begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Galzoriko piztiak nola, haginka

2021eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Bazterrak, sare sozialak, hedabideak, izkinak, tabernetako terrazak, han eta hemengo emakumeen etxeak, hurbileko eta urruneko emakumeen bilkura eta akelarreak harrotu ditu Goya sarietan gertatutakoak. Istorioa ez baduzue ezagutzen, edonongo txio bilduman aurkituko duzue erraz asko.

Era birtualean izan bazen ere, aktore batzuk izan ziren Malagako zinema aretoan, eta benetakoa ez izan arren, alfonbra gorriko photocall-ean. Hantxe irudiak hartzen zituzten gizonezko teknikari batzuek, mikrofonoak piztuta zirela jakin barik, ele satsuak egin zituzten bertaratu ziren hainbat aktore emakumeren gainean. Hitz satsuak, zikinak, lohiak, joandako garaietan hain ohikoak zirenen antzekoak.

Entzun orduko, sutan, haserre bizian, kolera gorrian agertu zen jende multzo polita aipatutako bazter horietan guztietan, bai paperezkoetan, bai kale eta tabernetakoetan, bai eta errealitate birtualezkoetan ere.

Ulertzen dut, zilegi da haserrealdia. Eta hobe luze eta sakon irauten badu amorruak. Baina, egiari zor, niri hitz horiek ez didate minik ematen. Alderantziz ere, pozaldia eragiten didate. Zinez diotsuet, bene-benetan. On Kixotek esan zuen legez (euskarara moldaturik), zaunkaka badabiltza, gu ere bagabiltzalako da. Haginka ari dira, bai. Baina aireari. Ezer ez dute hortzen artean.

Zaunkaka bai, haiek; gu ondo goazen seinale. Gauza jakina da zauriturik, hil hurren, inguraturik, galzorian dauden piztiek buru egiten dutela beren ehiztarien kontra —eta ez naiz ari, inolaz ez, nik maite ditudan mota horietako piztiez, banpiroez, gizon/eme otsoez, Guillermo del Tororen uretako kreaturaz, Frankenstein doktorea bera baino beteagoa zen beste hartaz...—.

Diktadore guztiak beti izan ohi dira arriskutsuagoak beren agintaldiaren bukaera aldera, odolduriko boterea Denborak edota Herriak berak setiaturik antzematen zu/dutenean. Parkinson gaixotasunak jota zela eta dardaraz zuen eskuarekin sinatu zuen Francok Txiki, Otaegi, Baena, Sanchez Bravo eta Garcia Sanzen fusilamenduen agindua. Aliatuak inguruetan zirela, inoiz baino ankerrago, inoiz baino krudelago eta odol gose aseezinagoz funtzionatu zuen kontzentrazio esparruetako herio-industriak Alemanian eta Polonian.

Bai, niri suntsipenaren bidean dauden horien azken saingek eta ausikiek min txiki-txikia ematen didate, segituan sendatuko zaidana. Segituan eta goxo-goxo; marmarka ari badira, ondo ari garen seinale.

Zeinen seinale? Ba zinema mundu gurean andre eta jabe dihardugunona. Andre eta jabe. Puntaren puntan aspaldian ezarri genuen kanpamentua indartuz, handituz doa. Horrela dela erakutsi digu Espainiako Zinemaren Akademiak berak sariak ematean. Horrela dela ikusten dugu kasik egunero gure etxe ondoko eta barruko pantailetan.

Beldurra digute gure itxuraren eta gure moralaren kontra hitz zantarrez aritzen diren horiek. Galzorian, desagertu hurren daude. Are okerrago, egungo kodeak ez dituzte menderatzen. Beraientzat larru azalean tatuajeak izateak puta zarela erakusten du...Tontoak izateaz aparte, modaz pasatuta.

Arantza Callejak eta Maite Arroitajauregik eskuratu zuten musikaren ikurra: Boliviako Daniela Cajiasek lortu zuen argazkiarena. Patricia Palomero izendatu zuten zuzendari hasi berrien artean onena. Baita gidoigilerik finena ere...

Karteldegian diren filmik garrantzitsuenak non, emakumeakhan. Atzo bertan izan zen ikusgai Gipuzkako Errenterian Polvo somos film laburra, iazko Zinebin saritua. Nor kamera atzean? Laudioko Estibaliz Urresola Solaguren... Ez dizuet esan behar nik norekin batera burutu zuen Miguel Angel Llamasek Non dago Mikel?, ederki dakizuelako Amaia Merinorekin batera egin zuela bidea, baina aipatuko dizuet nor ibili zen ekoizle: Izaskun Arandia. Aipatu ere egingo dizuet zein dagoen Iruñeko Ikuspuntu zinemaldia astelehenean irekiko duen Dardara-ren atzean: Miren Aperribai.

Esandakoa... ondo ari garelako ari dira hortzak erakusten piztia herdoilduak.

Ez, niri ez didate ez minik ez kalterik egiten. Alderantziz, ederki dakit beldur direla, mundu honetatik ezabatu zorian daudela, aro berri hau ez dagokiela, sekula ez direla egokituko estreinatzear dugun munduari. Eta beren ezintasunak grazia egiten dit.

Goya sarietako alfonbra gorriaren aurrean (aurrean baina ezkutuka, ez baitute adore nahikorik plazan izateko) piztia horiek aitortu egin dute modaz pasatuta daudela. Total, full, zeharo pasatuta. Ospa dezagun Amy Seimetzek zuzendutako She Dies Tomorrow atrebentzia dastatzen. Filminen duzue. Egin dezagun topa Emma Seligmanekin. Ea inon aurkitzen duzuen pasa den asteartean Kresala zineklubak eskainitako bere Shiva Baby bihurrikeria zorrotza.

Haginka ari dira...gaixoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.