». Horrela, diskoaren barnean aurkitu ez duen kolore hori islatzea lortu du azalaren bitartez.

Zuzenekoetarako gogoz

Azkenengo emaitzarekin «oso gustura» dago musikaria. Hala ere, «ez da erraza izan» diskoa kaleratu arteko ibilbidea egitea. Horrez gainera, abeslariak onartu du pandemiaren ondorioz «zaila» dela zuzenekoak emateko egoera.

Lana kaleratuta, aste honetan hasiko da aurkezpen kontzertuak ematen, eta, aurrera begira, bost kontzertu iragarri ditu. Ostiralean izango da lehenengoa, Munitibarko kultur etxean (Bizkaia). Larunbatean, berriz, Lekunberriko Printza gaztetxean egongo da (Nafarroa), eta martxoaren 14an eta 20an Bilboko Bira kulturgunea eta Añorgako kultur etxea (Donostia) bisitatuko ditu, hurrenez hurren. Gasteizen, berriz, apirilaren 22an aurkeztuko du lan berria, Oihaneder Euskararen Etxean.

Zuzenekoak emateko gogoz dago, eta hemendik aurrera pixkanaka kontzertuen zerrenda osatuz joatea espero du: «Orokorrean, musikariok ate asko itxita dauzkagu, eta ez gaude gure momenturik onenean, baina poliki-poliki hasiko gara mugitzen eta kontzertu gehiago ematen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.