ZER DA VTC BAT?

2018ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Zer da VTC?

Frantsesezko Vehicle Tourisme avec Chauffeur-ren laburdura da. Hau da, alokairuan dagoen auto gidaridun bat. Garai batean limusinak edo luxuzko beste zerbitzu batzuk emateko ziren, baina azken urteetan taxien alternatiba gisa zabaldu dira, Uber, Cabify eta antzeko enpresen bitartez. Auto gidaridun bat bizkor alokatzeko aplikazio digital gisa aurkezten dute bere burua, baina Europako Auzitegiak dio garraio enpresak direla, eta hala arautu behar direla.

Euskal Herrian ere badaude?

Asko ugaritu dira azkenaldian, VTC bat izateko baimena taxiena baino merkeagoa delako. Azken datuen arabera, 120 VTC baimen daude: 37 Nafarroan, 30 Bizkaian, 29 Araban, eta 24 Gipuzkoan. Taxilariak, berriz, 3.000 inguru dira. Hau da, VTC bakoitzeko 30 taxi izateko ratioa gainditzen du, baina ez askorengatik.

Uberrek zerbitzua ematen du Euskal Herrian?

Uztailaren hasieran hasi zen bere zerbitzuak eskaintzen Lapurdiko kostaldean, Baionatik Donibane Lohizune arteko herrietan. Printzipioz, udan baizik ez du lanik egingo. Hego Euskal Herrira ez da artean iritsi, eta bertako enpresak dira VTC baimenak eskuratu dituztenak.

Zertaz kexu dira taxilariak?

Uberrek eta enparauek lehia desleiala egiten dietela, haien baimenak merkeagoak direlako. Gainera, esaten dute prezio txikiagoak eskaintzen dituztela merkatu osoa bereganatu ahal izateko, eta behin lehia ezabatuta —taxilari autonomoek porrot egitean—- salneurriak igoko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.