Iñigo Aranbarri. Idazlea

«Bizirik dauden hildakoen ahotsa dago liburuan»

Memoriaren eta gaurraren artean zabaltzen den espazioan kokatu ditu 'Munduko tokirik ederrena' liburuko hamar ipuinak. Hamaika dira hariak; bidean hilak, droga, boterea, lan mundua; baina, batez ere, garai baten pultsioa azalarazi du idazleak.
ANDONI CANELLADA / FOKU

Itziar Ugarte Irizar -

2019ko otsailak 12
Hasi, hala hasi zen: ipuinak idazten. Dioenez, gero ez du generoaren «beharrik» izan kontatu nahi zuen hori kontatzeko. Orain, iraganarekin, atzoarekin zor bat kitatzeko baliatu du Iñigo Aranbarrik (Azkoitia, Gipuzkoa, 1963) bere estreinako ipuin liburua: Munduko tokirik ederrena. Buruan aspaldi zituen nolabait idatziak bertan bildutakoak, baina denbora behar izan du hona heltzeko. «Ez dakit esperientzia izan den edo zer izan den; baina artikuluak idazteak ere mesede egiten dit. 1.800 karakteretan mundu ikuspegi bat sartu behar duzu, flashka, eta entrenamendu ona da».

Zer izan da Munduko tokirik ederrena idaztea?

Egin nahi nuen liburu bat izan da. Hor dagoen materiala neuk aldean eraman dut; esperientzia pertsonalak, gure belaunaldiko kontu asko... Ez nekiena zen zer forma eman. Ipuinen bat ere bada nobela baterakoa; Astronauta, adibidez. Baina, era berean, inoiz egin gabeko gauza batean ahalegindu nahi nuen, eta hori izan da ipuin bilduma bat egitea: errealitate txatal horiek hartu eta fikzioarekin pizten saiatzea.

Hamar dira, denera. Irratian esan zenuenez, Oteizak bezala, ez zirelako gehiago kabitzen.

Hori da, Arantzazuko apostoluekin bezala. Nahi izan dut hamarrak elkarrekin oso diferenteak izatea, baina nolabait ere txirikordatzea. Horregatik batean protagonista dena bestean oso atzean agertuko da, hirugarren plano batean; irakurlea konturatzeko kosmos edo giro berean bizi direla denak.

Zurea da galdera: nola bizi atzoko guztiak gero eta pisu gehiago hartzen duenean?

Hori da galdera. Nola bizi? Kontua da guk ezagutu dugun mundu bat badoala. Oso gertu dagoena, baina gero eta urrutiago. Gure belaunaldia... ez dakit bizirik atera garen edo, baina bai uste dut orduan hiltzea errazagoa zela gaur egunean baino. Inguruan izan ditugun asko, lagunak, eskolakideak, familiakoak... heroina eta hiesa zela, sasia eta borroka armatua, kotxez hilda, joan dira. Ez dut uste bizitza gutxiago estimatzen zenik, baina dena zen basatiagoa; hala ikusten dut orain. Eta horrek prezio bat izan du. Horrek mundu bat sortu du, egun diferentea dena, eta fikziorako klabe asko dituena. Horretaz hitz egiteko gogoa nuen.

Zama edo pisu izan duzu hori?

Tira, pribilegiatu bat ere sentitzen naiz, kontatu dezakedalako. Uste dut, poeta kantariak zioen bezala, nire zoriontasun hilei ahotsa emateko momentua ere bazela. Azken batean, bizirik dauden hildakoen ahotsa dago liburuan; ez ipuin denetan, baina azpitik doan ibai bat da. Hor arriskua izan daiteke gaztarora itzuli eta idealizatzea, baina justu kontrakoa da: bere gordinean hartu, eta giza harremanen kondizio hori azaltzea.

«Zein hobe gure hildakoak baino zer garen azaltzeko», dio Pirisek lehen ipuinean.

Bai. Askotan, gertatzen zaiguna ere hildakoen bidez azaltzen dugu. Hor dago literaturaren magietako bat; asko ikusten da hor. Nostalgiarik gabe, tristurarik gabe, baina uste dut zor niola neure buruari neure iragan gertuaren errepaso bat.

«Atzoa» bezala definitu duzun iragan bat.

Bai, atzoa, ze ez dut uste denik iragana, ez da memoria; ez da gerra ondorena, ez doa hain urruti. Oraindik bizirik dagoen iragan bat da. Horregatik zait baliagarria.

Urola eskualdean eraiki dituzu fikzioak. Zer garrantzia eman diozu geografia horri lanean?

Unibertsalak izan nahi duten ipuinak hor kokatzeko baliatu dut, oso ondo kontrolatzen dudan inguru batean jartzeko. Baina ez alderantziz; ez dut egin nahi izan Urola bailararen argazki bat. Fikzioak hor kokatu ditut, ziur asko material hori ere hortik datorrelako, baina istorioak dira nagusi, ez ingurua. Halere, egia da inguru hori behar izan dudala, badakidalako inguru horretan pertsonaia horiek nola funtzionatuko duten. Baina inguru askotan da berdin; Urola asko dago.

Babes funtzioa ere betetzen du inguruak pertsonaientzat; erro bat izatea.

Bai, titulua ironia horretatik abiatzen da. Keinu egiten dio gurean hainbeste entzuten den «Hemen baino hobeto, non!» horri. Hori ez da Urolan bakarrik gertatzen. Badago autosatisfakzioaren kultura bat. Baina zer dago horren atzean? Neurri handi batean, beldurra. Hau kontrolatzen dut, eta hemen nago ni ondo.

Autodefentsa bide bat da?

Bai, eta galdera eta kezka askori atea ixteko forma bat ere bai. Pentsaera horrekin ezpal kritiko bat eduki nahi du liburuak. Komunitate bateko partaide izateak hori dakar: erosotasuna eta babesa, eta ederra da hori. Baina, era berean, berak ematen dizu abisua: distantzia pixka bat, ze bestela honek irentsi egingo zaitu. Badago psikosi hori pixka bat. Goxotasuna, baina arroztasuna.

Afektibitatea azaltzen da, eta, harekin, maskulinitatea. Bazenuen hori lantzeko harra, akaso?

Bai, banuen. Interesatzen zitzaidan gizonen artekoa zertan den agertzea, guk nola ezagutu dugun. Gizonak, mutilak, inguru horretan hala portatzea, elkarrizketa horiek edukitzea, motzak izatea harremanetarako, konbentzio sozial afektibo batzuetan gutxieneko maila bat ez ematea, eta, aldi berean, harrokeria bat erakustea. Uste dut ez dela hainbeste landu, askotan karikatura hutsean gelditzen gara, eta mesede egingo liguke hor disekzio bat egiteak.

Istorioen iturria, kasu askotan, ahozko kontakizuna izan da, eta hori gure etxean emakumeen bidez transmititu da. Horrekin ere banuen zor bat.

Isiltasunak gordetzen duena ipuinean kontatzen den exekuzioa zure amonak ikusi ei zuen.

Bai, adibidez. Gure amamak 5 urte zituela eraman zuten ikustera Gipuzkoan garrotez hil zuten azkena. Joxe Tejeria zuen izena, Aiakoa; aita hil zuelako hil zuten. Guk ikasi genuen tokian izan zen, Azpeitiko institutuan. Hor jarri zuten urkamendia, eta kartzela zena orain Azpeitiko anbulatorioa da. Gaur eskandalizatu egiten gara Estatu Islamikoarekin, exekuzio publikoekin... Hori, gure gizartean, atzo da. Eta nik kontatu egin nahi dut atzo hori. Gure amama ez zen mututu, hori fikzioa da; hilketa baten testigu izan denak barruan nola eraman dezakeen hildako hori, fikzioa hortik dator. Heltzen da une bat eta lotzen da beste exekuzio batekin: «Mariaren semea hil dute». Hori Otaegi da. Belaunaldi bakoitzak bere hildakoak ditu, azkenean.

Lehen bestela ziren gauzak-en ere, antzera, mutil laguna hiltzen ikusitako lekuan, Kebab denda bat ageri da orain. «Giza flysch» baten ideia hori oso bizirik izan duzu idazterakoan?

Bai, murgil egitea giza flysch horretan. Alde horretatik, bada oso anti-posmo liburua. Aurreko askoren mozkina gara; hondarra. Magikotasunean erori gabe, bizitzarekin lotutako sugestio hori bilatu dut. Hori adinarekin gero eta gehiago gertatzen da; pilatuz zoaz. Kaletik zoaz, eta esaten duzu: «Umetan aitaren lagun baten dendara etortzen ginen hona, usainarekin ere akordatzen naiz, eta gaur sakelako telefonoen denda bat dago, ez didana ezer esaten».

Aldarritzat ere uler liteke dena hain likidoa eta erro gabea dela esaten den garai hauetan?

Bada aldarri bat, bai: giza flysch horrena. Neurri batean, ideologikoa: munduan zerbait gertatzen bada, ez da zerutik hala etorri delako; produktu sozialak gara, ekonomikoak, kulturalak eta politikoak.

Modeloa ipuinean, memoria historikoari ere egin diozu tokia.

Hor aipatzen den monumentu horretan jolasean aritzen ginen gu umetan. Hura egin zuena ez zen frankista; hor badago traizioaren azpigaia. Begira, Parisko Garaipen Arkuaren azpian badago su bat, omenaldi bat Frantziaren alde gerran hildako soldaduei; egiten zena zen frontetik hartu identifikatu gabeko soldadu bat, eta hor sartu. Eta badago nobelatxo bat, frantses batena, imajinatzen duena hor azpian nor dagoen. Alpe inguruetan hasten da, XIX. mendean. Herriko alkatearen alaba hilda eta bortxatua agertzen da; harrapatzen dute tipoa, eta gizajo bat da; kartzelara eramaten dute, eta gero soldadu sartu. Eta hori da frontean hil eta gero Garaipen Arkuaren azpian sartzen dutena. Orduan, Frantzia denak gurtzen duen hori nekrofilo bat da. Baina herriarentzat modelo moduan jarri nahi dutena hiltzailea da; ez bakarrik frontean, berdin etxean. Horren transposizioa egiten badugu, gure gizarteko idolo asko nolakoak dira benetan?

Azpigai eta galdera horiek denak iradokita ageri dira. Kondentsazioa izan da erronka?

Ez dut erronka moduan hartu; uste dut horrela ateratzen zaidala. Ezingo nuke hau esplizituagoa egin. Literatura hori ere ez zait interesatzen; liburuak irakurlea behartzen du lan bat egitera, baina uste dut ulertzeko nahikoa esaten dudala. Irakurleak zer pentsatu behar duen, hori ez dut esan nahi. Literaturak sedukzio bat izan beharko luke; dena azaldu beharrean, hor utzi. Arriskuak hartzen dira, baina nik ez dut maite bestea.

Aurkezpenean, Anarik esan zuen inoiz baino gozoagoa dela idazkera oraingoan. Kontatu nahi izan duzunarekin bat, agian?

Ez dakit. Agian, goxotasunaren puntu horretara heldu naiz. Nire idazkeraz gauza asko esaten dira, eta denak direkzio berean doaz. Elipsiek, sintaxiak, hitzen hautaketak... badakit askotan urrundu egiten nautela literatur idazkera estandar batetik. Baina urte hauetan guztietan neure estilo bat lantzen ahalegindu naiz, nik sinesten dudan idazkera bat. Beti egiten dut ariketa bat: ipuin bat bukatzen dudanean, ahots gora irakurri, bakarrik nagoela, eta erritmoa hartzea. Halako batean krak egiten badu, gelditu. Zer pasatu da? A, esaldi hau sobran dago. Segi. Ipuin bakoitzarekin behin baino gehiagotan egin dudan ariketa bat da. Kontatu nahi dudanarekin koherentea izan behar du erritmoak berak; nire belarrian dagoenarekin, nire esperientziarekin. Oso propioa izan behar du, baina sinesgarria, erreala ere bai. Apustu estilistiko bat ere bada. Azkenean, literaturan kontatzen dena oso inportantea da, baina nola kontatzen den oso-oso inportantea da.

Lagunartea da aipatzeko beste gai bat. Lehen lerroan dago hasieran, eta berdin bukaeran.

Bai, lehen eta azken ipuinek badute lotura bat: bi mutilen arteko harremana dago bietan. Horrek bil lezake liburuko giroa. Ez dut esango dena barkagarria denik, baina adiskidetasunak baditu lege batzuk askotan ingurukoek ere ulertzen ez dituztenak. «Nola izan zaitezke haren laguna?». Ni izan naiteke nire lagunarekin munduko tipo kritikoena, esango dizkiot zuk esango ez dizkiozunak, eta, agian, ez da izango lagun minena, baina badaude hari batzuk gizartearentzat ikusezinak baina harremanetan mantentzen direnak. Badu horretatik ere.

Hari horiek izan daitezke atzoko guztiak eramateko helduleku sendoenetakoak ere?

Azken batean, hori da: bizitza afektibitatea da. Garai batzuetan, desagertu daiteke, baina hari batzuk geratzen dira, eta susmoa dut adinarekin hari horiek berriro sendotu egiten direla. Bakoitza bi muturretan bizi izanda ere, adinarekin agertzen dela berriz elkarren behar hori; behar afektiboa.

Ipuinetan jasotako atmosferatik, gaur zer geratzen da?

Kontua da nire oraina hori dela, ez iragana. Badaude orain batzuk etorkizunera proiektatzen direnak. Esaten duzu: «Hau hemendik hogei urtera...». Hau alderantziz da: noraino iritsiko den ez dakit, baina honaino iristen da.

Nostalgiarik ez. Baina hartzen duzu faltan orduko ezer?

Faltan ez, baina neurri batean agian horregatik idatzi dut, garai horretan ere segitzeko.

Eta igarri duzu aurreko lanek baino erantzun beroago bat?

Bai, askoz beroagoa. Ez dakit zergatia, ipuinak, gaiak, giroak... Sentsazioa dut jende askok ikusi duela bere bizitzaren zati bat ipuinetan, eta horrek poz handia eman dit.

Idazletza bizitzeko duzun moduan, aldatu da ezer?

Ez dakit. Ogibidea ziurtatuta daukat beste toki batetik, irakasle lanetik, eta horri esker libreago sentitzen naiz bai literaturan eta bai artikulugintzan. Miresten ditut idaztetik bizitzeko pausoa eman dutenak: oso gutxi dira, eta egoera prekarioan bizi dira. Baina hau dena noiz hasten da aldatzen?

Zer da hau dena?

Idazletza eta irudiarena. Gu idazten hasi ginenean, literatura komertziala gauza peioratiboa zen: esan nahi zuen kalitate eskasekoa eta kontsumo handikoa. Idazlea bazinen, idatzi behar zenituen gauza ez-komertzialak eta gutxi saltzen zirenak. Bazegoen literaturaren kontzeptu erromantikoago bat agian: benetan sinesten duzuna idatzi, nahiz eta bi lagun izan aurrean. Gero ez dakit zer gertatu zaigun bidean, baina kontrara jarri gara: salduenak, onenak... Nola onena? Sormena eta superlatiboa ez doaz batera, baina kulturaren irizpide asko hortik doaz azkenaldian. Gu proba-hutsegitera ohitu ginen; liburu denda batean sartu, eta arriskatu. Bat ez zitzaizun batere gustatzen, eta hurrengoa deskubrimentu bat zen. Gaur denok erori gara «hau eta hau irakurri behar dira, hauek dira onak» horretan. Eta sormenaren kultura ez da hori.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna