Berrogei kopia ikusgai

Barruko artelanen kalitate handiko erreprodukzioak ipini dituzte Bilboko Arte Ederren Museo atarian. Urriaren 5a arte egongo dira ikusgai

Artearen Ibilbidea erakusketa osatzen dute 40 lanen kopiek. ARTE EDERREN MUSEOA.
Erredakzioa
Bilbo
2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Bilboko Arte Ederren Museoko eraikin zaharreko aretoak berritzeko lanak abian dira; hainbat areto dagoeneko zaharberrituta dauden arren, erakusteko obrak ezartzen ari dira. Lanok bukatzeko, asteartetik itxita daude museoko erakusketa aretoak, eta hamabost egun beharko dituzte atzera irekitzeko. Horregatik, barruko pinakotekako 40 harribitxiren kalitate handiko erreprodukzioak eraikinaren atarian jarri dituzte ikusgai, jardinetan. Egileen artean daude, besteak beste, Grekoa, Ribera, Zurbaran, Van Dyck, Murillo, Delaunay, Goya, Gauguin, Bacon, Tapies, Arteta, Ibarrola, Lekuona, Uzelai, Sistiaga, Ameztoi eta Balerdi. Aski ezagunak dira denak, eta Artearen Ibilbidea erakusketa ibiltaria osatzen dute obrok, eta Bizkaiko 60 herritan egon dira ikusgai, urtarrilaren 30etik ekainaren 30a bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntzarekin.

Erakusketa, berez, museoaren 110. urteurrena ospatzeko eta museoa bera eta museoko bilduma ahalik eta jende gehienarenganaino helarazteko pentsatu zen, eta herriz herri ibili da. Orain, museoaren atarira—Txillida eta Arriagaren Monumentua plazetan— heldu dira tamaina errealeko 40 kopiak.

Barrukoak ireki bitartean

Urriaren 5era arte egongo da ikusgai Artearen ibilbidea. Egun horretan inauguratuko dute ABC Bilboko Museoaren alfabetoa erakusketa museo barruan. «Museoa bisitatzeko eta barruko bilduma miresteko modu berria» eman nahi dio erakusketa horrek bisitariari, letren eta hitzen bitartez, obren testuingurua osatzeko eta ikuslea artearen garai, estilo eta diziplina guztietan barrena murgiltzeko. Kirmen Uribe idazleak egin ditu urteurren ospakizunerako erakusketako literatura-komisario lanak, eta museoan erakutsi izan diren obrez gain, argia oso gutxitan ikusi duten objektu artistikoak ere jarriko dituzte ikusgai.

Museoko ateak urriaren 6an—larunbata— irekiko dituzte bisitarientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.