Andre Maria Zuriaren jaiak

Azken haginkada eman diote festari

Zeledon zeruetara bueltatu da, eta bukatu dira Andre Maria Zuriaren jaiak. Udalak uste du festa onak izan direla, baina gertatu diren sexu erasoek «ilundu» egin dituztela. Blusen eta nesken kuadrillek antolatutako ekitaldiek eta hainbat janari dastaketak gozatu dituzte bukaerako orduak.

Solidarioa. Basatiek txorizoa patatekin eskaini dute, eta dirua elikagai bankuak jasoko du. ENDIKA PORTILLO / @FOKU.
Ivan Santamaria. Eider Etxeberria
2018ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Hartua du Zeledonek zeruetarako bidea, eta, horrenbestez, bukatu da Gasteiz sei egunez buruz behera jarri duen iskanbila. Asteburuan, Zeledonen jaitsierarekin eta Andre Maria Zuriaren egunarekin, ospakizunak oso indartsu hasi ziren, baina, jendetza apalduta ere, giroak azkenera arte eutsi dio. Ekaitz arriskuak mehatxatzen zuen azken eguna, baina eguraldi polita izan da azken egunean, gauera arte behintzat.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Estibaliz Canto Kultura zinegotziak gaur goizean aurkeztuko dute Andre Maria Zuriaren jaiei buruzko balantze ofiziala. Bezperan, presazko iritzi bat eman dute udalaren komunikazio bulegotik. Oro har pozik daude festak izan duten martxarekin. «Jende asko ibili da kalean, bereziki asteburuan, eta oso jai parte-hartzaileak izan dira», azaldu dute.

Haatik, badaude kaleko giro ona «ilundu» duten gertakari batzuk: emakumeen aurka eginiko hiru erasoak. Adingabe batek beste bati egindako sexu erasoa ikertzen ari da Ertzaintza, eta beste bi gizonezko atxilotu dituzte, emakumeei ukituak egitea leporatuta. Herritarren erreakzioa nabarmendu dute udal gobernutik. Esaterako, larunbatean gertatutako erasoan: «Tabernako jendeak harrapatu zuen erasotzailea, eta abisua eman zion poliziari. Garbi dago jendea sentsibilizatuta dagoela gai honekin, eta Gasteizek ez duela halako bat bera ere pasatzen utziko».

Festari dagokionez, abuztuaren 4ko jaitsieran bizi izandakoa gogora ekarri dute. Larunbata izanik, jendetza espero zen, eta bazegoen, baina hala ere, Gorka Ortiz de Urbina Zeledon-ek azkar egin zuen ibilbidea, trabarik gabe, eta ekitaldi garbi samarra izan zen. Debekatuta egon da beira sartzea, bigarren urtez, eta erabaki horrek fruituak eman ditu: ez zen inor ebakiekin zauritu.

Edurneren eta Zeledon Txikiren jaitsieran izandako aldaketen emaitzak ere ontzat hartu dituzte. «Jendeak bere egin du berehala Edurnek izen propioa izatea, oso azkar», azaldu dute udaleko iturriek. Horrez gain, uste dute «asmatu» egin dutela Andre Maria Zurira lekudaldatzea erabakita, ekitaldia erosoagoa eta ikusgarriagoa izan baita.

Festa espazioetatik kanpo ere bada zer aipatu. Tuvisako udal autobusak hasi dira geltokien artean eskatutako geldialdiak egiten. Jaietan, Zabalganara doan gautxori zerbitzuan egin dute proba, eta 65 lagunek erabili zuten lehen lau egunetan. «Datu interesgarria da. Egunek aurrera egin ahala, gero eta gehiago izan da, nahiz eta autobusetan jende gutxiago ibili», zehaztu dute.

Canto zinegotziak adierazi du blusen eta nesken kuadrilla batzuen portaera aztertuko duela. Ziurtatu du batzuk debekatutako kantu matxistak edo homofoboak abestu dituztela, eta, hala izanik, ohartarazi du isunak jarriko dituela. Kuadrillak bi elkartetan banatuta daude, eta 75.000 euroko udal laguntza jasotzen dute orotara. Diru horretatik gehiena musika ordaintzeko erabiltzen da, eta gainerakoa, ekitaldiak antolatzeko.

Blusen eta Nesken Batzordean ez dute udalaren jakinarazpenik eduki. Endika Saez de Adana batzordeko presidentea harritu samar dago albistearekin. «Ez dakigu zein kuadrillari buruz ari den. Batzordean lanketa berezia egin dugu, eta jendeak ondo ulertu du abesti batzuk alboratu behar direla. Esango nuke ez direla batzordekoak izan».

Antolakuntza aldetik, dena behar bezala atera da jaietan, baina emakumeei egindako sexu erasoek «zikindu» egin dituzte. «Perfektuak izan direla esan nahiko genuke, baina horrek ezinezko egiten du», zehaztu du Saez de Adanak. Kuadrillak bitan banatu izana «akatsa» iruditzen zaio, baina ez du aparteko eraginik izan. «Kalean elkarrekin gaude blusak, neskak eta jendea, eta dramarik gabe bizi ditugu jaiak».

«Espero genuen baino jende gehiago ibili da txosnagunean», azaldu du Jon Ander Elosegi Txosna batzordearen koordinatzaileak. Haren ustez, nabaritu da jendea hirian geratu dela asteburuaren ondoren ere, eta txosnak «oso beteta» egon dira. Ikusle asko izan dituzte Lendakaris Muertos, Glaukoma, Akerbeltz, edo Xavi Sarria taldeen kontzertuek, eta atzo gauean Doctor Deseorekin amaitzea geratzen zen.

Gunea 3an ireki zuten, jai ofizialak hasi baino egun bat lehenago. «Hirigunetik gunerainoko kalejira berreskuratu genuen, eta ondo egon zen», esan du Elosegik. Halaber, argi geratu da txosnak gaua baino gehiago direla: «Irrien lagunak klasiko bat bihurtzen ari da, eta ume pila ekarri ditu aurten». Txosna batzordeak ere adierazi du galdutako zorro eta giltza asko aurkitu dituztela unibertsitateen eremuan. Atzo arte, txosna nagusian berreskura zitekeen galdutakoa, eta udaltzaingoari eramango diote gaur.

Udaltzainek gordeta dituzte txosnetan eta kalean berreskuratutako objektuak. Asteburua bereziki korapilatsua izan zen segurtasunaren ikuspuntutik. 40 salaketa jarri ziren jaietako lehen bi egunetan soilik, zorroak lapurtu edo galdu zizkietela esanez.

Aihotz plaza da jaietako beste eremu funtsezko bat. Han egiten dira euskarazko ekitaldi gehienak, eta txosna du Geu elkarteak. Giroa «besteetan baino patalagoa» iruditu zaio Saioa Fernandez de Arangizi; oraindik ere itxierako datuak aztertu behar dituzte. Baliteke eguraldiagatik izatea. Aihotzek mugimendu handia du egunez, eta beroa itogarria izan da, bereziki 5ean eta 6an. Jaien aurretik, 2an eta 3an, Geuk hainbat ekitaldi antolatu zituen, eta horiek «oso ondo» funtzionatu zutela nabarmendu du.

Azken mokaduak

Gasteiztarrek haginkada eman diote jaietako azken mokaduari. Batzuek literalki. Festa guztietan egon dira gastronomiari lotutako jarduerak, eta aukera ugari egon dira janaria musutruk edo helburu solidarioekin dastatzeko. Azken goizean, Los Alegrios blusen eta nesken kuadrillak XIII. txorizo dastaketa antolatu du Artium museoaren aurrean, eta Basatiak kuadrillak, berriz, V. Dastaketa solidarioa plaza Berrian.

Los Alegriosek 2.000 lagunentzat prestatu dute txorizoa. Debalde, gainera. «Gauetan atera baino zerbait gehiago egin behar da jaietan, eta deskantsatu ere egin behar da», Mari Garcia kuadrillako kidearen hitzetan.

Plaza Berrian, ostera, Basatiak kuadrillak azken bost urteetan antolatu duen dastaketa solidarioa egon da. Boilur Arabako Gastronomia Elkarteen Federazioarekin batera antolatzen dute ekintza. Euro bakarrean, txorizoa patatekin eta edaria eskaini dituzte, eta borondatea ere jaso dute. Lortutako dirua Arabako Elikagaien Bankuari emango diote. Mikel Labankagoitia sukaldariaren hitzetan «elkartasunez» egiten dute dastaketa hau urtero.

2.500 errazio banatu dituzte: 300 kilo patata, 50 kilo txorizo, 20 kilo tipula, 10 kilo piper berde, baratxuriak eta kilo erdi piper gorri erabili dituzte lapikoak betetzeko. Produktu guztiak dira bertakoak. Labankagoitiaren ustez, «normalean jendeak elkartasuna izaten du». Giro onean ibili dira blusa eta neskak dirua biltzen eta errazioak banatzen.

Helburu solidarioa ere izan du arratsaldez Eusko Label fundazioak antolatu duen dastaketak. Euro eta erdiren truke, hegaluze pintxoak eta baserriko oilaskoarekin egindako hanburgesak banatu dituzte Foru plazan. Dirua emango diote adimen ezintasuna duten pertsonen aldeko Apdema elkarteari. Elkartasuna eta sabela betetzea, biak bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.