ana galarraga aiestaran
IRITZIA

Musikaren ukendua eta anhedonia

2021eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Ruper Ordorika musikariaren esanetan, kantuek badute beren «puska baltsamikoa». Eta, hain zuzen, mundu osoan kantatzen dira abestiak sendatzeko eta minak gozatzeko. Hala erakutsi zuten 2019an Science aldizkarian argitaratutako ikerketa zabal batean. Kantuen unibertsaltasunari buruzko ikerketa bat zen, eta ondorioztatu zuten mundu osoko kulturek badituztela kantuak lau testuingurutarako: dantzatzea, maitatzea, haurrak lokartzea eta sendatzea.

COVID-19aren garaian egindako ikerketek ere kantuek ahalmen baltsamikoa dutela berretsi dute. Adibidez, hamaika herrialdetan (besteak beste, Espainian) egindako azterketa batean frogatu dute parte-hartzaile gehienentzat konfinamenduan musika entzutea izan dela jarduera onuragarriena; irakurtzea, telesailak ikustea edo jatea baino gehiago. Batez ere, hiru alderditan antzeman zuten musikaren onura: gozamena, pentsamendu ezkorrak alde batera uztea, eta norbere buruarekin konektatzea.

Onurari buruzko pertzepzioa antzekoa zen herrialde guztietan, eta ez zegoen diferentziarik emakume eta gizonen artean. Aldiz, zer eratako kantuak entzuten zituzten galdetuta, aldeak zeuden herrialde batzuetatik besteetara. Esaterako, Txinan, Argentinan, Mexikon, Kolonbian eta Brasilen, kantu nostalgikoak entzutea estresa, antsietatea eta depresioarekin lotzen zen; ez, ordea, beste herrialdeetan.

Espainian egindako beste ikerketa batean, berriz, ikusi dute adinak eta formazio musikalak eragina dutela musikaren ahalmen baltsamikoaren pertzepzioan: gazteek eta formazioa dutenek onura handiagoa nabaritu zuten konfinamendu garaian, baita telelanean aritu zirenek ere. Beste muturrean daude lana galdu zutenak eta erretiratuak; horiei musika entzuteak ez zien hainbesteko onurarik ekarri.

Konfinamendu sasoia alde batera utzita, badira musikak inoiz inolako onurarik eragiten ez dien pertsonak. Ezaugarri horri anhedonia musikala deitzen zaio, eta hori dutenei musikak ez die plazerik sortzen. Ikuspegi ebolutibotik ezaugarri arraroa da, musikak oinarrizko funtzioak baititu kultura guztietan; haietako bat, oso nabarmena, kidetasuna sortzea eta sendotzea. Beraz, musikarekiko sentiberatasun falta, nolabait, sozializatzeko zailtasunarekin erlazionatuta egon daiteke.

Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean erlazio hori ikertu dute, eta frogatu dute baietz, anhedonia musikala eta anhedonia soziala estuki erlazionatuta daudela. Anhedonia soziala dutenei ez zaie gustatzen jendearekin egotea, ez dute inolako gogorik izaten harreman sozialak izateko. Asaldura batzuetan agertzen da: adibidez, espektro autistan eta eskizofrenian, eta, antzematen eta zaintzen ez bada, gerta daiteke ezaugarri hori duten pertsonek bazterkeria pairatzea.

Era berean, ordea, musika trebezia sozialak lantzeko baliagarria izan daitekeela ondorioztatu dute Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko ikertzaileek. Haien esanean, eskoletan musika entzutea eta jotzen ikastea oso lagungarria izan daiteke ikasle zaurgarriak bakartzea eta jazarpena prebenitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.