Txema Auzmendi. Jesuita

«Niretzat, sufrikarioa zen Kubako askatasunik eza»

Duela zortzi urte Kubara joan ondoren, joan den ekainean itzuli zen Txema Auzmendi, «gaizki» sentitzen zelako hango sistemarekin. Uste du aldaketen beharrean dela Kuba. Euskal Herrian sumatu du aldaketarik; batik bat, Iparraldean, «kontzientzia» aldetik. Bideoa albistearen amaieran. 
MARISOL RAMIREZ / FOKU

Enekoitz Esnaola -

2018ko abenduak 16
Txema Auzmendik (Ordizia, Gipuzkoa, 1949) 2010ean, Egunkaria auziko itxiera kasuan absoluzio epaia jasotzeaz gain, beste berri garrantzitsu bat izan zuen: Herri Irratia itxi zuten. Lan hori gabe geratu zen. 60 urte zituen, eta ez zen ikusten ikastetxe batean edo unibertsitatean eskolak ematen, eta Afrikara edota Indiara joatea eskatu zion bere jesuitaburuari. Kubako aukera atera zen. Haraxe. «On egin zidan ateratzeak». Sei urte egin zituen Kuban, ondorengoa Dominikar Errepublikan, eta gero beste urtebete Kuban berriro. Ekainaren 23an itzuli zen Euskal Herrira. Durangoko (Bizkaia) jesuiten etxean dago ordutik.

Zertara joan zinen Kubara?

Kubako sistemagatik, ez neukan han kazetaritza egiteko aukerarik. Lan pastorala egitera joan nintzen, eta, adibidez, euskara eskolak ere eman nituen Santiagon eta Habanan. Gogo jardunak ere egin nituen laikoekin eta erlijiosoekin.

Nola dago herrialdea?

Egoera gogorrean dago. Herritarrek zenbait urtetan ikasteko eta formatzeko aukera ederra izan zuten, batik bat Sobiet Batasunaren laguntza ekonomikoa jasotzen zutelako. Kuban diktadura bat botatzeko herritarrek lan ederra egin zuten, asmatu zuten, eta 20-25 urtean oso gauza onak egin zituzten han. Gero, SESBen desegitearekin, egoera okerrera joan zen.

Itzultzea erabaki duzu. Zergatik?

Kuban ez dago askatasun ideologirik, eta hori izan dut bueltatzeko arrazoi nagusia. Sufrikario bat zen niretzat. Neure buruari esaten nion haiei ez niela esango zer egin behar duten, baina gaizki sentitzen nintzen askatasunik ezarekin, eta pausoa eman nuen behin.

Zer? Noiz?

Hiru apaiz kubatarrek urte honen hasieran Raul Castro presidenteari gutun bat idatzi zioten, pribatua, kritika batzuk eginez. Niri ere heldu zitzaidan eskutitza, posta elektronikoz, Habanatik hango batek bidalita. Santiagon nengoen orduan, eta gure etxeko nagusiari esan nion gutuna irakurri egingo nuela parrokian, Pazko Eguneko mezan. Leitu nuen, esanez hiru abade kubatarrek idatzi zutela, eta aitortu nien ez zela hura lekurik aproposena gutunaren berri emateko. 300en bat lagun egongo ziren elizan. Bospasei altxatu egin ziren, eta martxa. Atzealdetik emakume bat oihuka izan nuen. Beste batzuk eskerrak ematera etorri ziren, eta baten batek eskatu zidan kopia bat. Hiru abadeek diotena da komeni dela Kuban gauza batzuk aldatzea, herritarren onerako.

Autoritateen aldetik kexarik-edo jaso al zenuen irakurtzeagatik?

Neuk ez, baina badakit Santiagoko gotzainari eta gure parrokiko nagusiari heldu zitzaizkiela idatzi batzuk; ez zidaten esan zeinek bidali zizkien, ezta zer zioten ere, eta neuk ez nien galdetu. Ni han kanpotarra izanik, gehienez ere nirekin egin zezaketena zen hegazkin batean sartu eta kanporatu. Hangoek zituzten arazoak, ez nik. Gutuna irakurri ostean, emakume bat kezkatuta etorri zitzaidan; esan zidan sendagilea dela, militarrekin lan egiten duela eta, jakiten bazuten bera meza horretan zegoela, arazoak izan zitzakeela.

AEBen blokeoak zenbateraino eragiten du Kuban?

Inperio bat dira Estatu Batuak, ondoan dute Kuban, eta presio egiten diote, kontrolatzeko, bere zerbitzari edo esklabo izan dadin. Kubatarrek garbi dute ez dutela kontrolik nahi, eta kontzientzia hori zabaldu dute Hego Ameriketan. Nik ez dudana ulertzen da Kubatik AEBetara joandakoek zergatik bultzatzen duten blokeoa, bai baitakide kaltetuak herritar xumeak direla, ez gobernua.

Eskasia al daukate herritarrak?

Hilean hamarren bat dolar irabazten dituzte, eta familia aurrera atera behar... Bizitzeko zailtasunak dituzte. Gezurra nonahi dago han, esanez dena ondo doala, baina larrialdia dago, lapurreta... Hala ere, egoera horretan dauden arren, herritarrak maitagarriak eta atseginak dira. Munduan ibilia naiz eta ez dut aurkitu halako jenderik. Dominikar Errepublikan egon ondoren, jendeagatik ez zitzaidan kostatu hara bueltatzea.

Aldaketarik aurreikusten al duzu Kuban?

Fidel Castrok 2011n utzi zuen Alderdi Komunistako buruzagitza , baina ez da aldaketarik gertatu. Belaunaldi kontu bat dela ere uste dut; hau da, 1959an iraultza irabazi zutenak hiltzen ez diren bitartean ez dela aldaketa sakonik egongo. Nahiz eta 80-85 urteko jendea den, haiek kontrolatzen dute. Raul Castro 1931koa da, esate baterako, eta hura da Alderdi Komunistako burua. 60 urteko jendea ez da iraultza garaikoa, eta, beraz, mentalitate desberdina dute, baina ez daukate agintea. 5-10 urte barru beste egoera batean egon daiteke Kuba. Hala ere, Kuba desberdin batean justizia sozialak egon behar duela uste dut, berdintasun batek.

Egon al zara han euskaldunekin?

Euskadi Irratian hitz egiten nuenean, Santiagon nintzela beti bukatzen nuen esanez euskaldunek gurean bazutela Euskal Kontsulatua. Etorri ziren batzuk, abisatu gabe; haien artean, Tasio Erkizia. Debekatua geneukan jendea hartzea; harrapatzen bagintuzten, bi mila dolarreko isuna genuen. Habanan, berriz, euskaldunen kuadrilla bat Bonbilla Verde jatetxean elkartu izan ginen —Balmasedako [Bizkaia] batena da—, giro onean.

Zeinekin egon zinen Habanan?

Angel Azkarraga Matxitxa-rekin edota Joseba Sarrionandiarekin. Behin parrokian emakume batek esan zidan ezagutzen zuela euskal munduaz tesia egin nahi zuen unibertsitateko ikasle bat, eta ea hark norekin hitz egin zezakeen. Habanako Unibertsitatean euskararen historiaz eskola ematen hasia zen Sarrionandia [2016n], eta harengana bideratu nuen, baina baita Matxitxarengana ere, hori ere euskal kulturari lotuta baitago. Badakit biengana joan zela ikasle hori, eta oso ondo hartu zutela.

2010ean joan zinen Kubara. Bakegintzan-eta gauza batzuk aldatzen hasita ziren Euskal Herrian.

Gatazka politikoa artean oso bizirik zegoen, eta latzak ziren ondorioak. Segitu dut prozesua, ahal zen moduan, eta pozgarria izan da borroka armatua bukatu izana. Beste egoera bat dago orain. Baina ikusten da oraindik zauri asko eta sufrimendu handia daudela alde batean eta bestean, eta ez da erraza bideratzea. Hala ere, jende asko ari da sufrimendua baztertu gabe egoera gainditu nahian.

Sufrimendua aipatu duzula eta: Egunkaria auzian atxilotu, espetxeratu eta epaitu egin zintuzten. Barkamenik ba al daukazu?

Bai. Sufrimendua egon denean —indarkeria politikoaren kasuan, adibidez, ETAk erabili du, baita estatuak ere, tortura eta hilketekin—, sufritu duen batek bere barruan aurkitzen ez badu min egin duena barkatzeko biderik, oso gogorra egingo zaio bizitza, eta gorrotoa izan dezake bestearekiko. Min egin duenak ez du eskatu behar barkamena; barkatzea norbere barruan dago. Nik barkatzen diet Egunkaria auzian tratu txarra eragin zidatenei. Gero, berradiskidetzea beste kontu bat da, zailagoa, eta batzuetan ezinezkoa.

Egunkaria auzian, absoluzioa bai, baina ez zen erreparaziorik izan Madrilen partetik.

Espainiako Estatuak egunkari bat itxi zuen 2003an, eta egunkari hori ez zen gehiago ireki. Bai, Auzitegi Nazionalak absoluzio epaia eman zuen 2010ean, baina ez dugu inolako kalte-ordainik jaso. Ez da justiziarik egin batere. Estatuak barkamena emango balu, ondo, nahiz eta nik neuk ez diodan eskatzen halakorik. Batik bat, justizia egin beharko luke; kaltea erreparatu, nolabait. Egia jakitea ere nahiko nuke nik: zer egin nahi zuten?

Zure ustez, zer?

Ezin dutenez euskara hil, euskararentzat oso euskarri on bat kendu nahi izan zuten. Euskarazko egunkari bakarra genuen, gure hizkuntzari egunero bizitasuna ematen zion, eta paretik kendu zuten, euskara hiltzen laguntzeko asmoz.

Esan izan da asmoa orokorragoa zela, eta euskal kultura bere osotasunean jo nahi zutela.

Dena ETA da teoriarekin zebiltzan garaiak ziren, eta, aitzakia horrekin, guztiak balio zuen. Neuk bake handia daukat, eta min egin didana izan da auzipetu batzuk sufritzen ikustea [osasun aldetik]. Istorio tristea da; ikasi dugu astakeriak egiten direla. Atzera begiratzen bizitzeak ez du zentzu handirik; aurrera begiratu behar da.

Euskal Herrian eragile politikoak barkamena eta autokritika eskatzen ari dira etengabe.

Ez dut uste bide egokia denik horretan segi eta segi ibiltzea. Adibidez, ez da zuzena presoak Euskal Herrian ez egotea barkamenik ez badute ematen. Bidegabekeria bat da hori, lehen eta orain.

Zortzi urtera itzuli zara etxera. Zer ikusi duzu desberdina?

Lehen baino askoz jende gehiago ikusi dut Donostian-eta; pila bat turista. Nik uste ETA desagertzearekin turismoak irabazi egin duela. Gero, beste kontu bat da turismoak zer ondorio dakartzan.

Politikoki alderik ikusi?

Ipar Euskal Herriko kontzientzia aldaketak atentzioa eman dit. Abuztuan Maulen izan nintzen pastorala ikusten, eta, neuk behintzat, Iparraldeko asko eta askori herriarekiko sentimendua atzeman diot. Asko poztu naiz. ETAren armagabetzearen egin zutena ere handia izan zen, Luhusoko [Lapurdi] baserri hartan hasita orain bi urte, gero elkarlan hura...

Orain dela hiru urte Nafarroan ere aldaketa handia izan zen.

Hori ere nabarmendu behar da. Lau indar politiko ados jarri izana txalogarria izan zen. Asko poztu nintzen. Lortu ezinezko gauzak ziruditen, baina pausoak emanez gero... Utopiaren zalea naiz ni.

Eta burujabetzaren aldekoa.

Bai. Euskaldunok geure buruaren jabe izan nahi dugu. Eman ditzagun pausoak, beraz. Oso interesgarria izan da herri galdeketen egitasmoa. Nik bukaerako sorta harrapatu dut, Donostiako kontsulta-eta, eta neure artean esan dut: hau da bidea. Jada ez dago ETAren indarkeria, eta aukera paregabea dugu. Itxaropen handia behar da. Merezi du. Alemanian egon nintzenean ikasketak egiten, han ikasi nuen nazio batekiko pertenentziarena. Nire nazioa Euskal Herria da, eta nazio gisa aritu beharko genuke, Europaren barruan. Gure herria maite badugu, konbentzituta bagaude eta ametsari eusten badiogu, zergatik ez? Utopia izan behar dugu, euskaratik hasita. Euskararik gabe ez dut ikusten Euskal Herririk; beraz, ezinbestekoa da euskara. Nola egin hori? Bide luzea izango da, eta erraza ez, baina bidea egin egin behar da.

Parekoak ez badu uzten, zer?

Indarkeriarik erabiltzen ez duen herri bati askatasuna ukatzen bazaio, edonoiz etor daiteke indarkeriazko beste leherketa bat, zoritxarrez. Hala ere, herri batek bere askatasunerako indarkeria eza izan behar du printzipio bat. Gero, oso garrantzitsua da lider on bat izatea ere, eta, gizarte zibilarekin kontatuz, asmatzea.

Durangoko jesuiten etxean zaude orain. Etorkinak dauzkazue.

Donostiako Loiola Etxera joatea eskatu nuen, baina Durangon jesuitak adin handikoak direla eta hona etortzeko esan zidaten. Oso pozik nago. Orain 11 urte Jesuiten Etxea proiektua jarri zuten martxan Durangon, eta urtean lau gazte jasotzen ditugu. Jendeari leku bat izaten laguntzen diogu. Urtebete ematen dute gurekin, eta Berrizen [Bizkaia] lanbideren bat ikasten dute. Orain, Senegalgo hiru eta Ghanako bat ditugu. Bigarren urtean, familia batek doan utzitako pisu batera joaten dira; guk ere laguntzen diegu, baita laikoen talde batek ere, eskolak-eta ematen.

Mundu mailako arazo handi bat da migrazioa.

Errazena errua migratzaileei leporatzea da. Kontzientzia falta bat dago, eta herrialde eta gobernu handien politika ez da egokia, baina, zorionez, munduan jende eta elkarte asko daude migratzaileen alde lanean. Euskal Herrian badago etorkinak laguntzeko kontzientzia, baina ulertzen ez dutenak ere badaude, eta tristea da, edonora joaten bazara euskaldunak daudelako, hara joan zirelako. Ez da erraza, baina kontrako jarrera izateak ez du laguntzen.

Nola konpon daiteke auzia?

Europako Batasunak ez du etorkinen integraziorako politikarik, eta eskuin muturra indartzen ari da toki askotan. Gauden egoeran, integrazio politikak behar dira, baina baita Afrikarako politikak ere, hangoek bizi kalitatea eta aberastasuna izan ditzaten. Potentzia batzuek, ordea, negozio handiak dauzkate auzi honetan: armagintza, petrolioa... Kontzientzia etikoa eta elkartasuna behar ditugu. Zuk zuretzat nahi ez duzuna, zergatik bai besteentzat? Bestearekiko duintasunik eta errespeturik gabe, zer? Armak, adibidez: industria bat dago, dirua irabazten da, jakinda armekin hil egiten dela... Zer kontzientzia sozial da hau? Zer etika? Hurrengo belaunaldiei zer gizarte utzi nahi diegu?

Nolako bizimodua daramagu?

Egundoko eromena dago, hainbeste telefono mugikor, mezu eta sare sozial. Batzuetan, irudipena dut esklabotza moduko bat sortzen dutela horiek, halako menpekotasun bat, lotura bat. Jende gaztea ikusten dut horrela asko. Nola lagundu behar zaie gazteei tresna horiek ondo erabiltzen? Ez diot tresnok txarrak direnik, baina lan handia dugu egiteko, eta horretarako ere etika behar da. Guztiok behar ditugu printzipio batzuk.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna