Barne turbulentziak

Erika Elizarik irabazi du XXI. Igartza saria, 'Zendabalitz' izenburu duen nobela proiektuarekin. Hegazkin batetik atera ezinda geratu diren bidaiarien kezkak eta gogoetak osagai hartuta osatuko du narrazioa
ANDONI CANELLADA / @FOKU

Ainhoa Sarasola -

2018ko irailak 13
Hegazkin bat geldirik dago aireportuan, arazo tekniko bat dela-eta aireratu ezinik. Ehun bidaiari daude barruan, bertatik ateratzeko modurik gabe. Ezusteko egoera hori aukeratu du abiapuntutzat Erika Elizarik (Hernani, Gipuzkoa, 1988) bere lehen nobela osatzeko. Zendabalitz izenburua daraman proiektuarekin irabazi du XXI. Igartza saria, eta beka horren laguntzarekin idatziko du liburua. Aurreratu duenez, hainbat bidaiariri egoera horretan sortzen zaizkien barne kezkak eta gogoetak izango ditu kontakizuna osatzeko osagai nagusiak. Ondo bidean, urte eta erdi barru ikusiko du argia eleberriak.

«Hegaldi baten kronika kontatu nahi dut, bidaiarien barne bakarrizketen bitartez», azaldu du Elizarik, pertsonaien psikologian murgiltzea eta giza jokabidea arakatzea gogoko duela gehituta. Aireportuan harrapatuta geratzeak bidaiariengan kezka batzuk esnatuko ditu, eta horiek tartekatuko dira narrazioan. Zazpi pertsonaia sortu ditu, oso profil eta kezka ezberdinak dituztenak. «Horrekin jolastu nahi dut, batak eta besteak dituzten pentsamenduak kontrajarriz. Aldi berean, elkar eraginak egongo dira; haien artean harremanak sortuko dira, eta ezinbestekoak izango dira bidaiaren nondik norakoak erabakitzeko».

Pertsonaiek askotariko kezkak badituzte ere, iraganarekin nahiz geroarekin lotutakoak dira gehienetan —horregatik Zendabalitz izenburuarekin egindako jolasa—. «Iraganean gertatutako zerbaitetan edo etorkizunean gertatuko den zerbaitetan ari dira pentsatzen zazpi pertsonaiak, eta horrek ardurak sortzen dizkie». Ez duela oraina bizitzearen aldarri bat egin nahi argitu du egileak: «Planteatu nahi dudana da ea merezi duen iraganak eta etorkizunak sortzen dizkiguten kezka horiek guztiak edukitzea. Baina ez dut ezabatu nahi iraganak eta etorkizunak gugan duten eragina». Elizariren ustez, istorioaren oinarrian dagoena «nahiko dramatikoa» izan daiteke, pertsonaiek ere halakotzat dituztelako beren kezkak. «Baina nobelarekin bilatzen dudana da horri buelta ematea eta laztasuna kentzea denoi kezkak sortzen dizkiguten gai horiei».

Bideogintzatik letretara

Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute Igartza sariketa, idazle gazteei literatur proiektu bat garatzeko aukera emateko, eta 21. aldia du jada. Aurtengo irabazlearen berri atzo eman zuten Elkarreko editore Xabier Mendiguren Elizegik, Beasaingo alkate Aitor Aldasorok eta CAFeko ordezkari Joxe Begiristainek, Elizarirekin batera Donostian egindako agerraldian. Azaldu zutenez, hamabi proiektu aurkeztu dira aurten, sariketa «osasuntsu» dagoen seinale, eta Elizarirena hautatzea erabaki du Miren Amurizak, Garazi Kamiok eta Igor Estankonak osatutako epaimahaiak.

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua da Elizari, eta arlo horretan egin du bere ibilbide profesionala. Sormenerako «behar bat» beti izan duela eta orain artean bideogintzaren bidez ase izan duela azaldu zuen; idatzi ere idatzi izan duela, baina beti «oso era intimoan, gehiegi partekatu gabe». Sariketaren berri bazuen, eta irabazteko aukera «amets bat bezala» ikusi izan zuen beti. Aurten, baina, bere proiektua aurkeztea erabaki zuen. «Duela urte batzuk ipuin klasiko batzuen egokitzapenak egin nituen, baina hau izango da benetan literaturarekin izango dudan harremanik estuena».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna