Emakumeen Bira. Emma Johansson. Wiggle taldeko txirrindularia

«Etsitzeko zorian egon naiz sarritan; buruz oso indartsua izan behar da»

Lasterketa hasi aurreko tentsioarekin, baina Euskal Herriari eta euskal zaleei maitasun keinuak bidaliz hitz egin du suediarrak. Irabaziz esan nahi zuen agur Emakumeen Biran, baina makalduta utzi du tripetako azken orduko arazo batek.
LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Unai Zubeldia -

2016ko apirilak 14
«Bizikletarekin edo gabe, baina beti itzuliko naiz Euskal Herrira». Emma Johanssonek (Solleftea, Suedia, 1983) leku kutuna du Iurreta-Durango ingurua. «Ilusioz gainezka» zegoen azken aldiz Birari ekiteko, baina botaka eta tripako minez ibili zen atzo, erlojupekoari ekin baino minutu gutxi lehenago. «Ez dakit zer gertatu zaidan», aitortu zion BERRIAri lanak amaitu berritan. «Zorabiatu, eta botaka hasi naiz bat-batean. Taldekideei lagunduko diet, behintzat».

Euskal Herria eta Emma Johansson. Lotuta beti, ezta?

Oso gustagarria da Biran egotea, hemen hasi baitzen nire kirol ibilbidea. Lagun asko dauzkat Euskal Herrian, eta ilusioz gainezka egoten naiz beti hemen lehiatzeko.

Herenegun argi gelditu zen ondo prestatuta zaudela? [Ondoren sentitu zuen ondoeza].

Bai, bai. Kontua da Bira ekainean izaten zela normalean, eta aurten oso goiz iritsi dela; niretzat, goizegi. Klasikoetarako prestaketa egin dut azken asteotan, eta desberdina izaten da eguneroko lana. Maiatzean, normalean, entrenamendu luzeagoak egiteko pare bat aste izaten ditut, mendateak-eta sartuz. Baina tropel guztia antzera iritsiko da. Fleche Wallone dugu hurrengo asteazkenean, eta Bira egokia izango da prestaketarako.

Birak zer esanahi dauka zuretzat?

Gogoan daukat etorri nintzen lehen urtean atze-atzean ibili nintzela etapa guztietan, eta izugarri sufritu nuela. Baina oso polita da inguru hau. Freskotasuna, mendateak? Entrenatzen hasi, eta argazki bati begira zaudela ematen du. Izugarri gustatzen zait, eta zer esanik ez gaur [atzo] bezala eguzkia ateratzen duenean! Durangon, 22 gradutan geunden, eta hamarrera jaitsi ginen lau minutuan, baina antzeko zerbait gertatzen zait Norvegian ere, orain bizi naizen lekuan.

Agurreko urtea duzu aurten. Horrek are bereziago bihurtuko al du Bira?

Ez dut gehiegi pentsatu nahi horretan. Lasterketa guztietan gozatu nahi dut, eta ahal dudan guztia egingo dut proba denetan. Hurrengo urtean Wigglen jarraituko dut, baina babesleekin lanean, mendiko bizikletarekin, ziklo-krosean? Baina, ia ziur, ez naiz itzuliko hona Bira irabazteko erronkarekin.

Ibilbide dotorea egiten ari zara txirrindularitzan, baina hasi, eskiarekin hasi zinen, ezta?

Umetan iraupen eskia egiten nuen, baina 11-12 urterekin mendiko bizikletarekin hasi nintzen, eta 17-18rekin heldu nion errepidekoari.

Familiatik datorkizu txirrindularitzarekiko afizioa?

Ez, ez. Nire gurasoek inoiz ez dute egin kirolik. Anaiak, berriz, ni baino helduagoa denak, iraupen eskia egin izan du beti, eta mendiko bizikleta ere bai. Hari segika hasi nintzen, baina ni bakarrik pasatu nintzen errepideko txirrindularitzara.

Izar bihurtuta zaude orain, baina lehen urteak ez ziren izan samur-samurrak, ezta?

Ez. Emakumezkoen kasuan, gazte mailan, garaipenak lortzen ditugu artean, baina tarteko maila bat falta zaigu, bat-batean elite mailara igarotzen baikara. Oso-oso gogorra da pauso hori. Flandriako Tourrean ere, lehen urtean, Bizkaia-Durangorekin, bizpahiru kilometro egin eta jota nengoen. Emakumezkoontzat zailagoa da dena. Etsitzeko zorian egon naiz sarritan; buruz oso indartsua izan beharra dago. Bizikletan ibiltzeaz gain, ikasi edo lan egin beharra dago, etxetik kanpo zaude, tropelaren atzealdean? Horrela oso zaila da aurrera egiteko indarra izatea. Horregatik, asko daukat eskertzeko Bizkaia-Durangori, familia baten gisakoa baitzen talde hura. Gogorra izan zen hasiera, bai, baina lagunak izango ditut bertan betiko. Oso giro ona geneukan taldean, eta asko lagundu zidaten.

2005ean iritsi zitzaizun Bizkaia-Durangoren deia.

Bai. Herbehereetan nengoen orduan, familia bati umeak zaintzen laguntzen. Talde bila nenbilen, eta Bizkaia-Durangok bi leku bazeuzkala esan zidaten Van Drenthe klasikoa lehiatzeko. Haiekin parte hartu nuen, baina erori eta hatz bat hautsi nuen. Gorako azken pauso hori inoiz ez nuela emango pentsatu nuen orduan. Luis Llamas agertu zen, ordea [Cannondalen dabil lanean], eta beste lasterketaren bat ere lortuko zidala esan zidan. Horrela hasi zen dena.

Nola gogoratzen duzu Euskal Herrian igaro zenuen garaia?

Maitane eta Naiara Telletxearekin egoten nintzen beti, haien gurasoekin... Agurtzane Elorriagarekin ere bai... Iurreta-Durango inguruan ibiltzen ginen gehienetan.

Euskaraz ere moldatuko zara, orduan, elkarrizketa egiteko...

Ez, ez, ez. Ezinezkoa da hori! «Zorionak», «eskerrik asko», «agur» eta beste hitzen bat bakarrik dakit. Euren artean euskaraz egiten zuten beti, eta Maitaneren senarrak, esaterako, kostata hitz egiten du gaztelaniaz. Hiru haur dauzkate, eta ezin izaten dut hitz egin haiekin, euskaraz bakarrik dakitelako [barrez].

Gustatzen zaizu aurtengo ibilbidea?

Ezagutzen dut ingurua, baina ez dut aztertu zehatz. Etapa oso motzak dira, eta niretzat egokiagoak dira luzeagoak. Baina hauxe dago. Talde indartsua dugu, eta ardura hartzen saiatuko gara, etapak gogortzen eta tropela hausten

Zein dira Emma Johanssonen lau-bost faboritoak?

Megan [Guarnier], Evelyn Stevens, Ashleigh Moolman, Carmen Small eta Claudia Haussler.

Zer esango zenieke zaleei?

Gu animatzera etortzeko. Izugarri eskertzen dugu haien babesa, eta txarteltxoak prest dauzkat nahi duten guztiei sinatuta emateko [barrez].

Nola barneratzen da prestatzailea etxean edukitzea [senarra da entrenatzailea, Martin Vestby txirrindulari ohia]?

Profesionalak gara, baina ohiko bikoteak baino sarriago joaten gara norabait afaltzera, etxean beti daukagulako lana buruan. Elkarri arauak jartzen asmatzea, horixe da gakoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna