Neurrira jositako eromen bat

Musika Hamabostaldiak Gioachino Rossiniren 'Italiarra Aljerren' opera emango du Donostian, bihar eta heldu den larunbatean. Joan Anton Rechik zuzendu du eszena, eta Pablo Arrivabenik musika
Donostiako Kursaaleko auditoriumean estreinatuko dute, bihar, Giochino Rossiniren <em>Italiarra Aljerren</em> opera.
Donostiako Kursaaleko auditoriumean estreinatuko dute, bihar, Giochino Rossiniren Italiarra Aljerren opera. JON URBE / FOKU

Itziar Ugarte Irizar -

2018ko abuztuak 10
«Eromen antolatu eta oso bat». Hitz horiek jarri zizkion Stendhal idazleak Gioachino Rossiniren Italiarra Aljerren operari, konpositorearen bizitzaz idatzi zituen lan ugarietako batean. Eta hitz horiek berreskuratu ditu Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariak obraren izaera ekartzeko: «Italiar tankerako opera guztiz eroa da. Umore hiperbolikoa du, astakeria bat beste baten atzetik dakarrena. Baina, noski, bikain idatzita dagoena. Musika aldetik zoragarria da». Musika Hamabostaldiak berak ekoitzi du ikuskizuna, Buenos Airesko Colon antzokiarekin eta El Escorialeko San Lorenzo jaialdiarekin (Espainia) batera. Eta bihar helduko da Donostiara; Kursaaleko auditoriumean estreinatuko dute, eta beste emanaldi bat izango da larunbatean; biak iluntzeko zazpietan.

Aurretik ere egona da Rossiniren obra hau Hamabostaldian. 1992an izan zen, eta Viktoria Eugenia antzokiak hartu zuen emakume italiarraren istorioa orduan. Ez zen oharkabean pasatu, gainera. Estreinaldiaren bezperan, talde osoa hiritik alde egitekotan izan zen, entseguetan partaideen artean sortu zen liskarren bat zela medio; hala jakinarazten zuen mezu bat jaso zuen Jose Antonio Etxenikek, orduan Hamabostaldiko zuzendaria zenak. Ez zen azkenean halakorik jazo; arrakasta handia izan zuen emanaldiak. Konpositore italiarra jaio zela 200 urte ospatu zuten orduan. Aurten, berriz, hil zeneko 150. urtemuga hartuko dute gogoan.

«Ume bat zen Rossini idatzi zuenean», aipatu du Alfayak. Izan, 21 urte zituen, eta 18-21 egun behar izan zituen bere ibilbideko obra gorenetako bat bilakatuko zena idazteko. Zehatzago, Rossiniren opera bufoen garai gorenean kokatu du Italiarra Aljerren Alfayak. Horien artean aipatu du, halaber, Sevillako bizargina, 2011ko Hamabostaldiak hartu zuena. Joan Anton Rechik zuzendu zuen haren eszenaratzea, eta eszena zuzendaria izan da Italiarra Aljerren operan ere. Rossiniren musikaren «maitalea» dela aitortu du: «Beti esaten dut egunean Rossini hamabost minutu entzuteak bizitza luzatzen duela, bizitzeko gogoa handitzen dizulako». Bizi gogo hori jarri du, hain justu, emanaldiaren erdigunean. «Operako une askotan dagoen bizitzarekiko alaitasuna transmititzea izan da erronka». Obrari ikusten dion «alde exotikoa» errebista generoaren bitartez saiatu da lortzen Rechi: «Errebista generoa apenas geratzen den hemen, baina bete-betean du emanaldiari eman nahi izan diodan ukitu magiko-fantastikoa».

«Ez da obra diskretu bat»

1940ko urteetan Aljeriako kostan dabilen Isabella emakume italiarraren joan-etorriak kontatzen ditu obrak. Mustafa deituriko botere gizonak esklabo hartua du haren gizongaia, Lindoro, eta hura askatzera abiatuko da Isabella Aljerrera. Mustafa «nekatuta» dago bere emazte Elvirarekin, eta bien arteko harremana bideratzera ere sartuko da italiarra. Mariana Pizzolano mezzosopranoa da Isabella operan. Halaxe deskribatu du pertsonaia: «Emakume oso indartsua eta argia da. Lurtarra erabat, eta bere helburuak lortzeko edozein bide erabiltzeko prest dagoena».

Kantuan bakarlari ariko dira, halaber, Santiago Ballerini tenorra, Lindororen rolean; Nahuel di Pierro baxua, Mustafarenean; eta Arantza Ezenarro sopranoa; Elvirarenean. Bere pertsonaia azaldu du soprano donostiarrak ere: «Mustafak ez du ezer gehiago jakin nahi nitaz; bera zerbait freskoaren atzetik dabil. Baina ni senarragatik borrokan nabil, denbora guztian. Are, Isabella ere etorriko zait aholkuak ematera. Kaosa dagoen une guztietan, hor nago ni».

Ahots altuena jarriko dio operari Ezenarrok. «Musika eramaten duen ahotsa da», azaldu du. Soprano batendako «tesitura ona» du obrak harentzat. «Apur bat tenkatuegia, tarteka», gehitu du. Agertoki gainean gainontzeko ahotsekin sortzen den konposizioa goraipatu du: «Musika eta eszenak konexio oso handia dute. Pasarte intimoenak eta kaos absolutua bikain nahasten dira; hori da obraren bereizgarriena, akaso».

Angelo Anelliren libretoaren eta Rossiniren arteko musikaren arteko uztarketa nabarmendu du Alfayak ere: «Normalean libretoko egoerek markatzen dute musika, baina, kasu honetan, lengoaia doa musikaren zerbitzuan. Musikak herrestan darama eszena: bera da protagonista». Adibide batekin osatu du: «Lehen agerraldiaren bukaeran, eszenako kantarien artean onomatopeia joko bat sortzen da, eta lengoaia deformatuz doaz musikan integratu arte».

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Easo abesbatza ariko dira musikan, Pablo Arrivabeniren zuzendaritzapean. Esperientzia luzea du XIX. mendeko operak zuzentzen Arrivabenik, baina aurreneko aldiz ariko da bihar Italiarra Aljerren zuzentzen. Rossiniren obra gehiago zuzendu izan ditu, eta beti da autore «zaila» harentzat, «obrek eskatzen duten zehaztasunagatik». Italiarra Aljerren operaren kasuan ere, eromenaren erdian dagoen zehaztasuna goraipatu du zuzendariak.

Easo abesbatzako hemezortzi abeslari ariko dira agertokian, eta ohi baino presentzia handiagoa izango dutela aurreratu du Sergio Pedrouso abesbatzako zuzendariak. «Ez da obra diskretu bat», aipatu du. Eta berretsi egin du Alfayak: «Energiaz betetako opera bat da; ez du atseden hartzeko pausarik uzten, ez interpreteei, ez publikoari. Ekintza dago beti». Stendhalen beste esaldi bat jarri du ondotik: «Munduko tristura guztiak ahantzarazten dituen musika da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna