SERIEA. EUSKARALDIAREN OSTEKOA (VII)

Ispiluaren aurrean

Iker Martinez de Lagos
2019ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Euskal Herri osoko gizon-emakumeak, esperimentatzen, ahaldunduz, inguruari norberaren hizkuntza hautua adierazi eta hautua portaera bihurtuz, ulermenak ateak zabaltzen dituela frogatuz, lorpenetaz harro eta zailtasunen jabe. Banakako ariketa kolektiboa, elkarlanean antolatua eta euskaltzale sarea aktibatuz.

«Hau hasi besterik ez da egin» esanez amaitu genuen abenduaren 4an Euskaraldiaren lehen balorazioa. Aurreko 11 egunetan egindako ariketa kolektiboaren eragina aintzat hartuz baina egiteko dugun bidea luzea dela jakitun. Eta arduraz. Euskaraldiaren aurrekariak asko eta askotarikoak izan dira: tailerrak, kontzeptuak, gogoetak, herrietako ekimenak, performanceak, planak eta aldarrikapenak. Proposamenak elementu horiek uztartu eta ariketa kolektibo bihurtu zituen. Ondoren, askoren ahaleginak (euskalgintzako eragile, erakunde, euskaltzale eta entitate askoren ekarpenak) olatuari beste abiada bat eman dio. Sortutakoak aurrerantzean bide berriak zabaldu behar dizkigu, eta bide horietan eragile guztiok ardura dugu.

Euskaraldiak arrastoa utziko duela ere esan genuen ariketa amaitu berritan, geruza ezberdinetan eragina izango duen ekimena izan dela sinetsita gaudelako. Hiztun bakoitzarengan dakarren gogoeta eta aldaketaz gain, gizartean eta eragileen arteko harremanetan inertziak astintzeko helburua izan du ekimenak hasieratik. Hurrengo urteetan helburu horietako bakoitzean sakontzen jarraitu behar dugu.

Geruza ezberdinetan eragin du Euskaraldiak, bai. Jaso ditugun bizipenetatik ariketak ahobizi edo belarriprest gisa jardun duten askoren hizkuntza-portaeretan aldaketak sortu dituela dakigu (ohituren kontzientzia sortu eta hainbat kasutan portaera-aldaketa bultzatu). Gainera, familia, lagunarte, bulego, komertzio eta kale askotan harreman-hizkuntza bera berba gai izan da lehenengoz. Herri askotan euskalgintzako eragile, instituzio eta bestelako entitateen artean elkarlana egon dela ere ikusi dugu, eta berria izan da hori hainbat herritan. Baina era berean, jakin badakigu jende askok ez duela oraindik gogoeta egin edo bere harremanetako hizkuntzetan aldaketarik egiteko beharrik sentitu, beste askorentzat hizkuntza ez dela hizketa gai izan eta hainbat herritako eragileen artean ez dela urtetako harreman falta gainditu. Badago lana oraindik.

Ispilu handi bat izan dugu aurrean Euskaraldiarekin: ahobizi edo belarriprest bakoitzak, gure hizkuntza ohiturak eta praktikak aztertzeko ispilua; erakunde bakoitzak, euskarak eta euskarazko harremanek bere barnean duten lekuaz hausnartzeko ispilua; gizarte moduan euskaraz bizitzeko dauden aukerak, mugak eta trabak aztertzeko ispilua; eta eragileen arteko harremanei begiratzeko ispilua. Hizkuntzarena ez da afera pertsonal bat, hau bakoitzak (norbanako, erakunde, gizarte) bere arduratik eta bere eragin eremutik aztertu beharreko gaia da, eta aurrerantzean ere garrantzitsua izango da ispilu hori erabiltzen jarraitzea. Epaiketatik baino gehiago izan behar du ispilutik Euskaraldiak.

Analisietan hitz potoloak ibiltzen ditugu sarri. Baina aldaketa handiak urrats pertsonal eta kolektibo askoren ondorio dira. Portaeren bidez mugitzen gara: gure eguneroko harremanetan egiten dugun aldaketa bakoitzak, gure hautua agertzeko egiten dugun ekintza orok du eraginen bat.

Hainbat irakaspen utzi dizkigu azken hiru urteotan hedatzen eta handitzen joan den olatuak. Bost aipatuko ditut, nire iritziz hurrengo urteotarako oso kontuan hartu beharreko bost oinarri. Bat: herritar antolatuek duten trakzio gaitasuna handia da, garrantzitsua da herrietan euskaltzaleek antolatuta eta eragiten jarraitzea. Bi: oso eremu eta eragite molde ezberdinetatik datozen eragileak batera arituta, eragin ahalmena biderkatu egiten da. Hiru: gutako bakoitzak geure buruarekin koherente jokatuta, inguruan aldaketak sortzeko ahalmena du. Lau: norberaren ahaleginak inguruaren babesa badu, aldaketarako aukerak nabarmen hazten dira. Eta bost: ulermena da giltza; parekoak gure hizkuntza ulertzeak ematen digu hautatzeko aukera.

Jarraipena behar du hasitako bide honek. Atxikimendutik praktikara urratsak ematen hasi gara, baina hasi besterik ez gara egin. Urrats gehiago behar ditugu, eta emandako urrats bakoitza atzeraezin bihurtu behar dugu. Hiztun modura ematen ditugun urratsei, gainera, era guztietako entitateen urratsak gehitu behar dizkiegu, hauen erabakiek hiztunongan duten eragina handia baita. Hurrengo geltokia: gure hizkuntza praktikak baldintzatzen dituzten arau, ohitura eta era guztietako erakundeetan eragitea. Gure esku dago eragite lan horretan aktibo jokatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.