Irakurri, entzun, ikusi

Mikel Morenok «pop argitsua» landu du bere bakarkako lehen diskoan. Urtea amaitu orduko, formatu bereziko kontzertu batzuk emango ditu

Esnatu baino lehen Mikel Morenoren bakarkako lehendabiziko lana da. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Alex Uriarte Atxikallende.
2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Hogei urteko ibilbide musikalaren ondoren, etapa berri bat abiatu du Mikel Morenok (Andoain, Gipuzkoa, 1982). 2001ean Kauta taldearekin debuta egin ostean, «beste aurpegi musikal batekin» agertu da, Elkar diskoetxearekin kaleratu berri duen Esnatu baino lehen bakarkako lan berriaren aurkezpen agerraldian.

Album berria «hiru urratseko esperientzia» gisa definitu du: «Diskoak hitzak irakurtzea eta beren testuingurua ulertzea eskatzen du; ondoren musika entzutea, eta, azkenik, diseinuari erreparatzea».

Musikalki, «pop argitsu» gisa definitu duen ildoari heldu dio diskoan: «Soinu oso modernoa da, baina 90eko hamarkadako musika estiloei ere keinu egiten die». Oro har, «pop eta rock doinuen artean» dago Esnatu baino lehen.

Morenok azaldu du bere ibilbidean Euskal Herriko musika ekoizle «hoberenekin» lan egin duela, hala nola Jean Phocasekin, Haritz Harregirekin eta Kaki Arkarazorekin. Lan berrirako, baina, autoekoizpenaren bidea urratu du: «Izan ere, pandemia sasoian zailagoa zen musikariekin elkartzea; gainera, talde nortasuna nigandik hasita markatu eta kudeatu nahi nuen».

Zortzi abestiz osatutako albumaren grabaketa, hain zuzen, pandemia garaian egin zuen, Gaztain estudioan (Zestoa, Gipuzkoa): «Lantalde polita bildu ginen; bide batez, Karlos Aranzegi, Imanol Goikoetxea, Txus Aranburu eta Adrian Elustondoren lan bikaina azpimarratuko nuke».

«Hitzen pisu esanguratsua» diskoaren zutabetzat dauka Morenok; izan ere, abesti bakoitzaren hitzekin batera, «haien kokapen edo testuingurua dakarren testu bana» idatzi du. «Diseinua, berez duen balio estetikoaren gainetik, musikaren euskarri edo osagarri gisa erabili dugu».

Horretarako, zenbaki bat jarri du abesti bakoitzaren hitzen aldamenean: «Zenbaki bakoitzak ilustrazio jakin batera darama ikus-entzulea, eta, modu horretan, kantaren zentzu globalaz jabetzen laguntzen dio, alde instrumentalak eta hitzek transmititzen dutenaz gain».

Egitura klasikoetatik urrun

Diskoaren egitura ere «modu desberdinean» egin du Morenok: «Zortzi abestiz osatutako lana da, baina elkarren artean nahiko independenteak diren bi zati ditu». Hain zuzen ere, lehendabiziko lau piezek «tonu propioa» dute; «abesti argitsuagoak eta alaiagoak dira».

Ondorengo lau kantek, baina, bestelako ildo bati jarraitzen diote: «Abesti estandarraren egitura finkoetatik ihes egiten duten kantak dira; adibidez, badira lelo edo esaldi potoloak, baina errepikaren bat edo beste kentzeko lizentzia hartu dut». Hitzetako langaiak ere erregistro aldaketa horren araberakoak dira: «Diskoan maitasun istorioak, emozioak eta sentimenduak azaleratzen diren arren, azken zati horretan zalantza, dolua eta beldurra dira nagusi».

Urtea amaitu orduko «formatu bereziko kontzertu batzuk» emango dituela aurreratu du Morenok, «ezohiko formatuak dakarren intimitatea transmititzeko». Dena dela, hurrengo urteari so, bandarekin eta «diskoan entzuten den bezala» jotzea espero du, oraindik data finkorik plazaratu ez duen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.