Albistea entzun

Jai parekideak helburu

Bilboko Udalak erasoen aurkako kanpaina bat aurkeztu du Aste Nagusirako. Konpartsek 'Nik gozatu, zuk errespetatu, hura zaindu' mezua duten banderatxoekin bete dute jaigunea.
Erasoen aurkako jarrera azaltzeko, banderak eskegi dituzte.
Erasoen aurkako jarrera azaltzeko, banderak eskegi dituzte. MARISOL RAMIREZ/FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Gutierrez Lorenzo -

2018ko abuztuak 18 - Bilbo

Hamar urte daramate udalak zein konpartsek sexu erasoak saihesteko kanpainetan murgilduta. Aurtengo Aste Nagusian ere kanpaina prestatu dute biek ala biek.

Konpartsek, jaiak bizitzaren zentroan jartzen dituztela adierazi dute, eta jai gunea banderatxo morez josi. Horretan aritu ziren atzo hainbat konpartsakide. Banderatxoetan irakurri daitekeen mezua lau haizetara zabaldu nahi dute jaietan, hitzak jarrera bihurtuz: Nik gozatu, zuk errespetatu, hura zaindu. Eranskailuak, pankartak eta autodefentsa feministaren aldarriak ere nonahi ikus daitezke. Gozamena, errespetua eta zaintza ardatz, jai parekideak dituzte helburu: «Erasorik gabeko jaigune bat marraztu nahi dugu», azaldu dute.

Azken egunetan konpartsa guztietako emakumeak batu dira, erasoen aurka daudela argi utzi eta elkarrekin aurre egingo dietela iragartzeko. Jarrera matxisten aurka «hortzak erakusteko» prest daude, eroso sentituko diren jai gunea eraikitzeko bidean. Azken urteetan bezala, erasorik ematekotan informazio bila konpartsengana jotzera dei egin dute. Erasoen aurkako protokoloa prest dute, eta edozein erasoren berri izatekotan aktibatuko dute.

Udalak, bestalde, Ez beti da ez testua duten kartelak jarri ditu hiriko hamaika puntutan, Bilbora datozenei ohartarazteko «Bilbo eraso sexisten aurka dagoen gunea» dela. Urte osoko protokoloa aplikatzen jarraituko dute, eta eraso baten berri bada aktibatuko dute.

Era berean, informazio gunea ezarriko dute Areatzan, bihartik hasi eta datorren larunbatera arte, 18:00etatik 20:30era. Aurten, gida bat osatu dute emakumezkoei zein gizonezkoei aholkuak emateko, erasoen inguruan haiek egiten duten interpretazioa plazaratzeko eta erasorik gabeko jai gunea bermatzeko. Gida edozeinek du eskuragarri, informazio gunean zein bertsio digitalean.

Pauso bat harago ere joan nahi dute, Ez beti da ez jarreraz gain, emakumezkoek «bai esan ahal izateko askatasun osoa» izan dezaten. Erasorik gabeko jaiak sustatzeaz gain, udaleko ordezkariek adierazi dute harreman «libre eta berdintasunezkoetan» oinarritzen diren jaiak lortu nahi dituztela.

Udalak eta konpartsek herritarrei inplikatzeko eta parte hartzeko eskatu diete. Erasoak arbuiatzeko eta, pairatzekotan, salatzeko. Era berean, protokoloa aktibatzekotan, deialdiei adi egon eta bertaratzeko eskaria egin dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Besteez barre egiteari utzi behar diogu»

Unai Etxenausia

Konbentzituta dago Montalvo: arte eszenikoak ikuspegi feminista batetik abiatuz landu behar dira. Umorea feminismoarekin uztartzen duen formakuntza bat aurkeztuko du asteburuan, Ozetan.
Bego Viñuela kaligrafoa, <em>kaligrafia</em> hitza lumaz idazten, Bilboko bere estudioan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jokin Etxeberria, <em>Muak</em>-en. ©MUAK

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Uxue Gutierrez Lorenzo

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...