Apichatpong Weerasethakul. Zinemagilea

«Errealitatearen eta fikzioaren arteko muga lausoan bizi gara»

Egiazkoa denaren eta ez denaren artean bizi garela dio Apichapong Weerasethakul zinemagile thailandiarrak, eta jolas hori lantzen duela bere pelikuletan. Bilboko Zinebi jaialdiko Ohorezko Mikeldia jasoko du bihar.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Joe deitzeko dio Apichatpong Weerasethakul (Bangkok, 1970) zinemagile thailandiarrak, irriz. «Errazagoa da». Zinema independentea egiten dutenen artean, erreferentea da Weerasethakul. Errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak zeharkatzen aritzen da bere lanetan. «Zer den bata, eta zer bestea, ezin zaitezke guztiz ziur egon». Uncle Boonmee Who Can Recall His Past Lives (2010) film luzearekin Cannesko zinema jaialdiko Urrezko Palma jaso zuen, eta horrek egin du ezagun, baina aurrez epaimahaiaren saria ere eman zioten Cannesen Tropical Malady (2004) pelikulagatik.

Oro har, film laburrak egin ditu Weerasethakulek, eta bere azkena aurkeztuko du Bilboko 60. Zinebi Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldian: Blue (2018). Ohorezko Mikeldi sarietako bat ere jasoko du bihar, jaialdiaren itxiera ekitaldian. Barnerakoia dela dio zuzendariak, eta komunikatzeko egiten dituela filmak. «Herri txiki batetik nator, eta zinema babesgunea izan da niretzat, ihes egiteko eremua».

Zinema independentean aritzeak aukera gehiago eman dizkizu?

Zinema independente eta esperimentala bat dator nire izaerarekin. Oso burugogorra naiz, eta asko kostatzen zait zinema industrialak dituen geruza guztiekin lan egitea. Gardenagoa iruditzen zait zinema independentea, eta horrek laguntzen dit filmetan landu nahi ditudanak garatzen. Nolanahi ere, gaur egun, oso zaila da zinema komertziala zer den eta zer ez den bereiztea, oso kontrol gutxi baitago. Zinema produktu bat da gaur egun, eta gauza bera gertatzen da artearekin ere. Uste dut definitu beharko litzatekeela gaur egungo zinema komertziala zer den eta zer ez den.

Film labur gehiago dituzu film luzeak baino, eta luzeek egin zaituzte ezagun.

Film laburrekin askeagoa naiz, malguago jarduteko aukera ematen baitidate, baita esperimentatzekoa ere. Film luzeak askoz ere zurrunagoak dira, eta ez didate alde batetik bestera mugitzeko tarterik ematen. Maiz aipatzen dut kamera baten atzean nagoen aldiro nire haurtzarora itzultzen naizela, eta askatasunarekin lotzen dut nik hori. Sentimendu horrek eramaten nau film laburrak egitera, zinemagile gisa, sentipen eta pentsamendu guztiak askatasunez azaltzea oso garrantzitsua baita.

Memoria film luzea duzu esku artean, Thailandiatik kanpo egin duzun lehen pelikula. Zer du atzean?

Bai, hala da, lehen aldiz atera naiz kanpora filma egitera, eta, gauzak ondo bidean, 2020. urtean estreinatuko da. Arrazoi askorengatik jo dut atzerrira: zinemagintzan oso eroso sentitzen naiz Thailandian, baina gero eta zailagoa egin zait bertan iritzi politikoak azaltzea, eta niretzat oso garrantzitsua da. Herrialdean dugun indarkeria etengabekoa da. Diktadura batean bizi gara, eta horregatik jo dut Latinoamerikara. Inspiratu egiten nauen lurraldea da: paisaia ederrak ditu, eta esango nuke Thailandiaren antza ere baduela.

Oroimen berrien bila jo duzu hara?

Beste mota bateko memoria historikoa du herrialdeak, oso ezberdina dena eta erakargarria egiten zaidana. Gainera, erronka ere bihurtu zait orain arteko erosotasun horretatik alde egitea: errealitate, hizkuntza eta pertsona berriak ezagutzera behartu dut neure burua, eta oroitzapen berriekin egin dut topo. Orain arte sortu ditudan film guztiak nire oroitzapen propioetan oinarritu dira, eta, kasu honetan, beste pertsona batzuen memoriarekin ari naiz lanean. Oso interesgarria da hori guztia zinemara nola eramango dudan aztertzea.

Idatzitako lan bat eraman duzu hara, edo bertako bizipenekin osatu duzu gidoia?

Esango nuke bikoitza izan dela prozesua; bien arteko nahastea da. Nire istorioak eta Kolonbian bizi den jendearen bizipenak nahastu ditut. Kolonbiara iritsi nintzenean, eztanda bat izan nuen buruan, soinuzko haluzinazioa deitu diodana. Sentipen horrekin abiatzen da filma, propioa dena, nik bizitakoa. Baina kolonbiarrekin egin ditudan elkarrizketek aberastu dute filma, gerora. Hortaz, Memoria filma soinuzko ikerketa bat izango da, nolabait.

Filmetan auzi politikoak lantzen dituzula diozu. Helduko diozu Kolonbiako gatazkari ere?

Oso ezberdinak gara thailandiarrak eta kolonbiarrak, ez dugu zerikusirik. Thailandiarrak oso otzanak gara, eta han ez dituzu ikusiko aldaketa eskatzeko altxamenduak eta halakoak, Latinoamerikako herrialdeetan ez bezala. Pelikula ez dut asmo politikoekin egin, atzerritarra bainaiz hango lurretan eta ez baitut horretarako zilegitasunik. Baina, aldi berean, atzerritar gisa lurraldearen gatazkarekiko memoria ariketa bat egiten dut.

Errealitatearen eta fikzioaren arteko mugan zabiltza zure filmetan: zergatik etengabeko nahasketa hori?

Errealitatearen eta fikzioaren arteko muga lausoan bizi gara. Zer den bata eta zer bestea, ezin zaitezke guztiz ziur egon, are gutxiago Hirugarren Mundua deitzen zaien lurraldeetan. Adibide bat jarriko dizut: eskolara joatean, bertan ematen dizkizuten testuliburuetan, zure herrialdeko historia edo historia nazionala deritzona azaltzen dizute, eta adinean gora egin ahala konturatzen zara haurra zinenean liburu horietan irakurtzen zenuen guztia fikzioa zela, edo, gutxienez, propaganda.

Horregatik jotzen duzu iraganera?

Thailandian, adibidez, oso era nabarmenean ari gara bizitzen prozesu hori: herrialdearen historia fikzio bihurtu zaigu. Begiak irekitzen dituzunean eta konturatzen zarenean, zuzenean eragiten du zure identitatean, zure sustraiei buruzko zalantzak sortzen baitzaizkizu etengabe. Zinemagintzak ere hori eskaintzen du: egiazkoa denaren eta ez denaren arteko jolasa da. Azken batean, bien artean dagoen lerro hori oso fina da; areago, gehienetan, lerrorik ere ez dago. Hori interesatzen zait.

Eta etorkizunari dagokionez, nola irudikatzen duzu teknologia berrien sarbidea zineman eta artean?

Jakin-min handia pizten dit teknologia berrien eremuak. Ematen ez badu ere, teknologia berrien garapenaren lehen estadioan gaude oraindik; oso berria da dena. Horregatik uste dut, filmei dagokienez, epe laburrean ez dugula aldaketa handirik nabarituko. Edonola ere, jakingura dut errealitate birtualarekin. Jakin nahiko nuke zinema egiteko mota eraldatuko ote duen, eta nola.

Zineman ez ezik, bideo artean ere aritzen zara.

Film laburrak, luzeak eta arte performanceak nahastea dut gogoko, guztia jartzen baituzu harremanetan. Memoria filmarekin batera, arte plataforma bat ere prestatuko dut. Filmek ematen ez duten aukera ematen didate halako ikuskizunek, ikusleek parte hartu eta artelanean eragiten dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.