Hamaikarekin 'Bi'

Xabi Solano Maizak bakarka grabatu duen bigarren diskoa aurkeztu du. Bi diskok osatzen dute 'Bi': abesti berriena bat, eta bertsioena bestea

Paulo Ostolaza.
Donostia
2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Xabi Solano Maizak lotura asko sortu ditu bi hitzaren inguruan. Bi bakarka grabatu duen bigarren diskoa da. Bi bateria jotzailek hartu dute parte. Baxu jotzaileak ere bi izan dira. Bi lekutan ekoitzi du diskoa, bi ekoizlerekin. Bi diskok osatzen dute Bi. Hernaniko (Gipuzkoa) trikitilariaren lan berrian kolaborazioak egin dituzten artistak, ordea, hamaika izan dira, baita sortzeari, grabatzeari eta ekoizteari eskainitako orduak ere.

Solanok atzo goizean aurkeztu zuen Bi diskoa, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Duela hiru urte argitaratu zuen Ereñotzu, bakarlari gisa plazaratu zuen lehen diskoa; musikalki, lan berriak hark baino «rock kutsu handiagoa» duela aitortu zuen, baina azpimarratu folka dela «erabat». Abestiez gain, partiturekin osatutako liburu bat ere argitaratu zuen lehen diskoarekin: «Disko bat ateratzen dudan bakoitzean, zerbait berezia ateratzea gustatzen zait; horregatik okurritu zitzaidan, bigarren diskoa izanda, bi disko sartzea». Bi diskoaren lehen zatian Solanok berak konposatutako hamahiru abesti berri daude, eta bigarrengoan, berriz, musikan daramatzan «urte hauetan guztietan» egin dituen bertsio batzuk bildu ditu. Lehen lana Mark Desousak ekoitzi du Valentzian (Herrialde Katalanak) —Zoo, Aspencat edo Obrint Pasekin lan egindakoa da—, eta bertsioena, berriz, Haritz Harregik Usurbilen (Gipuzkoa).

Besteak beste, Etzakit, Fermin Muguruza eta Esne Beltzarekin jarduteagatik egin da ezagun Solano. Trikitilariak bere etxean egin du grabaketa ia osorik: «Diskoa hastea zaila izan zen; grabatzen hasi behar nuen, eta ez nekien oso ondo nola egin». Horregatik, ingurukoek askotan proposatu zioten ideiari heldu, eta etxean estudio txiki bat jartzeko pausoa eman zuen. Bateriak, ordea, Harregiren estudioan grabatu behar izan ditu: «Bizilagunak haserretuko zitzaizkidan bestela». Etxeko grabaketetan Aitor Saizar izan du lagun; hura izan da diskoaren teknikaria. Hitzak, trikitilariaren ibilbidean ohikoa izan den moduan, Jon Garmendia Txuria-k egin ditu. «Niri buruzkoak dira, nik barruan ditudanak, inporta zaizkidanak», azaldu zuen Solanok.

Hamaika

Musikariak jende mordoxka bat bildu du bere inguruan Bi grabatzeko. «Udan hasi ginen lanean, eta abestiak pixkanaka landuz joan gara; hori amaitutakoan, abestiek nolako kolaborazioak behar zituzten pentsatu genuen». Horrela, pixkanaka, kolaboratzaile zerrenda luzea osatu du. Solanoren etxean izan dira Iban Zugarramurdi eta Haritz Beristain Txiki bateria jotzaileak; Aitor Zabaleta eta Koldo Soret baxu jotzaileak; Sua, N¿gen, Arkada Social eta Moonshine Wagon taldeetako kideak; Maren abeslaria; eta A.M.A.K. taldea, tartean Kistiñe Solano, Xabiren arreba. Azken urteetan nabarmendu diren taldeak daude zerrendan, protagonismoa «aurpegi berriei» eman nahi izan dielako Solanok.

Bertsio baten bideoklipa ere aurkeztu zuen atzo: «Badago niretzat oso berezia den kantu bat bertsioen artean; parrandara ateratzen naizenean asko animatzen nau». Kupela taldearen Txakolina abestiari buruz ari zen. Hala, pieza horren bertsioa egin, eta bideoklipa kaleratu du.

Bi formatutan

Diskoaren luzeran, ez die men egin gaur egungo joerei, eta 23 abestik osatzen dute Bi. Durangoko Azokan, lana bi formatutan egongo da salgai, CDan etaUSBan, «jende askok jada ez duelako diskoak entzuteko euskarririk autoan». Zuzenean, berriz, Kistiñe arrebarekin, Zigor DZ Djarekin eta beste musikari batzuekin aurkeztuko duSolanok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.