Lointek Gernika Bizkaia 61 - 71 Valentzia

Aldeak ihes egin dio

Valentziak azken laurdenean partida hautsi dio Gernikari, eta hamar puntuko abantaila hartu dio Eurokopako final-zortzirenen joanekoan

Gernikako Gabi Ocete joko antolatzailea, atzo, saskiraketa bat egin nahian, Malosten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
mikel rodriguez
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Lointek Gernika Bizkaia. Ocete (8), Dietrick (13), Arrojo (10), Roundtree (6), Milic (16) —hasierako boskotea—, Alberdi, Ariztimuño (3), Diez, Mazionyte (2) eta Molina-Prados (3). Valentzia. Gomez (6), Casas (15), Brown (17) Abalde (4), Tirera (16), —hasierako boskotea—, Buch (4), Cotano, Gari, Raman (2) eta Reisingerova (7). Markagailua. 16-17, 32-29 (atsedenaldian); 50-46 eta 61-71. Epaileak. Marques, Jovovic eta Teixeira. Bestelakoak. Bete egin zen Maloste, Lointek Gernikak Eurokopan jokatu duen historiako lehenbiziko final-zortzirenetako partida hartzeko.

Zail paratu zaio lana Lointek Gernika Bizkaiari. Espainiako Ohorezko Mailako Ligan sasoi honetan Valentziaren aurka jokatu dituen partidetan berdintasuna izan da nagusi, baina atzo talde laranjak aldea egin zion Gernikari, eta bizkaitarrak hamar puntu gibeletik direla joanen dira Eurokopako final-zortzirenen itzuliko partidara (61-71). Barneko jokoa eta altuera dira Valentziaren bertuteak, eta Gernikak arlo horretan nabarmentzen diren bi jokalari falta zituen atzo: Nogaye Lo pibota eta Julie Wojta hegalekoa. Lehenbiziko hiru laurdenak hagitz lehiatuak izan ziren, baina azkenekoan argi nabaritu ziren talde bakoitzaren indarguneak eta hutsuneak.

Valentziak hobeki hasi zuen neurketa, eta lehenbiziko minutuetan errebotean, eta, oro har, barneko jokoan nagusitzea lortu zuen. Horri esker, lehenbiziko laurdenean sei puntutako aldea ireki zuen birritan (6-12 eta 9-15). Deseroso zegoen Gernika. Erasoko jokalari nagusiek, Blake Dietrickek eta Nikolina Milicek, ezin zuten valentziarren defentsa gainditu. Zuloak harrapatzea lortu zutenean, taldea piztu, eta 16-17raino hurbildu ziren lehenbiziko laurdenaren bukaeran.

Bigarrenean, berriz, Gernika izan zen nagusi. Zazpi puntutako aldea lortu zuen laurdenaren erdialdean (28-21), baina Valentziak azken minutuetan gehiago estutu zuen (32-29). Partidak itxura ona zuen Gernikarentzat. Dietrick eta Milic ongi ari ziren—serbiarrak biko bortz jaurtiketatatik bortzak sartu zituen lehen zatian—, Margaret Roundtree lan ona egiten ari zen defentsan eta erasoan —lau asistentzia eman zituen lehen hogei minutuetan—, eta defentsan nabarmentzekoa izan zen Belen Arrojo hegalekoak eta Gintare Mazionyte hegal-pibotak egin zuten lana. Horren ondorioz, Valentziako barneko hirukoteak, Joy Alexis Brownek, Meiya Tirerak eta Julia Reisingerovak hiruren artean zortzi puntu baino ez zituzten sartu. Partida bukaeran, ordea, hagitz bertzelakoa izan zen haien estatistika.

Milicen laugarren falta

Hirugarren laurdenaren lehenbiziko minutuak Gernikaren onenak izan ziren. Dietricken eta Milicen arteko loturak bikainak izan ziren, Valentziaren ordura arteko saskiratzaile onenak, Queralt Casasek, gutxiago asmatu zuen, eta laurdena bukatzeko bi minuturen faltan berriz ere zazpi puntu aitzinetik zen Gernika (48-41). Baina azken minutuetan, Dietrick eta Milic kantxatik kenduta, ahidura zantzuak erakusten hasi zen taldea, eta laugarren laurdenean susmorik okerrenak bete ziren. Lehenbiziko minutuetan nola-hala eutsi zuten bizkaitarrek, baina Milicek laugarren falta egin ondoren, 52-49 zirenean, ondorioak berehala nabaritu zituen Gernikak.

Erreferentzia nagusiaren jokoa guztiz mugatu zuen horrek, eta Valentziako barneko jokalariek kantxa gobernatzea lortu zuten. Markagailua irauli, eta bederatzi segundoren faltan egin zuten gehieneko aldea, 58-71. Itziar Ariztimuñok azken segundoan sartu zuen hirukoak gorputzaldi hobexeagoa utzi zien etxekoei, heldu den asteazkenean Valentzian duten egiteko zailari konfiantza gehiagorekin ekiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.