Gasteizko jaiak

Beteranoek ezarritako erritmora

Sei eguneko zorabialdian azken geltokia dute gaur Andre Mari Zuriaren jaiek, iritsi baita Zeledonek aurten agur esateko unea. Aurretik, festaz gozatzeko kemena eta grina agerian utzi dute adineko neskek eta blusek, eta sukaldean ere trebeak direla erakutsi dute kuadrilletako kideek.

Mokadua. Opilak eta moskatela izan dituzte zain beteranoak, mezatik ateratzean. JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
Ivan Santamaria - Eider Etxeberria
2018ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Azken txanpan sartu dira Gasteizko festak, eta Haurren Egun arrakastatsuari jarraitu dio neska eta blusa beteranoak omentzeko unea. Goiztiarrakdira adinekoak. Goizeko bederatzietan elkartzen hasi dira, egunotan festa ekitaldien epizentro bihurtu den San Migelgo elizan egingo den mezan.

Urtero bezala, neskarik eta blusarik beteranoenak kuadrilla bakar batean bilduko dira, egun batez jaia goizetik gauera gozatzeko. 150 lagun inguru elkartuko dira aurten. Probatzen duenak, errepikatu ohi du, antolatzaileek esan dutenez. Indarrak ez daitezen falta, apaizak predikua amaitu duenerako opilak eta moskatela zain dituzte elizatik ateratzen direnak. Gustura hartu dute eskaintza, usadioak agintzen duenez, opila ardotan bustita jaten hastean.

Ez du moskatelaren inolako beharrik izan Ofelia Gonzalez de Aspuruk. Bederatzigarren urtez berak dantzatu dio ohorezko agurra Andre Mari Zuriaren irudiari. Ohituta egoteak ez dio ekitaldiari berezitasuna kentzen. «Urte osoa pasatzen dugu dantzan, baina Ama Birjinaren eguna urteko onena da. Oso gustura aritu naiz», esan du dantzariak.

Agurraren ondoren, Begoña Ortiz de Zaratek lore sorta igo dio Andre Mari Zuriaren irudiari. Bi blusa eta neska beterano omentzeko unea da segidan. Aurten, Isabel Gutierrezi eta Aurelio Espinosari lepoan jantzi dizkiete zapi gorriak joan den urteko omenduek. Ama Birjinari begira hunkituta dabil Gutierrez. «Bihotzean daramadan zerbait da», azaldu du. Kuadrillako kide eta lagunen eskuetatik zapia jasotzeak harrotasunez puztu du: «Zoragarria da niretzat».

Beteranoak, bai, baina antolatuak, ere bai. Goiz osoa betetzeko egitaraua badute blusek eta neskek. «Dantzatzea eta jatea da jende honek buruan duen bakarra», esan du Gonzalez de Aspuruk, irribarrez. San Migelgo eginkizunak amaituta, badoaz Plaza Berriko dianetara, udal bandarekin. Ondoren, Artepan okindegiak txoripana eskainiko die, eta handik, kalejiran joango dira Ateen Iturriraino, bigarren mokadu bat hartzera. Animatu direnek elkarrekin bazkalduko dute Manuel Iradier kaleko jatetxe batean.

41 urte pasatu dira beteranoak elkartzeko eguna lehen aldiz antolatu zenetik. Horren sortzaileizan zen Javier Cameno blusa beterano eta kazetaria. Huts egin ezin duen egun berezia da harentzat. Garaien aldaketen lekuko ere izan da. «Hasi zenean, soilik gizonak ateratzen ginen. Gaur egun, gizonak baino emakume gehiago ateratzen dira kuadrilla honetan. Gizartea aldatu da, eta guk eboluzionatu behar dugu, gizartearen parte ere bagarelako». Los Silenciosos kuadrilla historikoaren blusa soinean jantzita, zeruari begira ere badabil Cameno. «Ea ez duen asko berotzen, izorratuko gaituelako». Azkenean jo du, bai, eguzkiak.

Aldakak astintzen

Nagusientzako beste txokorik ez da falta. Horietako bat da Nekazariak kuadrillakoek antolatzen duten meneito dantzaldia. Aurten plaza ez delarik bete, gazteek ere lagundu dute. Dantzaldiari ekin diote beteranoek, pasodobleak eta bestelako melodiak jo dituen New Tocados bandak lagunduta,

Juli Caldito Cacerestik (Espainia) etorri zen 1964an, eta urteak daramatza bere bikote Julian Vazquezekin dantzaldian parte- hartzen. Urte barruan, Florida parkeko dantzaldietara joan ohi dira, baina«haien erara» dantzatzea gustuko dute. Calditoren iritziz, «giro ona egon ohi da urtero, baina aurten jende gutxi dabil». Denetariko dantzariak daude, gazteak eta haurrak ere bai. Bi haur txiki, hain zuzen, plazaren erdian ibili dira elkarri helduta. Gazteek lotsa etxean utzi dute egun honetarako. Beste haur txikiago bat ere sartu da bere amarekin. Haurra, pozik, bere buruaren inguruan jiraka ibili da, pasodobleak dantzatuz, irribarre zabala aurpegian duela.

Zenbaitek ez dute bikoterik lortu, eta dantzaldia ikusten gelditu behar izan dute. Baina, bikotea izanagatik ere, batzuek askatuta dantzatzea nahiago dute. Era askotako dantza bikoteak ikus daitezke: mistoak, ez-mistoak, adin ezberdinetakoek osatuak... Dantzarien artean bada bikote deigarri bat: emakume gazte batek adinean aurreratutako gizonezko bati heltzen dio. Zenbakia ere badaramate dantzariek. Baten bati erori ere egin zaio, dantzan burubelarri zebilela.

Musika lasaia baino dantzagarria da. Haize instrumentuak eta perkusioak daude oholtza gainean, eta erritmo biziagoak ere jo dituzte. Bikote batzuk kontzentrazio handiarekin dantzatzen dira. Bakoitzak bere erara dantzatuta, giro lasaia eta atsegina dago. Emakumezko batek gazte bati galdetu dio ea zergatik ez duen dantzatzen, eta esan dio horrela ez duela ikasiko dantzatzen.

Rosi Molinerok eta Francisco Aldeanok ere badute eskarmentua: 2013an eta 2016an dantzaldiko irabazleak izan ziren. Aldeanoren hitzetan, garrantzitsuena da «parte-hartzea eta ondo pasatzea». Urte osoan egiten dute dantzan: neguan Circulo aretoan eta udan Floridako parkean. Ikusten da haien arteko konexioa, eta kontzentrazio handiarekin jarraitzen dute musika.

Bikoteek konpasa eramanez gogor heltzen diote kideari. Denborarekin, jende gehiago animatu da. Guztira, hamazortzi bikote ari dira. Irabazleentzako dominak banatu dituzte, hiru bikoteri hain zuzen. Sinpatiko, dotore eta publikoaren faborito direnek eraman dituzte dominak etxera. Baldarrenei ogi barra bat eman diete.

Txirritan, sukaldari onenak

Abuztuaren 8a beteranoen lurraldea da, baina festen egitarauan klasiko bihurtu diren beste deialdi batzuk ere ez dira falta. Horien artean dago Bereziak taldearen ekinbidez mende laurdena bete duen kuadrilla arteko sukaldaritza txapelketak. Plaza berrian neskak eta blusak goizeko hamarretan elkartu dira, epaimahaia konbentzituko duen gutizia prestatzeko asmoarekin. Aurten, platerraren elementu nagusia Idiazabalgo gazta da.

Telebistako lehiaketen moduko berrikuntzekin ausartu dira blusak eta neskak. Txirritako Iñigo Grazianteparaluzeta eta Nestor Santxez de Ezpeleta aspaldiko parte hartzaileak dira. Tartar bat prestatzen ari dira, plater hotza. «Ajoblanco oinarri bat du, eta gero gainean du ahuakatea, tomatea eta gazta nahasketa bat», argitu du Grazianteparaluzetak. Ibili izan dira txapelaren atzetik baina ihes egin die. Eta ondoan dauden txuleta apartak? «Horiek kuadrillakoei hamaiketakoa emateko dira», esan du. Mokadu ederra.

Janaria ez ezik, Txolintxokoen «bereizgarria» ere bihurtu da plateraren aurkezpena. Iaz, eskorga txiki batean paratu zuten prestaturiko jakia, eta aurten beste buelta bat eman diote: txakur larrosa txiki bat, eta animaliei ura emateko plateraren barruan janaria. «Pintxo bat da. Azpian Idiazabalgo gaztarekin egindako torta bat du, gainean odolkiak, eta tipula karamelizatua, Pedro Ximenezekin», azaldu du Leire Ezeiza sukaldariak.

Buru-belarri dabiltza Zoroak kuadrillako Eder Santxez eta Izaskun Suso. Asiar estiloko samosa batzuk dituzte esku artean, eta konfiantzarik ez zaie falta. «Hauxe da hurrengo mastertxefa, kontuz», dio Susok, kuadrillakidea seinalatuta.

Iritsi da irabazleak izendatzeko unea, eta, aurten bai, aurten garaile atera dira azkenik Txirritako sukaldariak, Galtzagorrikoen goxuari aurrea hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.