Joseba Larratxe: «Egitasmoak azkar erantzutea eskatzen du»

BERRIA.
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Hamaika aldizkaritan eta argitalpenetan agertu izan dira Joseba Larratxe (Irun, Gipuzkoa, 1985) komikigilearen irudiak. Sorkuntzaren eta dibulgazioaren arloak ditu gustukoen, eta horrela jaso zuen Trixerten egitasmoan parte hartzeko gonbidapena ere: «Gustura hartu nuen proposamena. Beti da plazera beste medio euskaldun batekin lan egin ahal izatea». Argia aldizkariaren Larrun hilabetekariaren azalen diseinuaz arduratzen da Larratxe, eta esan du ohituta dagoela albiste edo gai bat oinarri hartuta sortzera.

Bertsolaritzarekin alderatu du epe motzean lan egitea: «Gai bat ematen dizute, eta zuk erantzun bat eman behar duzu. Kazetaritzaren munduan denbora tarteak nahiko laburrak izaten dira; beraz, azkar erantzutea eskatzen du, inprobisazio puntu bat. Badituzu jada metafora zehatz eta mekanismo bisual batzuk buruan, irudien liburutegi moduko bat; bertsolariek errimak dituzte». Inprobisazio jolas gisa ikusten du egitasmoa, eta, albisteetatik abiatuta lan egitera ohituta dagoen arren, elastikoak euskarri izatea erronka izango da: «Ez zait askotan suertatu aukera hori, eta bitarteko polita da».

Prozesu horretan, faktore teknikoak zein estetikoak kontuan hartu beharko ditu. Horietako hainbat xehatu ditu: «Zein teknika erabili gero elastikoan ongi gelditzeko, elastikoaren kolorea zein den gogoan izan marrazkiaren azpian nola geldi daitekeen aurreikusteko, eta abar eta abar». Bide horretan, bere esentzia mantentzen saiatuko da: «Niretik heldu nahiko nioke lanari. Ez dut nire izaera estali nahi; alderantziz, oso nirea den marrazki bat egin nahiko nuke, eta, era berean, gaia ongi islatuko duena». Ilusio handia sentituko du inor bere marrazki bat soinean duela ikusten badu: «Gogoari eutsi beharko diot pertsona horrengana joan eta zerbait ez esateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.