EIBAR 1 VILA-REAL 0

Urrezko bi txanpon altxorrean

Eibarrek maila ziurtatzeko garaipena lortu du Vila-realen aurka, eta Europarako lehian segitzeko ere balio dio. Kike Garciak sartu du gol bakarra, lehia hasi eta ordu laurdenera.

Dani Garcia, Kike Garcia atzoko goleatzailea, Charles eta Escalante atzoko gola ospatzen, Orellana, Pedro Leon eta Junca inguruan dituztela.
Dani Garcia, Kike Garcia atzoko goleatzailea, Charles eta Escalante atzoko gola ospatzen, Orellana, Pedro Leon eta Junca inguruan dituztela. GORKA RUBIO / A. PRESS

Aitor Manterola -

2018ko martxoak 1

Golak. 1-0: Kikek (16. min). Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak: Eibarreko Arbilla, Junca, Orellana eta Dmitrovici; eta Vila-realeko Alvaro etaGasparri. Bestelakoak. 4.056 ikusle Ipuruan.

Garaipenaren bidera itzuli da berriz ere Eibar, bi partida segidan galdu eta gero. Vila-real menderatu zuen atzo gauean Ipuruan, eta sekulako balioa dauka garaipenak: batetik, mailari eusteko ziurtasuna ematen dio, eta bestetik, Europarako lehian jarraitzeko balio dio, seigarren den Vila-real, atzoko aurkaria, hiru puntura duelako; zazpigarren lekuan da orain Eibar.

Vila-real hasi zen nagusitzen aurreneko minutuetan, baloia ondo erabiltzearen eraginez. Ez bazituen ere baloi jabetza luzeak egin, lauzpabost pase elkarren segidan ematearekin zelaiaren erdian nahikoa izan zitzaion. Baina berehala hartu zion gaina Eibarrek. Hamargarren minututik 25.era etxekoak menperatu zuten partida, ohiko jokoa eginez.

Aurkariaren zelaian jokatu zen Eibar agintari izan zen tarte luzean. Zortzigarren minutuan sortu zuen aurreneko aukera, eta Charles ez zen iritsi lehen zutoinean Kikek jarri zion baloira, eskuin hegaletik. Nagusitasuna aukeretan gauzatzea falta zitzaion Jose Luis Mendilibarren taldeari, eta hamaseigarren minutuan lortu zuen aukera ona sortzea, eta gainera, gola sartzea. Talde lan apartak ekarri zion saria: Dani Garciak berreskuratu zuen baloia Vila-realen zelaian, eta Orellanari eman zion, ezker hegalean. Barrurantz eraman zuen baloia, eta pase neurtua eman zion Pedro Leoni atzelarien bizkarrera, beste hegalean. Bederatzi hilabete geroago hasierako hamaikakora itzuli zen erdilariak azpitik egin zuen erdiraketa bigarren zutoinera, eta Kikek ezkerrez sarera bota zuen.

Merezitako saria zen etxekoentzat, eta golaren indarrarekin, nagusi izaten segitu zuen. Kikek bigarrena gertu izan zuen 24. minutuan, baina ez zioten utzi errematatzen atzelariek. 30. minututik aurrera, kanpotarrak korapiloak askatzen hasi ziren, eta 39. minutuan, Unalek buruz burukoa jokatzeko aukera galdu zuen Dmitrovicen aurka, berandu ibili zelako eta baloia atzean geratu zitzaiolako, arearen erdi-erdian zenean. Errematatu ere ez zuen egin. Kikek eman nahi izan zion erantzuna, baina Alvarok kendu zion baloia buruarekin.

Bigarren zatiaren hasiera aurrenekoaren antzekoa izan zen, Vila-real baloiaren jabe egin zelako, baina aukerarik sortu gabe. Eibarrek gero berdindu zuen lehia, baloia aurkariaren zelaian jartzen hasi zenean.

Aukerak bi taldeentzat

Azkeneko 25 minutuetan ireki egin zen partida, eta bi taldeek izan zituzten golak sartzeko aukerak. Orduan azaldu zen Dmitrovic, hiru geldiketa on egin zizkielako Martinezi eta Rabari. Eibarren onena Rukavinak kendu zion Escalanteri, korner batean bigarren zutoinean baloia bultzatzera zihoanean.

Bukaerako minutuetan, Eibarrek gehiago lotu zuen partida, eta ez zion aukerarik eman aurkariari berdinketa lortzeko. Deigarria izan zen nola kudeatu zituen luzapeneko minutu gehienak, eskuin hegaleko kornerretik gertu, baloia bertan gordez. Mendilibar gabe ere [zigortua egon zen] badaki irabazten taldeak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna