Albistea entzun

Euskara. Udal akten auzia

Epaileak Urkijori azaldu dio «erabat» legezkoa dela aktak euskaraz igortzea

Amezketako eta Gaintzako udalen aurka hasitako auzibidea galdu egin du gobernuaren ordezkariak.

Epaiarekin pozik da Uema, baina segurtasunik ezaz ohartarazi du, aurkako epai bat ere badago eta
Urkijok euskararen harira udalen aurka auzibideak abiatu zituenean egindako protesta bat, Zarautzen, iazko apirilean.
Urkijok euskararen harira udalen aurka auzibideak abiatu zituenean egindako protesta bat, Zarautzen, iazko apirilean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Garikoitz Goikoetxea -

2015eko irailak 17 - Donostia

Udalek aktak euskaraz egitea eta Espainiako Gobernuaren ordezkariari hizkuntza horretan bidaltzea «erabat» da legezkoa, euskara ofiziala delako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Argudio horrekin, Donostiako Auzitegiak erantzun irmoa eman dio Carlos Urkijori, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariari, udalen euskarazko aktengatik hasi duen auzibidean. Gaintzako eta Amezketako kasuak aztertu ditu epaileak, eta atzera bota ditu Urkijoren salaketak. Areago, kontu hartu dio, gaztelaniazko itzulpenak eskatuta euskarari ez diolako «eraginkortasun eta baliozkotasun osoa» ematen, nahiz eta euskara hizkuntza ofiziala den legez.

Beste dozenaka udalekin batera, bi horiek ere auzitara eraman zituen Urkijok, udalean hartutako erabakien berri euskaraz emateagatik. Ez ditu ontzat hartzen euskarazko dokumentuak, alboan gaztelaniazko itzulpenik ez baldin badute. Ez-hartutzat jotzen ditu dokumentuak, eta legea ez betetzea egozten die udalei, agiriak derrigor bidali behar direlako.

Azken bi urteetan ugaritu dira salaketak, batez ere Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko udalen aurka. Eusko Jaurlaritzak ere esku hartu du gaian, bi aldetatik: batetik, txosten juridiko bat egin du, aktak euskaraz taxutzea eta bidaltzea legezkoa dela defenditzeko; bestetik, udal batzuen kontrako auzibideetan pertsonatua dago, demandatu gisara.

Iazkoak dira salaketa gehienak, eta, beraz, epai gehienak falta dira. Atzokoekin, lau epai iritsi dira aktei buruz: hiru, alde; bat, aurka.

Erakundeen obligazioak

Donostiako Auzitegiaren sententzia oso irmoa da Urkijok jarritako salaketarekin: argudioak atzera bota ditu banan-banan. Aktak euskaraz jaso zituztelako, bi akusazio eraiki zituen abokatuak: batetik, euskaraz bakarrik zeudelako, agiriek ez zutela baliorik; bestetik, ustez baliorik ez duten agiriak bidali zituztenez, udalek ez zutela bete obligazioa, agiriak gobernuko ordezkariari igortzekoa.

Bigarren salaketa zuzenean bota du atzera epaileak, aktak bidali dituztela agerikoa baita. Euskarari buruzkoa da oinarria, beraz: udalak ba ote duten obligaziorik aktak gaztelaniaz edo ele bitan igortzeko. Argi dio epaileak: «Obligazio hori ez da existitzen».

Hori oinarritzeko, finean, Jaurlaritzak azken hilabeteetan maiz aipatu dituen argudioak berretsi ditu epaileak. Batetik, gobernuaren ordezkaritza ez dela nor beste erakunde bati zein hizkuntzatan jardun agintzeko: «Herri agintariek ez daukate hizkuntza eskubiderik, obligazioak baizik». Herritarrak eta erakundeak ez direla berdin, alegia: herritarrek, bai, badaukate eskubidea euskaraz edo gaztelaniaz informazioa jasotzeko; erakundeek, ez. Akten kasuan, harremana bi erakunderen artekoa nola den, bi hizkuntzak dira baliozkoak. Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epai bat ekarri du gogora: «Herri agintariek bi hizkuntza koofizialetatik edozein erabil dezakete lurralde esparru horretako beste erakunde publikoekiko harremanetan».

Bigarren gakoa hor dago. Euskarak balio du, baldin eta agiriak lurralde horretarako baldin badira. Aktak hala direla uste du epaileak: «Ez dago itzuli beharrik, ez baitute eraginik EAEtik kanpo».

Interpretazio kontua da. Iazko uztailean beste norabide bateko epaia eman zuen Bilboko Auzitegiak. Kasu bera: Lekeitioko Udalak euskaraz bidali zizkion aktak Urkijori, eta auzitara jo zuen hark. Irabazi egin zuen. Epaileak esan zuen itzuli egin behar zirela EAEtik at eragina eduki dezaketelako.

Auzitegien desadostasunak

Ikuspegiak ez datoz bat, hortaz. Beste diferentzia bat. Donostiako epaileak adierazi du euskarazko aktak baliozkoak direla eta Urkijo behartua dagoela hartzera: «Azkenean, estatuaren abokatuak esan nahi du euskarak balio duela gaztelaniarekin batera erabiltzen bada; euskara ofizialtasunaren doktrinatik ondorioztatu ezin den leku batera menderatzea dakar horrek». Bilboko epaileak, aldiz, adierazi zuen udalek itzulita bidali beharko lituzketela aktak; erakundeen arteko lankidetzaren printzipioa jarri zuen argudiotzat.

Gai horri dagokionez, interesgarri da Donostiako epaileak Urkijori aurpegiratu diona: «Ez dirudi arrazoizkoa denik, 35 urteren ondoren, horrelako izaera eta bitartekoak dituen erakunde batek beste instituzio bat salatzea euskaraz idatzia dagoelako; izan ere, estatuaren administrazioa behartua dago euskaraz hartzera, tramitatzera eta erantzutera erkidegoko herritarrek hizkuntza horretan egiten dizkioten eskariak». Irurako Udalaren aktak baliozko jotzeko epaian ere gisa bereko argudioak erabili zituen auzitegiak.

Kontua da ez dagoela erabateko segurtasun juridikorik, ez baitatoz bat epaile batzuk eta besteak. Azken epaia ondo hartu du Uemak, baina ohar hori egin du Miren Segurola koordinatzaileak: «Ezin dugu auzitegi batean haizeak nondik jotzen duen edo epaile batek zer-nolako eguna izan duen zalantzan ibili, kezkaz». Ildo beretik mintzatu da Paul Bilbao ere, Kontseiluko idazkari nagusia: «Damoklesen ezpataren azpian jarraitzen dute euskaraz bizitzeko politika ausartak abian jarri zituzten zenbait udalek». Atzo jakinarazitako epaia poztekoa dela adierazi du Bilbaok, baina ohartarazi du «lasai» ezin dela egon.

Udal legean gai hori bideratzeko eskatu du Uemak: euskarazko aktei «lege babesa» ematea eta «behin betiko blindatzea». Moldaketa bat egiteko asmoa agertua du Eusko Jaurlaritzak, hori bermatze aldera. Harago jo du Kontseiluak, eta hizkuntza politika egiteko eskumena galdegin du: «Kasu hauek agerian uzten dute euskaldunak ez garela askeak».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Larunbateko manifestazioaren balorazioa egin du Euskara Aurrrera-k. ©Jon Urbe / FOKU

Euskararen aldeko «olatu berri bat» altxatzera deitu du Euskara Aurrera-k

Oihane Puertas Ramirez

Antolatzaileen arabera, dinamikak izan duen harrera «ona baino hobea» izan da, eta nabarmendu dute euskalduntzean urratsak egiten jarraituko dutela. Besteak beste, egungo garaira egokitutako hizkuntza politika berriak exijitu dizkiete administrazio publikoei.

 ©Idoia Zabaleta / FOKU

Europan hazi eta saldutako frutan %53 areagotu dira pestizidarik arriskutsuenen trazak azken 9 urteotan

Edu Lartzanguren

Azterturiko gerezien erdia kutsatuta dagoela aurkitu dute ia hamarkada batez eginiko ikerketan. Europako Batzordearen eta EBko estatu kideen «erabateko porrota» salatu dute, EBko arauak ezartzeko eta kontsumitzaileak babesteko orduan.

Paziente batek gordetako <em>blister</em> edo pilula zorroak; ezkerrekoan argia da haurdunentzako ohartarazpena; eskuinekoa, berriz, abisu hori jartzen hasi aurrekoa da. ©BERRIA

Depakineren «egia» argitu arte

Arantxa Iraola

Botika bat hartzeagatik azido balproikoaren sindromedun seme-alabak izan zituzten zenbait andrek dena prest dute auzitara jotzeko. Espainiako justiziak epai bat eman du Sanofi botika etxearen aurka

«Sanofik erabaki zuen irabaziak lortzen jarraitzea»

«Sanofik erabaki zuen irabaziak lortzen jarraitzea»

Arantxa Iraola

Sanofiren aurka auzibideak martxan dituzten familien kasuak daramatza Ignacio Martinez abokatuak. Botika konpainia handia da, eta aski zaila dela aitortu du: desorekatua.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...