Mathieu Van der Poel

Mito izateko bidea urratzen

Nederlandarrak hirugarren aldiz irabazi du Munduko Ziklo-kros Txapelketa. Palmares historiko bat izateko oinarriak jarri ditu lohi artean, eta ikusmina handitu errepiderako.

GIAN EHRENZELLER / EFE.
mikel rodriguez
2020ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Pronostikoa ezin argiagoa zen. Arerioek ere errana zuten ezohiko zerbait gertatu beharko zela Mathieu Van der Poelek Munduko Ziklo-kros Txapelketa ez irabazteko. Eta, halaxe, ez zen ezustekorik gertatu, 25 urteko nederlandarraren ahalmen harrigarria jadanik ohikotzat har badaiteke. Irteerako esprintean bertan taldearen buruan paratu zen Van der Poel, eta lasterketan ez zen bertze liderrik izan, herenegun, Suitzako Dubendorf hiriko zirkuituan. «Anitzez azkarragoa da, ezin da ezta eztabaidatu ere egin», erran zion Van der Poelen aita Adriek Bretainiako Le Telegramme egunkariari, txapelketaren bezperan, aita edo semea, azkarragoa nor den galdetuta.

Adrie Van der Poel hemeretzi urtez izan zen profesional (1981-2000). Klasikozale aparta izan zen, eta garaipenen artean ditu Flandriako Tourra, Lieja-Bastogne-Lieja, Amstel Gold Race, Paris-Tours, Donostiako Klasikoa, Herbehereetako Txapelketa eta Frantziako Tourreko bi etapa. Ziklo-krosean, berriz, Munduko Txapelketa bat irabazi zuen, zilarrezko bortz domina lortu zituen, Munduko Kopa bat, eta Herbehereetako Txapelketa sei aldiz.

«Gauza on anitz egin ditut, baina bera bertze maila batean dago», uste du semeari buruz. «24 urterekin lortu zituen gauzak ikusten badituzu. Horrela jarraitzen badu...». Izan ere, Adrie Van der Poelek 21 urterekin egin zuen debuta, eta 41 bete arte ondu zuen palmares hori. Semeak, 25ekin, aitaren marka batzuk hobetu ditu eta bertze batzuk berdindu egin ditu. Galdera nagusia da Mathieu Van der Poelek erretiroa hartzean, zer-nolakoa izanen den txirrindularitzan utziko duen lorratza.

Datu bat: herenegungoa munduko hirugarren titulua du. Albert Zweifel suitzarrak 1986an borzgarren aldiz irabazi zuen, eta, ordutik, inork ez du lortu urrea hiru biderretan baino gehiagotan. Bortz dira hiru baino gehiago dituzten txirrindulariak —Erik De Vlaeminck belgikarrak du marka, zazpirekin—. Van der Poelen garaipen zerrenda ezin harrigarriagoa da: denboraldi honetan, korritu dituen 25 probatatik 24 irabazi ditu; 2018ko azarotik 2019ko abendura arte, 35 jarraian irabazi zituen.

Baina garaipenengatik ez ezik, irabazteko moduarengatik ere txunditu ditu Van der Poelek aditu eta zale guztiak. Eraso kolpe idor eta gogor bat eman, eta aurkariak etengabe urrutiratzeko gaitasun horregatik. Ziklo-krosaren historiako txapeldunik handienetako bat bihurtzeko oinarria eraikia utzi du 2019-2020ko sasoian.

Adrie aitak azaldu duenez, ziklo-krosa eta mendiko bizikleta ditu lehentasun orain Mathieuk —aurten, Olinpiar Jokoak irabazi nahi ditu mendikoan—. Udaberrian «lasterketa osagarriak» korrituko ditu errepidean, «Milan-San Remo, Fleche Wallonne eta Paris-Roubaix bezalakoak».

Iaz, udaberriko klasikoetan eta itzuli txiki batzuetan lortu zituen garaipenen ondoren, zale anitz gogotsu daude Van der Poelen errepideko garapena ikusteko. Iazko Amstel Gold Raceko garaipena luzaroan geldituko da iltzatuta zaleen memorian, baina komeni da ez ahaztea ere Ingalaterrako Munduko Txapelketan izan zuen hondoratze alimalekoa.

Hiru astetako itzuliak

Egan Bernal, Remco Evenepoel, Tadej Pogacar, Wout Van Aert... tropeleko izar gazteenen ordezkarietako bat da Van der Poel. Gehienek ez bezala, oraindik ez du probatu hiru itzuli handietako bat. «Posible da ibilbide handi bat edukitzea, Frantziako Tourra egin gabe», uste du Adrie aitak. «Baina egunen batean egin nahi du. Ez dakigu zer ezaugarri dituen hiru asteko itzuli baterako, ez dakigu nola ibiliko den mendate handietan. Ezinezkoa da jakitea noraino ailegatuko den».

Mathieuren bertze senide batek, ordea, fede itsua zuen harengan. Halaxe adierazi zion iazko ekainean Belgikako Sporza telebista kateari: «Begira Eddy Mercksen kasua. Debuta egin zuenean, inoiz ez nuen pentsatu gai izanen zenik mendate handietan gu gibelean uzteko. Uste dut Mathieu haren ezpal bereko txirrindularia dela». Raymond Poulidorrek egin zituen adierazpen horiek, Van der Poelen aitatxi zenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.