Donostiako Aste Nagusia

Piraten olatuak hartu du hiria

Kolorez eta aldarriz bete dute Donostiako piratek itsasertza: 1.400 lagunek eta 200 ontzi inguruk egin dute kaitik Kontxako hondartzarako bidea, hamaseigarren abordatzean. Bideoa albistearen amaieran.

 Kaia, beteta. Pirataz eta baltsasz bete da Donostiako portua, abordatzen. JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Donostia
2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun

Kamiseta marradunak, bandera koloretsuak eta festa giroa, horiek dira abordatzearen osagai nagusiak; eta, nola ez, ontziak, kaitik abiatu arte bederen. Horiek hartuta ureratu ziren piratak atzo Donostiako kaian, Kontxako hondartza abordatzera. Hamaseigarrenez itsasoratu dute herri jai parte-hartzaileen aldarria.

Ordubete eskas falta da abordatzeari ekiteko; zapiak buruan eta arraunak eskuan abiatu dira piratak portura, Flamenka gunetik. Hango bazkarian hartu ditu indarrak zenbaitek, itsasora sartu aurretik. Kamiseta beltzekin daude June Iartza eta haren lagunak; donostiarrak dira, eta bigarrenez parte hartuko dute abordatzean: «Kontxara iritsi nahi dugu, eta baltsarekin bada, hobe», esan du, umoretsu. Uretan zain dute jadanik eguerdian prestatutako ontzia.

Atzerago doaz Juantxo Apilanez eta haren kuadrilla, pirata onenen moduan jantzita: buruko zapi eta kamiseta marradunez gain, loroa ere badarama sorbaldan Apilanezek. Zazpigarren aldiz aterako da, aurrekoetako asmo berarekin: «Ondo pasatzea». Portura iritsi orduko hasi dira inguruko piratak bustitzen, uretako pistolekin.

Abordatzea hasteko minutu gutxi falta dira, eta parte hartzaile ugari batu da uretara sartzeko aldapan; antolatzaileek sartzen uzteko zain daude. Bandera ugari daramatzate: ortzadar kolorekoak, ikurrinak, euskal preso eta iheslarien aldekoak eta abar. Bustitzeko asmorik ez duen jende andana ere bada inguruan; abordatzea ikusteko gogotsu daude, argazki kamerak eta sakelakoak eskuan.

Izkina batean eserita daude sei-zortzi lagun inguru, «Baxoa euskaraz» dioten kamiseta berdeak soinean. Hendaia (Lapurdi), Oiartzun, Irun eta Hondarribikoak (Gipuzkoa) dira. «Bustitzera gatoz, eta flotatzera, ahal bada», esan du Ilargi Goieaskoetxeak, barrez. Abordatzera soilik ez dira joan, ordea, parrandarako asmoa ere badutela aitortu baitu Luix Mitxelenak.

Euritan dantzan abestia dantzatuz sartu dira uretan piratak; euriak ez, baina itsasoko urak laster busti ditu guztiak. Korrika sartutakorik ere izan da, ontzia ahalik eta azkarren bilatzeko asmoz. Parez pare dituzte Ezkila eta Matti; Kalepoza kofradiako ordezkariak gorpuztu du lehena; bigarrena, berriz, Altsasuko Gurasoek. Haiek bota dute abordatzearen hasierako suziria, 17:00ak jotzerako. Donostia koloreztatzera deitu dituzte piratak: «Elkarrekin arraunean edozer dugu posible».

Jendearen oihu eta txaloek eta bozgorailuetatik botatako irrintziek animatu dituzte piratak. Batzuk portutik ateratzen hasi arren, gehientsuenak zain daude, euren txanda noiz iritsiko. Izan ere, olatu erraldoia osatu dute: 1.400 pirata inguru dira, eta 200 baltsa dituzte Kontxako hondartza abordatzeko. Bada suziria uste baino lehenago lehertu zaionik ere, korrika iritsi baita portura zenbait kuadrilla. Halaxe sartu da ehunzango itxurako taldea: 30 lagun, bata bestearen atzetik, gerriko flotagailuak elkarri lotuta, ilara luzea osatuz. Barrez hartu dituzte ikusleek.

Itsasotik kalera

Itsasgora eta haizea, biak izan dituzte lagun piratek. Horren lekuko dira itsasoan naufrago geratutako flotagailuak. Hala ere, laster hasi dira hondartzara iristen lehenengo ontziak. Horietako bat izan da Maialen Martinez eta haren bospasei lagunena: «Portutik ateratzea izan da zailena, ur-lasterragatik». Ontzia desegiten ari dira orain. Atzetik sartu da Hendaia, Oiartzun, Irun eta Hondarribikoen taldea, eskuak jasota eta oihuka. Abiatzerakoan ez ezik, iristerakoan ere ez zaie animorik falta.

Lehorretik uretara, halaxe zabaldu da Donostiako Piraten olatua. Herri jai parte-hartzaileen aldarriak hartu du itsasoa, beste behin, Aste Nagusiko astelehenean. Baina ez da itsasoan geratu, kaleak hartu baititu berriro, Kontxatik Flamenkarako kalejiran.

[youtube]https://youtu.be/AUbitaIJ7ps[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.