Bozkatzeko epea ordubete luzatuta bukatu dira bozak

2018ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Atzo bukatu ziren Egiptoko presidentetzarako hauteskundeak. Hiru egun iraun du prozesuak, eta, azken egunean, Hauteskunde Agintaritza Nazionalak erabaki zuen botoa emateko epea ordubetez luzatzea. MENA estatuko agentziaren arabera, «boto emaileen kopurua handitu» egin zelako atzo arratsaldean, eta «eguraldi txarragatik». Abdel Fatah al-Sisi egungo presidenteak hauteskundeak erabateko nagusitasunarekin irabaziko dituela espero da, azken orduan aurkeztu zen hautagai bakarra izan baitu arerio, gainerakoei parte hartzea debekatu edo zaildu ondoren. Hain zuzen, parte hartzean dauka erronka bakarra, handia izanez gero, legitimaziorako argudiotzat erabiliko baitu. Emaitza ofizialak datorren astelehenean jakinaraztekoak dira.

Hauteskunde Agintaritza Nazionalak atzo atera zuen ohar batean jakinarazi zuen botoa emateko asmoa ez zuten herritarrei 30 dolarreko isuna jartzea ahalbidetzen duen legea betearaziko zuela. Iraganeko hauteskundeetan ere egin izan ditu halako jakinarazpenak, baina ez ditu inoiz bete. Mahmud el-Xerif bozeramailearen arabera, parte hartze handiena Kairon, Alexandrian eta Sinai iparraldean izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.