Prekaritateari aurre egiteko kontrabotereko sindikatua aldarrikatu du LABek

LABek dio saiatuko dela bazterren dauden sektoreetara iristen hauteskunde sindikaletan. Elkarrizketa soziala osatzeko saiakera gaitzetsi du Aranburuk

LABek Bizkaian dituen ordezkariek batzarra egin zuten atzo, Bilboko Itsasadarra itsas museoan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
«Patronalak eta gobernuek sindikalismo otzana nahi dute, eta horregatik kontraboterean oinarrituko gara gu». Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak sindikatuaren jarrera zein den nabarmendu zuen atzo Bizkaiko ordezkariekin egin zuen batzarrean. Hauteskunde sindikalen epe trinkoa hasi da aste honetan, eta 2019ko apirilera arte Hego Euskal Herriko ordezkarien %42,6 aukeratuko dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lortu duen bigarren postuari eustea izango du helburu LABek, eta, bide batez, CCOOrengandik aldea handitzea, ordezkari gutxi batzuen aldea baitute. Horretaz gainera, Nafarroan hazten jarraitzea izango da sindikatuaren beste helburuetako bat. Azken lau urteetan gehien hazi den sindikatua da lurralde horretan, eta %16tik gorako ordezkaritza lortua dauka dagoeneko.

Hazten jarraitzea da, beraz,LABen asmoa; Aranbururen ustez, «beharrezkoa delako era horretako sindikatu bat, prekarizazioaren aurrean eraginkortasuna handitzeko eta egungo politika publikoak aldatzeko». Alde horretatik,sindikatuko ordezkariak zioen ezinbesteko giltza izan daitezkeela, sindikatuak «eredu sindikala berritu» duelako, eta sektore prekarioenetara iristeko ahalegina egin duelako.

Horien artean, sektore feminizatuak aipatu zituen. Aranbururen esanetan, sindikatuak presentzia handiagoa edukitzeko ahalegina egin du, baina oraindik badute zer hobetu; ordezkarien artean emakumeen presentzia handitzea, esaterako: «LABeko afiliatuen %40 emakumeak dira, eta ordezkarien artean %36 dira; afiliatuen zenbatekora iritsi nahi dugu». Beraz, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sindikatura iristea izango da asmoa. Baina, horrez gain, azaldu zuen beharrezkoa dela belaunaldi aldaketa bat ere, eta, horregatik, gazteen presentzia ere handiagotu nahi dute hauteskunde sindikalen epe trinko honetan.

Elkarrizketa soziala, «hilda»

Hauteskunde sindikaletan aterako den emaitzak eragin zuzena edukiko du negoziazio kolektiboan, horien arabera sortuko direlako negoziazio mahai ezberdinak. Elkarrizketa sozialean, ordea, ez dirudi eraginik izango duenik, Aranbururen ustez «hilda dagoen elkarrizketa sozialerako mahaia berpiztu» nahi duelako Jaurlaritzak. Aste honetan, Confebask patronalarekin, eta CCOO eta UGT sindikatuekin bildu zen gobernua, eta saiakera hori salatu zuen LABeko ordezkariak: «Jaurlaritzak garbi erakutsi du zein den bere lehentasuna, eta sindikalismoaren zati bati ez ikusiarena egin dio». Elkarrizketa soziala gutxiengoan dauden sindikatu «otzanekin» egiteko nahia salatu zuen era horretan, eta martxan egon den urteetan ezer lortu ez izana ere nabarmendu zuen. Horregatik guztiagatik, mahai horretan ez dela egongo berretsi zuen beste behin sindikatuko ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.