KRITIKA. Dantza

Itsasoaren gisan

Agus Perez -

2018ko ekainak 26

'Saio Zero'

Zuzendaritza eta koreografia: Mathieu Vivier. Musika: Patxi Amulet. Musikariak: Patxi Amulet, Xabi Etxeberri, Valentin Laborde. Bideo-sorkuntza: Mickael Vivier. Argiak: Julien Delignieres. Jantziak: Xabier Mujika. Dantzariak: Arthur Barat, Zibel Damestoy, Marga Forestier, Iban Garat, Oihan Indart, Ihintza Irungarai, Nathalie Vivier. Lekua: Baionako antzokia. Eguna: Ekainak 22.

Baionako antzokia leporaino beteta egon da Bilakaren azken sorkuntza ikusteko. Bilaka Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak eszenarako hartu duen izena da, eta orain dela urte batzuk hasi ziren euskal dantzatik harago zihoazen lanak plazaratzen, ohiko dantza-konpainia bat sortu ordez Iparraldeko dantzari gazteek beren barne bulkadari irtenbidea emateko.

Zorionez niretzat, aukera eduki nuen 2015ean Nathalie Vivier eta Ihintza Irungaraik zuzendutako Leihotik hura Leioako Umore azokan ikusteko. Euskal kulturari egindako aipamen baliotsuek —Sarrionandia, Juan Mari Beltran, Zuberoako kantagintza...— eta bai dantzarien freskotasunak bai teknika diziplinatuak bihotza konkistatu zidaten. Harrezkeroztik segika nabilkie, ea nondik doazen orain beren asmoak eta beren gorabehera estetikoak. Negua deitu zen beren hurrengo lana —Mathieu Vivier-en gidaritzapean— eta Mathieu bera izan da Saio Zero honen zuzendaria eta koreografoa, taldeko dantzarien ezinbesteko kolaborazioarekin.

Oraingo honetan, ordea, ez da dantzari ibili eta bere lana gehiago zentratu da ikuskizun eszeniko bat eratzeko zereginetan. Alde horretatik, argi dago kohesio handia lortu duela dantzaren inguruko eragile guztien artean —argia, jantziak, bideo-proiekzioak, musika, taula gaineko elementua...—, haiek guztiak neurrian baliatuz eta den-denak dantzaren zerbitzura jarrita. Haien artean aipamen berezia merezi dute irudi proiektatu ia subliminalek, testuen kalitateak eta, beste ezeren gainetik, musikak. Patxi Amuletek eskusoinuarekin interpretatu digu Leteren eta Laboaren Ihes betea zilegi balitz, baina une hori kenduta, zazpi panel zeharrargien atzean egon da bere taldearekin, soinu banda atmosferikoari ukitu elektrikoa —ia elektronikoa— ematen eta jo dituzten instrumentuekin —teklatuak, eskusoinua, arrabita, gitarra, zarrabete elektrikoa— emanaldiaren dramaturgia leuna gidatzen.

Itsasoaren izaerari egin diote aipu dantzaren inguruko hitzek —«...marea itsas-hegiaren aurka joaten den bezala, beti ur-purrusta berdina lur-bazter berdinera...»—, eta beharbada hori berori da euskal dantzaren patua. Saio Zero honetako zazpi dantzariek apal ekin diote dantzatzeari hasierako ataletan, eta herabe esploratu dituzte dantza garaikideari dagozkion gatazkak eta barne lurraldeak, baina Oihan Indart euskal dantzaren deskodifikazio-ariketa batean murgildu denean neure buruari esan diot zuzen nengoela Bilbotik Baionarainoko bidaia egitean. Jarraian etorritako talde-koreografiak —horretan ere Zuberoako pausoak nagusi— inspirazio maila ona erakutsi du, eta amaiera aldera bere dohainak frogatu ditu koreografoak, esandako modalitateak Euskal Herriko beste dantza batzuekin aurkeztuta eta, konturatu orduko, dantzari guztien zirkulu bihurtuta. Ausaz egiten eta desegiten zen zirkulua. Itsasoaren ausazko gisan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna