Hautagai asko eta eraztun bakarra

Inoiz baino denbora gutxiago itxaron behar izan dute saskibaloizaleek NBAren denboraldi bat abiatzeko. Los Angeles Lakersek urriaren 11n lortu zuen hamazazpigarren eraztuna. LeBron Jamesi eta Anthony Davisi esker, berriro ere txapeldun izan nahi du, baina lehia estua izango da beste denboraldi batez.

Tyler Herro eta LeBron James lehian, aurreko denboraldiko Miamiren eta Lakersen arteko finalean. ERIK S. LESSER / EFE.
mikel reina
2020ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Gaur gauean hasiko da NBAren 2020-2021eko denboraldia, eta aurretiazko Gabonetako oparia izanen da saskibaloizaleentzako. LeBron Jamesen eta Anthony Davisen Lakers da, beste behin ere, eraztuna irabazteko faborito nagusia, baina beste talde eta jokalari askok ere irabazteko beharra dute. Munduko saskibaloi ligarik onenak nahieran osatzen du egutegia, eta lehen egunerako Los Angeleseko derbia eta Kevin Duranten eta Warriorsen arteko lehia programatu du. Itxaronaldia laburra izan da: 72 egun bakarrik. Baina jendeak gogo handia du NBA berriz martxan jartzeko, eta Eguberri egunerako menu are zabalagoa dago: Heat-Pelicans, Bucks-Warriors, Celtics-Nets, Lakers-Mavericks eta Nuggets-Clippers.

Denak menperatzeko eraztuna eta dena ikusten duen begia. Hain herrialde zabalean, konderriak bezainbeste konde daude, baina erregea, bat bakarra. J.R.R. Tolkien idazlearen liburuetan bezala, NBArako konparazio ezin komenigarriagoa. Azken urteetan, LeBron Jamesek eta Golden State Warriorsek tarte gutxi utzi dute sorpresarako. Horrenbestez, oraindik izar asko dira finalera ere heldu ez direnak. Gaurtik aurrera, munduko begi denak AEBei begira jarriko dira, eta irabaztearen presioa gero eta handiagoa da. Alde batetik, zenbait proiektuk epe muga dutelako; ezin da urtero-urtero eraztunaren borrokan egon. Ez dago betierekorik; NBAren sistemak berak sortzen ditu sasoirik sasoirako gorabeherak. Beste aldetik, 2021eko agente libreen merkatua azken urteetako erakargarriena izango delako, eta jokalariek asko dute erakusteko ahalik eta diru gehien poltsikoratu nahi badute. LeBron Jamesek, Paul Georgek edo Giannis Antetokounmpok aldez aurretik sinatu dituzte kontratu berriak, inoizko garestienak. Baina diru asko dago banatzeko Kawhi Leonarden, Mike Conleyren eta Victor Oladiporen artean, besteak beste.

EKIALDEA IZARREN DISTIRA

Saskibaloizale amorratuei galdetuz gero zer jokalari ikusi nahi duten lehenik NBAren denboraldi honetan, askok Kevin Durant erantzungo dute. Oraindik buruan izango dute 2019ko finaleko irudi hura. Hegalekoak denbora zeraman minduta, eta, hala ere, Warriorseko taldekideei lagundu nahi izan izan zien Toronto Raptorsen aurka. Hamabi minutu baino ez zeramatzan kantxan eskuineko hankak goitik beherako mugimendu baldar bat egin zionean; orpazurda hautsi zuen. Hamabost hilabeteren ondoren, bueltan da, eta dagoeneko minutuak jokatu ditu denboraldi-aurrean. Baina ez da Durant bakarrik: Brooklyn Netsek Kyrie Irving ere fitxatu zuen aurreko sasoian. Hala, ligako erasoko bi jokalaririk onenetarikoak ditu Steve Nash entrenatzaile rookie-ak bere esanetara. Argudio nahikoa eraztuna irabazteko borrokan egoteko.

NBAn topiko handi bat dago kanporaketen inguruan: ez dira berdinak liga erregularra eta kanporaketak. Ondo daki hori Giannis Antetokounmpok: bi denboraldiz jarrian jokalaririk baliotsuena izan zen, eta bere taldea, Bucks, egunerokoan onena. Baina kanporaketetan, kale; ez zen Ekialdeko konferentziako finalera ere heldu. Babak jokatzen direnean, jokalari erabakigarri bakarra izatea ez da nahikoa. Zurrumurru askoren ostean, greziarrak bost urteko kontratua sinatu du Bucksekin, proiektuarekin engaiatuta dagoela erakutsiz. Fitxaketak eskatu zituen, eta heldu dira. Jrue Holidayrena izan da aipagarriena, baina ez dirudi nahikoa izango denik. Bogdan Bogdanovicek taldea utzi du azken unean, eta mingarria izan da oso. Abendutik maiatzera baieztatutako nagusitasuna ekainean islatu behar du.

IRAGANAREN PISUA

Boston Celtics, Filadelfia 76ers eta Atlanta Hawks urrezko arora itzuli nahi duten hiru klasiko dira. Filadelfian, alde batera utzi dute Brett Brownek gidatutako tanking-a, eta Doc Riversen eta Daryl Moreyren esku jarri dira: emaitzak ziurtatzen dituen bikotea. Rivers aulkietako beste klasiko bat da, eta haren ardura izango da da Joel Embiid eta Ben Simmonsen arteko espazioa kudeatzea. Zuzendariak, ordea, Houston Rocketseko zati bat ekarri nahi izan du iparraldera: hau da, hirukoekiko debozio hori. Kargua hartu bezain laster, Al Horford kaleratu zuen, Seth Curry eta Danny Green jaurtitzaileak ekartzeko.

Kostaldean, Celticsi pazientzia agortu zaio Gordon Haywarden lesioekin. Hegalekoak ematen zion oreka taldeari, baina Jayson Tatum da orain liderra. Tristan Thompsonez gain, ez dute aldaketa handirik egin taldean, eta Brad Stevensek magia egin beharko du berriz. Are pazientzia gutxiago izan dute Atlantan: berehala konturatu dira Trae Young gaztearen inguruan talde bat eratu daitekeela, baita eratu ere. Antolatzaile postuan Rajon Rondo dute, esperientzia handiko jokalaria. Europako izarretako bi ere fitxatu dituzte: Bogdan Bogdanovic eta Danilo Gallinari; inguruan, berriz, John Collins eta Clint Capela. Beraz, bosteko indartsu bat dute, kanporaketetan sartzeko modukoa.

Borroka horretan izanen da Indiana Pacers ere. Victor Oladipo osatu da, eta, Domantas Sabonisekin batera -Arvidas Sabonis handiaren semea-, eraztunerako borrokan egon nahi du. Azken hamar urteetan, behin bakarrik geratu dira kanpoan.

RILEY ETA SPOELSTRA

Luzera begirako ordainak jasotzen dituztenak ere badaude: Pat Rileyren eta Erik Spoelstraren Miami Heat. Bigarren mailan hasi, eta txapeldunorde izan zen aurreko sasoian. Talde sendoa eta gogorra da, beti kontuan hartu beharreko frankizia. Lakersetik Avery Bradley fitxatu dute; jokalari langile da, eta egokia Goran Dragic, Jimmy Butler eta Bam Adebayorekin elkar ulertzeko.

RUSSELL WESTBROOK

Saskibaloia matematika balitz, onenetarikoa. Jokalari hau gai da edozein marka hausteko. Horretarako, baloiak berea behar du izan, ez beste inorena; patioan baloia banatzen ez duen horietako bat da. Russell Westbrook ezin da itzalpean bizi, eta, gaur egun, ez dago eraztunik talderik gabe. Hiriburuan, nahi dituen fokuak izango ditu, baina, nahiz eta hurbil izan, zail izanen du Etxe Zuria txapeldun gisa bisitatzea. Gainera, Bradley Beal konbentzitu beharko du, eskolta agente librea izango baita udan.

MENDEBALDEA AURKARIA, HERRIKIDEA

Los Angeleseko derbi batekin hasiko da NBA: hau da, uztailaren 22an txapeldun izan daitezkeen bi talderekin. Txapeldunek, eta batik bat LeBron Jamesek, ez dute ezer erakusteko. Hegalekoak bere nagusitasuna ezarri du egon den talde bakoitzean, eta ez zaio apaldu eraztunak irabazteko grina. Anthony Davis da haren bazkiderik onena. Baloia banatzeko, Dennis Schoeder dauka; hirukoetarako, Wesley Matthews; puntuak lortzeko, Markieff Morris, eta defentsarako, Marc Gasol. Gainera, aurkari zuzenari Montrezl Harrell lapurtu dio, iragan denboraldiko seigarren jokalaririk onena. Izenei erreparatuta, aurreko sasoikoa baino talde hobea da.

Historikoki, auzokide txiroa izan da Los Angeles Clippers, baina oraingoan ez da atzean geratu.3-1 aurretik joan ostean, gogorra izan zen Denver Nuggetsen aurkako porrota, eta Doc Rivers entrenatzaileak jasan zuen ondorioa: Tyronn Lue jarri dute haren lekuan. Clippersek bost urterako lotu du Paul George, eta, proiektuari segida emateko, Serge Ibaka, Nicolas Batum eta Marcus Morris fitxatu ditu. Kale edo baleko sasoia da. Izan ere, Kawhi Leonardek udan erabakiko du bere etorkizuna. Derbirik parekatuena Los Angelesekoa izango da.

BESTE BEHIN, BASATIA

Azkenaldian, kanporaketetan sartzea zailagoa da Mendebaldean Ekialdean baino, eta denboraldi honetan ere hala izango da. Nuggetsek ez du aldaketa handirik egin: Facundo Campazzo bakarrik fitxatu du. Nikola Jokicengan eta Jamal Murrayengan jarriko dute uste osoa beste behin ere, behintzat aurreko sasoiko emaitzak berdintzeko intentzioarekin. Dallas Mavericks ere antzeko egoeran dago. Luka Doncicek bi denboralditan erakutsi du NBAko jokalaririk onenen artean dagoela, baina taldeak ez du zereginik Kristaps Porzingis min hartuta egonez gero.

Disneyko burbuilak talderen bati mesede egin bazion, Phoenix Sunsi egin zion. Ez zuen partidarik galdu, baina, hala ere, kanporaketetatik at geratu zen. Lanaren poderioz, oinarriak ezarri zituen. Devin Booker eskolta dauka, saskiratzaile petoa; baita Deandre Ayton ere, pibot modernoa eta erraz mugitzen den horietakoa. Antolatzaile posturako, Chris Paul egongo da, kantxa barrurako eta kanporako lider beterano bat. Gora egin behar du.

Goian mantentzeko azken hatsean daude Portland Blazers eta Utah Jazz. Biak ala biak urteak daramatzate kanporaketetan, baina aurrerako edo atzerako pauso hori emateko denboraldian daude. Damian Lillardek eta CJ McCollumek ezer gutxi dute erakusteko, ligako bikoterik onenetariko bat osatzen baitute. Elitean finkatzeko azken saiakera horretarako, Enes Kanter eta Robert Covington fitxatu dituzte, baita Carmelo Anthony berriro konbentzitu ere.

Utahn, berriz, egonkortasunaren alde egin dute oraingoan. Donovan Mitchelli eta Rudy Goberti kontratuak luzatu dizkiete. Frantziarrak pibot batek inoiz jaso duen diru kopururik handiena jasoko du. Nahikoa beharko luke horrek emaitzak exigitzeko.

STEPHEN CURRY

Zaleek ikusi nahi duten beste jokalari horietako bat. Antolatzaileak bidelagun izan du Klay Thompson, eta haren falta nabarituko du. Belauneko lesio larri baten ondoren, orain orpazurda hautsi du. Akabo. Ez dago splash anairik aurten. Curryk asko du erakusteko, Golden State Warriors putzu sakonetik ateratzeko. Duela hiru urte txapeldun izan zen, eta aurreko sasoian azken postuan geratu zen, hamabost garaipenekin bakarrik.

JAMES HARDEN

Denen ahotan dago. Houstonetik irtengo ote den edo ez da galdera, eta, joatekotan, nora. Galdera asko eta erantzun gutxi. Morey, D´Antoni eta Westbrook gabe, bakarrik geratu da Harden. Eskoltak kide berriak egin nahi ditu denboraldi honetan. Lesioekin gorriak pasatu dituzte John Wallek eta Demarcus Cousinsek, eta horiekin ez da nahikoa izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.