Berri ona, kantxan

Agirrek eta Albisuk 22-14 irabazi diete Jakari eta Zabaletari, Binakako finalerdietako ligaxkan. Agirrek lehia bikaina jokatu du aurrean

Asier Agirre pilotari jotzen. Hura izan zen atzoko partidako onena. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Gogorra izan da astea Baikoko pilotarientzat. Herenegun hamabi greba egun egingo dituztela iragarri zuten. Kantxan, ordea, albiste ona jaso zuten. Izan ere, atzo, bi enpresakidek, Agirrek eta Albisuk, garaipena lortu zuten Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldian. 22-14 hartu zituzten mendean Jaka eta Zabaleta, eta hala aukerekin segitzen dute finalean egoteko. Aspekoak, berriz, apenas dute aukerarik.Atzoko garaileek Ezkurdiaren eta Martijaren aurka izango dute jokoan finalera sailkatzeko aukera. Atzoko neurketan 640 pilotakada jo ziren, eta 69 minutu iraun zituen.

Koronabirusaren pandemiak eragindako itxialdiaren aurretik jokatutako lehen jardunaldian, bi bikoteek galdu egin zuten. Horrenbestez, kale edo baleko neurketa zen atzokoa bientzat.

Jaka eta Zabaleta ziren faborito,eta 2-0 aurreratu ziren, Albisuk galdutako bi piloten ondoren. Partida hasiera ez zen ona izan. Zabaletari kosta egin zitzaion norgehiagokan sartzea, eta lehen tantoetan Albisuk agindu egin zuen. Hori baliatu zuen Agirrek hainbat tantotan ausart jokatzeko. Atzoko lehian hori egin behar zutela garbi zuen Baikoko bikoteak, eta hala jokatuta 3-6 aurreratu ziren.

Agirre hasierako urduritasunak bazterrean uzten joan zen. Lasoren ordez aritu zen, Baikok kontratua eten ziolako, eta esana zuen ez zela egoera erosoa beretzat, Lasoren oso laguna baita. Zabaletak ez zuen lortzen pilota luze jotzea, eta Jakak ezin zuen nahi beste jokoan sartu. Ezker horman utzitako pilota batekin bost tantoren aldea lortu zuten Agirrek eta Albisuk: 10-5.

Baina Zabaleta neurketan sartzen hasi zen, eta atzo gorriz jantzitako bikoteak eskertu zuen.Lan erdietan hiru tantorenaldea zuten Agirrek eta Albisuk: 11-8. Ederra izan zen haien hamabigarren tantoa, laugarren koadrotik boleaz jo zuen Albisuk, baina Jakak ezin izan zuen jaso.

Atzetik joanda, beste zerbait behar zuten gorriek partida iraultzeko. Neurketa aurrera joan ahala, tantoak amaitzea gero eta gehiago kostatu zitzaien bi bikoteei.Hasiera batean, finago aritu ziren Jaka eta Zabaleta lan horretan, eta Agirrek ez zuen asmatzen. 12-11 ere jarri ziren galtzaileak, eta bazirudien partidaribuelta emateko moduan izango zirela.

Baina ez zen horrela izan. Agirrek eta Albisuk ondo estutu zituzten hortzak, eta berdin jarraitu zuten lanean. Albisuk atzeko koadroetan sendo, eta kantxa ondo betez, eta Agirre bere aukerak baliatzen aurrean. Hura izan zen partidako onena. 11 tanto egin zituen, eta bi baino ez galdu.

Agirre, pozik

Pixkanaka aldea areagotzen joan ziren urdinak,Zabaletak egindako pare bat akats baliatuz. Ederrak izan ziren garaileen azken bi tantoak. Agirrek egin zituen, pilota txokoan utzi zuen aurrenekoan, eta horma biko eder bat egin zuen bigarrenean.

Lehia amaieran pozik zen Agirre. «Libre jokatu dut, eta gustura sentitu naiz. Albisuk ere lan izugarria egin du. Zabaletak gehien jo duen uneetan ederki eutsi dio, eta hori izan da partidan garaipena lortzeko gakoetako bat.

Gaur jokatuko da jardunaldiko beste neurketa. Lehen jardunaldiko bi garaileek neurtuko dituzte indarrak: Olaizola II.ak eta Urrutikoetxeak, Ezkurdiaren eta Martijaren kontra. Eibarko Astelenan jokatuko partida. Jaialdia 17:00etan hasiko da, eta. ETB1ek emango du. Olaizola eta Urrutikoetxea ageri dira faborito, baina Ezkurdia eta Martija bikote gogorra eta sendoa dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.