urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

AEB, azarora bidean

2020ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Donald Trumpek 2016ko azaroan hauteskundeak irabazi zituenetik eta 2017ko urtarrilean presidente bihurtu zen unetik 2020rako hauteskunde kanpainan sartu ginela esan genezake. Baina asteon izan da egiazko abiapuntua, Biden-Harris ticketa ofizialki Etxe Zurirako hautagai izendatu dutenetik. Ondo bidean, azaroaren 2an hauteskundeak irabaziko dituzte hautagai demokratek, eta 2021 hasieran Etxe Zuritik irtengo da Donald Trump. Goiz da esateko, hamar aste daudelako aurretik, baina ia lau urteotan beste inoiz baino gertagarriagoa dirudi orain bertan aldaketak.

Gauzak egiaz diren bezala esanda: Donald Trumpek, ia ziur, Joe Bidenek baino askoz jarraitzaile gehiago ditu. Kontua da aurkariak eta etsaiak ere askoz gehiago direla. Nekez piztuko du demokratak herrialde hobe baterako ilusiorik, baina Trumpen indignitatea behingoan gainetik kentzea da orain bertan estatubatuarren —eta munduko herritarren— zati handi bat bil dezakeen lotura bakarra. Hori Washingtongo politika zaharraren ordezkari batek ekarri arren.

Egoera arrunt batean, hamarretik hamarretan galduko zukeen Joe Biden bezalako presidentegai batek bigarren agintaldi bat lortzeko lehiatzen den edozein presidente errepublikanoren aurka, izan Trump zein Bush. Donald Trumpek Barack Obamari irabaziko ez ziokeen bezala, bidenabar esanda. Agintean dagoen presidenteak lana oso txarto eginda ere, sekulako krisi ekonomiko edo politikoa egon ezean bigarren agintaldia lortu du beti. Watergate-ren ostean kendu zien agintea Jimmy Carterrek errepublikanoei, baina ordurako Nixon ez zen presidente, Gerald Ford baino; Carterrek berak ez zuen agintea berresterik lortu, Ronald Reaganen garaipena bezainbat demokraten zatiketaren ondorioz (doi-doi lortu zuen Carterrek hautagai izatea), eta Bill Clintonek ere ez ziokeen George Bushi irabaziko Ross Perot hirugarren hautagaia egon ez balitz, nagusiki errepublikanoen botoak erakartzen. Aurten laugarren salbuespena gertatzea espero dute askok; duela urte erdi primarioak hasi berri zirenean eta Bernie Sanders demokraten artean sendoen zegoenean ere, batek baino gehiagok gogora zekarren helburua ez zela demokraten hautagai izatea, Etxe Zurira heltzea baino. Gero demokraten establishmentaren jokaldi bikaina iritsi zen Georgian: Joe Bidenen lehen garaipena eta Sandersen porrota komunitate beltzean. 48 orduan hautagai moderatuenak erretiratu eta Bidenen alde egin zuten, eta segidan iritsi zen astearte handiaren goitik beherako aldaketa.

Ekonomia sendo eta instintu primarioak xaxatuz, polarizazioaren estrategian sinetsi du Trumpek, eta litekeena da presidenteari ondo irtetea COVID-19aren hondamendirik egon ez balitz. Herrialde zatikatua izango zukeen, gorroto zaharrak eta tentsio etnikoak piztuta, baina horrek halaber milioika boto-emailek beragan abaroa abartzea ekarri du.

Panorama horrekin, erraz uler daiteke eskuinerantz lerratuegi dagoen agintari baten aurrean eztabaida piztea ezkerreko oposizioan: presidenteak abandonatutako zentrismoaren hutsunea bete diskurtso moderatu batekin ala ezkerretik sakoneko proposamen eraldatzailea aurkeztu, polarizazio garai horrek eskatzen duen legez.

Ezin uka alderdi demokrataren konbentzioa arrakastatsua izan dela, egoera berezi honek ahalbidetzen duen parametroetatik begiratuta —ohiko distirak eta ospakizun giroak pitz lezakeen zeluloide-ilusiorik gabe ere, alegia—. Ezin izan dute proposamenen mediokritatea ezkutatu, horratik, eta nabarmen geratu dira alderdi demokrataren establishmentaren aldetik zenbait jarrera onartezin ere: diskurtsoetan Michael Bloombergek Alexia Ocasio-Cortezek baino hiru aldiz denbora luzeagoa izatea, esaterako. Ahots latino edo musulmanak ere oso gutxi izan direla kexatu dira, eta begiradak zentrismora eta are kontserbadore tradizionaletara eramatea, John Kasich 2016ko primario errepublikanoetako hautagaia gonbidatuz esaterako. Azaroan gakoetako bat hor egongo da, zalantzarik ez, Minnessotta, Wisconsin edo Pennsylvaniako langile zuria lortu behar dute. Baina baita Nevada edo Floridako latinoa ere —Texas bera ere inoiz baino gehiago daukate demokratek eskueran—.

Ezkerreko botoa patrikan balute bezala jokatzearekin kontuz ibili behar dute. Estatu Batuetan badago gizarte zibil aktibo eta aurrerakoi garrantzitsua, asteotan Portlanden edo Seattlen ikusi bezala. Gutxik maite dute Biden; gehienek haren alde baino Trumpen kontra bozkatuko dute ziur aski, baina demokraten kanpainak ez ditzala gehiegi hormaren aurka jarri Biden ala ezer ez bezalako leloekin, etxean geratzea edo beste hautagai batzuei (alderdi berdea, kasu) botoa ematea Trumpen alde bozkatzea dela esanda. Trump kanporatzeko modu bakarra Biden presidente bihurtzea da, hor ez dago atzera bueltarik. Washingtongo ganberetan inoiz baino ordezkari ezkertiar gehiago egotea posible da oraindik ere, ordea, Trump botata ere betiko politika zaharrak itzul ez daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.