SERIEA. EUSKARALDIAREN OSTEKOA (VI)

Hau hasi besterik ez da egin

Beñat Garaio
2019ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Azken hamarkadetan, Araban, su geldoan ari gara kozinatzen euskararen biziberritzea. Lurralde honen hainbat berezitasun demografiko, sozial, historiko eta politikorengatik, berezia da Araba (eta Gasteiz), eta berezia izan da euskarak duen bilakaera. Ezagutza, erabilera eta jarrera datuak erlatiboki azkar ari dira areagotzen, baina kualitatiboki ere aipagarriak izan dira gurean behatu diren joera, ekimen eta berrikuntza batzuk.

Euskaraldia Arabatik ere pasatu da, eta nola pasatu gainera: 20.000 arabar inguruk eman dute izena, eta zenbakiez haragoko aztarna utzi du, Arabako koordinatzaile Leire Sanjurjok ondo nabarmendu duenez. Gasteiztarrak izan dira horietako 13.000, baina Arabako herrietan (txikiak eta barreiatuak, oro har) ere izan du bere eragina Euskaraldiak.

Edonola ere, Euskaraldia iragarri zenean, ilusioa, elkarlana eta lanerako grina sortu zituela esan izan du GEU elkarteko Zuriñe Gilek. Gainera, Euskaraldiarekin, edota orokorrean euskarekin, lotutako ekimenak jarri dira martxan hamaika egunen aurretik, bitartean eta ondoren. Beraz, esan genezake era zabalean ulertu beharreko aktibazioa gertatu dela Araban Euskaraldiaren eraginez.

Hamaika egunak pasatu dira, eta balorazioak egiteko ordua da. Aho batez eragile eta hiztunek balorazio positiboa egin dute. Izan ere, hizkuntza-ohiturak aldatzea lortu da, eta Oier Azkarraga Gasteizko Euskaraldiaren koordinatzailearen hitzetan, Gasteiz hiri euskalduna dela ikusarazi da. Euskal hiztunen eta elebidun hartzaileen ehunekoa biztanlegoaren erdira iristen da doi-doi Gasteiz eta Araban, baina horietako asko azken hamarkadetan euskaldundu diren gazte eta helduak dira, egunerokoan hizkuntzarekin lotura gutxi dutenak. Bada, Euskaraldiak baldintzak, aitzakia eta aukera eman dizkie arabar horiei, euren hizkuntza-errutinatik atera eta ziurrenik hartuta zuten erabaki hori (euskaraz hitz egitearena, alegia) praktikan jartzeko.

Euskaraldiaren balorazioko prentsa oharrean kaleratu zen bezala, «izena eman duten herritarretatik haragoko eragina» izan du Euskaraldiak, eta maila pertsonalean hau ere oso aipagarria izan da: ustez orain arte euskararekiko uzkurtzaileak izan diren eremuek jokabide-aldaketa erakutsi dute, izena eman ala ez. Aldeko jarrera zuten norbanako eta eragileengan izandako eragina ere onerako izan da: uzkurrak ez hain uzkur, eta aldekoak are aldekoago.

Horretaz gain, Euskaraldiak eragin nabarmena izan du antolakuntzan talde gisa eta norbanako mailan ikasteko. Eragileen eta erakundeen artean modu kolaboratiboan lan egiteko ohitura dagoen arren, eragileen erritmo ezberdinak uztartzea izan da gakoa oraingoan, Alex Vadillo Gasteizko Udaleko euskara zerbitzuko teknikariak esan bezala.

Dagoeneko badakigu laster beste ariketa sozial bat egingo dela, ahobizi eta belarripresten dinamikari jarraipena emanez. Hainbat espaziotan azaldu dira hobetzeko proposamenak, eta hiru esparrutan koka genitzake. Lehenik eta behin, maiz aipatu da rolak, txapen erabilera eta hamaikakoaren funtzioak hobeto azaldu eta ulertu beharra dagoela, Euskaraldian ikusi diren hainbat gaizki-ulertu eta kontraesan gainditzeko. Bestalde, eta erakunde eta herri-mugimenduen arteko elkarlanean asko hobetu dugun arren, oraindik bi aldeen arteko mesfidantzak ez dira guztiz desagertu. Horren harira, (Arabako) euskalgintzan Euskaraldiak lan gehigarria eskatu du maiz, gustura egindako lana izan den arren. Hirugarrenik, Euskaraldiak ezin hobeto lortu du euskararen aldeko mezua hiztunen aktibazioan kokatzea, eta erabilera datuetako bilakaera ikusita, biziberritze-prozesuan lehentasunetako bat dela argi dago. Hala ere, ez dezagun ahaztu euskararen egoera gutxituak egiturazko eta sakoneko beste aldagai batzuk dituela atzean, eta ezin ditugu hainbat aldarrikapen bazterrean utzi, esaterako, hizkuntza eskubideen berme falta Euskal Herri osoan (adibidez, Trebiñuko barrendegian).

Euskaraldiaren erronka nagusia, edonola ere, beste bat da: aldatu diren hizkuntza-ohiturak mantentzea. Zuiako kuadrilako euskara teknikaria den Manex Agirrek ederki esan duen moduan: «Jendeak aktibo egoten jarraitu behar du eta ingurune soziolinguistiko egokiak prestatu behar dira».

Beste lurraldeetan bezala, Araban ere Euskaraldia mugarria izan da, eta ekimen eta harreman-sare berriak sortuko dira hemendik aurrera. Euskararen biziberritzean ibilbide propioa osatzen ari diren Gasteiz eta Araban ere, hau hasi besterik ez da egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.