Albistea entzun

'Womanology' erakusketa: emakumeen soaren balioa

43 andrazko artista garaikideren 35 lan bildu ditu Bilboko Arte Ederren Museoak. Jose Ramon Prieto bildumagilearenak dira, eta irailaren 5era bitarte bisitatu ahalko dira

Laure Prouvosten <em>The hidden paintings grandma improved - feeling your gaze</em> artelana —horman— eta Dora Salazarren <em>Corsé f</em> eskultura.
Laure Prouvosten The hidden paintings grandma improved - feeling your gaze artelana —horman— eta Dora Salazarren Corsé f eskultura. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2021eko apirilak 30 - Bilbo

Arte garaikidearen erretratu bat, xehetasunez beterikoa, artista garrantzitsu andana baten obrek osatua; baina baita museo batek, emakumeek artearen historian izandako ezabaketaz jabetuta, egoera horri adabaki bat jartzeko hartutako erabakia ere. Bi aldeak batu dira, ezinbestean, Bilboko Arte Ederren Museoak irailaren 5era bitarte erakutsiko duen Womanology bilduman. Jose Ramon Prieto bildumagileak maileguan utzitako 43 obrek osatzen dute erakusketa, 35 izen ezagun eta esanguratsuk ondutakoak: Louise Bourgeois, Marina Abramovic, Jenny Saville, Barbara Kruger, Kara Walker, Marien Dumas, Dora Salazar eta Ana Laura Alaez dira lanok ondu dituzten artistetako batzuk.

Miguel Zugaza museoko zuzendariaren iritziz, erakusketa «salbuespen bat» da: «bitxikeria» iruditzen zaio, artearen historia «murriztailea» izan baita andreen jardunari dagokionez. Hala, erakusketak «museoa interpelatzen» duela adierazi du: «Erronka jotzen digu gure bilduma berrikusteko». Hasi dira dagoeneko: museoak Sofonisaba Anguissola (Kremona, Italia, c. 1533 - Palermo Italia, 1625) artistaren Santa Katalinaren ezkon hitz mistikoak (1588) olioa eskuratu du berriki, ezagutzen diren artistaren margo erlijioso urrietako bat; hori ere bisitatu daiteke dagoeneko.

Kontrara, Womanology-k XX. eta, batez ere, XXI. mendeko artisten obrak biltzen ditu, Prietoren belaunaldikoen lanak, nagusiki. Bildumagilea duela 25 urte hasi zen obrok biltzen, eta hasieran tokiko artistengan jarri zuen interesa, baina, berehala, nazioarteko artelanetara hedatu zen haren jakin-mina. Dena den, emakumezkoen artea izan zuen hasieratik jopuntuan, Prietoren hitzetan: «Beti izan dut interesa jakiteko emakumeek nola ikusten duten mundua, gizartea, politika, kultura... Nola ulertzen duten bizitza eta heriotza nire belaunaldiko artistek». Duela urtebete alboko esklerosi amiotrofikoa diagnostikatu zioten Prietori, eta, eriaren ondorioz hitz egiteko gaitasuna galdu duenez, bere bikote Ana San Josek irakurri zituen hark idatzitakoak. San Joserekin batera eginiko bidaiak, arakatutako galeria, areto eta askotariko erakusketa tokiak, artisten inguruko ikerketak eta, batzuetan, haiekin izandako gertuko harremanak: lan horren fruituak jaso ditu Womanology-k. Xabi Salaberria arduratu da muntaketaz.

Aniztasuna, oroz gain

Aldarri kutsua du erakusketak, eta izenburutik beretik iradokitzen da genero aldagaiak duen pisua, baina, hala ere, artelanen aniztasunak zaildu egiten du orokortzera jotzeko edozein saiakera. Izan ere, askotarikoak dira lanen euskarriak, teknikak, koloreak eta formak: kolorezko zein zuri-beltzezko argazkiak, arkatzez eginiko marrazkiak, mihisea bihurrituta sortutako eskultura bat, kobrearen gainean pintatutako obra bat eta buruaren ordez pantaila bat duen pieza bat batu dituzte, besteak beste.

Halaber, erakusketak soinu pieza bat ere badu eta, hain justu, halako bat aurkitu beharra zuela deliberatu zuen Prietok Womanology egingo zela jakin zuenean. Musikazalea izanda, bildumagileari iruditu zitzaion Susan Philipszen Too Much I Once Lamented (2019) soinu instalazioa egokia izan zitekeela «hausnarketarako, introspekziorako eta isiltasunerako gonbita egiten duen hitzaurre gisa», Lourdes Fernandez erakusketako komisarioak azaldu duenez. Bost kanalez osatuta dago, eta bildumaren atmosfera biribiltzen du. Fernandezen arabera, Philipszek «musika garatzen du, memoriaren eta soinuek sortu ditzaketen erreferentzien eta emozioen bitartez». Instalazioaren parean Marina Abramovicen Dragon Head (1990-1992) eta Pieta (1983) performancetako formatu handiko argazkiak jarri dituzte.

Era berean, bertan dago bildumagileak eskuratu duen azken pieza ere, berri-berria, artistak berarentzat eginikoa, eta Womanology-n erakutsiko dena lehen aldiz: Jenny Saville kotizatuaren Study for Pieta I (2021) marrazkia. «Pietate garaikide bat erakusten digu, artistaren familiak gorpuztua», zehaztu du Fernandezek, eta artistaren obra orokorrean sakondu du: «Bere margotzeko moduak transzenditu egiten ditu figurazio klasikoaren eta abstrakzio modernoaren mugak. Denboran gorputza islatzeko moduaren kontzientzia intelektuala eta zentzumenezkoa dago bere lanean».

Emakumetasun kritikoa

Gorputza du hizpide, orobat, Tracey Eminen obrak, komisarioaren arabera: «Ezaguna da bere lan gehienetan lehen lerroan kokatu zituelako emakumezkoen sexualitatea eta bizitza emozionala, hala nola traumak, maitasuna, gorrotoa, depresioa eta desira». Horren adierazgarri da erakusketak jasotzen duen Oh Fuck (2002) tapaki brodatua: hankak zabalik dagoen andre baten silueta ageri da bertan, eta, haren azpian, Sometimes it's just a matter of space esaldia (Batzuetan, espazio kontua baino ez da izaten).

Eminen artelana Louise Bourgeoisen obrarekin lotu du Fernandezek: «Tradizionalki femeninotzat hartutako elementuekin egin zuen lan hark ere: hariak, jostorratzak eta zeozer konpontzeko josturak, harentzat esanahia zuten oihalen gainean egindakoak». Erakusketako Pregnant Woman (2007) obra sortzeko, ordea, gouachera jo zuen artista frantziarrak, ohikoa zuen «etxeko eta amatasun kontuei kritika» egiteko: haurdun dagoen gorputz bat irudikatzen du silueta gorri lausotu batek, bururik gabekoa, eta bere sabelean orban gorri bat paratua dago, fetua irudikatzen duena.

Trazuez egina dago Kara Walker artistaren Raw Pigment (2016) ere, baina silueta bat baino gehiago ageri dira mihisean, gainjarrita, eta koloreak ere ugariagoak dira: marroia, gorria, beltza eta urdina uztartu ditu Walkerrek figurak mamitzeko. Ez da artistaren ohiko estiloa, halere, eta horrek «are interesgarriagoa eta originalagoa» bilakatzen du pieza, komisarioaren ustez. Azaldu duenez, Walkerren lan egiteko teknika da paper beltzez eginiko siluetak ontzea hondo zuri baten gainean. Alabaina, bere obren betiko gaiak ditu hizpide Womanology-ko pinturak ere: «Arrazaren, generoaren, sexualitatearen eta indarkeriaren inguruko jakin-mina islatzen du, eta bere obrak erabiltzen ditu arrazen arteko berdintasun faltaren sorburua aztertzeko tresna gisa».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Begirada da idazle baten baliabiderik inportanteena»

Ainhoa Sarasola

Molde laburrean aritzea da Linazasororen marka, baita umore garratza, absurdoa eta ironia baliatzea ere. Hala ondu ditu bere azken bi liburuak ere, ibilbide osoan landu duen estiloari eutsiz.
Maialen Lujanbio bertsolaria, <em>rr #5 marrak</em> emanaldian; gaur Iruñeko Laba gunean egingo du. ©BERRIA

Garai bat, mila prismatan puskatua

Iñigo Astiz

Maialen Lujanbio bertsolari eta sortzaileak egungo garaiaren «erradiografia mugitu bat» taularatu du 'rr #5 marrak' izeneko emanaldi hibridoan. Iruñeko Laba gunean arituko da gaur
Natalia Suarez artista, bere lanetako batzuekin. ©GASTEIZKO UDALA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...