Juan Antonio Laredo. Eskiatzailea

«Oraindik ere gauza asko gelditzen zaizkit ikasteko eskiari buruz»

Kirolari amorratua izan da betidanik Juan Antonio Laredo, eta berdin jarraitzen du egun ere. Kirol ezberdin askotan ibilitakoa da, bai ikasle moduan, baita irakasten ere. Donostia inguruan iraupen eskiaren zaletasuna areagotu zutenetariko bat izan zen.

JON URBE / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Donostia
2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Donostiako Parte Zaharrean da hitzordua. Bi aste lehenago data jarri, eta ordurako azaldu da Juan Antonio Laredo (Donostia, 1936). Tableta eskuan duela, ez du zalantzarik egiten orain berrogei urteko datez hitz egitean ere.

Iraupen eskian aritzeagatik egin zinen zu ezagun Donostia aldean. Aurretik zertan ibili zinen?

Atletismoan ibili nintzen lehenik, baina gehien gustatzen zitzaidana espeleologia egitea zen. Felix Ruiz de Arkauterekin hasi nintzen horretan, Aranzadi elkarteko kidea zen bera. Jesus Aiestaran eta biok joaten ginen. 16 urte genituen orduan. 18 urte bete nituenean, materialaren arduradun egin ninduten. Oso garai politak izan ziren haiek.

Orduan ohikoa al zen espeleologian ibiltzea?

Batzuk baginen Donostia aldean. Gogoan dut oso esplorazio bitxiak egiten genituela, Arantzazu azpian dauden koba batzuetan. Izugarrizko zuloa dute, eta bertako ura Jaturabeko presaraino joaten da. Gogoan dut 1953ko urriaren 12an bertara sartu ginela. Hurrengo egunean, izugarrizko uholdea izan zen. Ederraz libratu ginen! 90 metroko sakonerara jaitsita ginen, eta oraindik ez dakit nola gauden bizirik. Gertakari hark zer pentsatua eman zigun. Bost urte pasatu nituen espeleologian, eta tartean lagun asko egin nituen, besteak beste, gerora lehen arartekoa izan zen Juanito San Martin. Lurpeko bizimodua oso polita zela pentsatzen genuen, baina handik kanporako gauzak gehiago atsegin genituela konturatu ginen.

Ondoren hasi zinen iraupen eskian?

Bai. 20 urterekin Aralarko lasterketa batean lehiatu nintzen. Nire koinatuarekin hasi nintzen. Berak ordurako egina zuen, garai hartan Aralarren jokatzen zen Lizarrusti-Baraibar zeharkaldia. Hark animatuta joan nintzen. Baraibar [Nafarroa] herritik ateratzen zen, eta, eskirik ez nuenez, jaitsieretarako erabiltzen ziren laugarren eskuko eski batzuekin irten nintzen. Esana zidaten bezperan eskiei argizaria eman behar zitzaiela, eta hala aritu nintzen. Pentsa, hiru pauso aurrera ematen nituen, eta bi atzera! Baraibarren abiatu, eta Guardetxean gaseosa bat hartzera gelditu nintzen. Kontrola itxi eta bi ordura iritsi nintzen. Gehienek galdutzat eman ninduten.

Nondik ateratzen zenituzten eskiak?

Donostian, Sekundino Esnaola kalean, baziren Azkarate abizena zuten bi anaia arotz. Urte askotan Espainiako Eski Federazioko presidentea izan zen Eduardo Roldan, eta haren aitak ere bazuen beste aroztegi bat Amaran.

Urteen poderioz, ibilbide polita osatu zenuen.

Lehen lasterketa hartan parte hartu zuen suitzar batek iraupen eskiari buruzko liburu bat utzi zidan. Frantsesez idatzita zegoen, baina hasi eta bukatu egin nuen. Hark, gainera, esan zidan eskirako gaitasun handiak nituela. Hurrengo urtean, iraupen eskiko eski batzuekin jada, Arantzazu inguruan jokatu zen lasterketa batean bigarren amaitu nuen. Handik gutxira, 1958an, Espainiako Txapelketetan parte hartu nuen Pajaresen [Asturias, Espainia]. Han lortutako emaitza onei esker, Espainiako selekziora eraman ninduten.

1968ko Olinpiar Jokoetarako hautatua izan zinen. Zer gertatu zen Joko haietan?

Hautatua izan nintzen, eta geure kabuz iritsi ginen Grenoblera [Frantzia]. Orduan, diziplina guztien artean, iraupen eskia ardi beltza zen. Ez zegoen dirurik. Lehiatu gabe gelditu ginen. Hala ere, egonaldi ezberdinak egiten genituen entrenatzaile finlandiarrekin. Aurrerago, entrenatzaile italiar batekin, Espainiako txapeldunorde amaitu nuen. Bost argizari ezberdin emanda zeuzkaten eski batzuekin jokatu nuen txapelketa hura! Asko zekien jendearekin biltzeko aukera izan nuen urte haietan.

Espainiako eskiatzaile onenaren saria ere jaso zenuen. Nola duzu gogoan?

Bai. Bi urtez jaso nuen. Bitxia izan zen gero pasatu zitzaidana. Izan ere, demokraziaren garaia hasi berritan zegoen. Garai hartako bankari bat eta bi enpresari etorri zitzaizkidan bazkari batera gonbidatzen nindutela esanez. Politikan sartzea eskaini zidaten, gizon aproposa nintzela esanez. Gauza zera zen: Espainiako eskiatzaile onenaren sarirako 1.800 boto lortu nituela, eta garai hartako zinegotzi onenak 1.000 baino gutxiago lortu zituela. Ezetz esan nien. Orduan egoera ez zen ona.

1970ean liburu bat idazteko denbora hartu zenuen:Esquí ideal, esquí de fondo [Eski perfektua, iraupen eskia]. Nola bururatu zitzaizun hori egitea?

Pentsatu nuen aproposa izan zitekeela urte haietan guztietan bildutako esperientzia oinarri hartuta liburu bat idaztea. Dena nik egin behar izan nuen: eskuz idatzi, idazteko makinara pasatu, inprimatzera bidali, ordaindu eta saldu. Garai hartako teknikaz, lehiaz eta materialaz idatzi nuen. 2.000 ale izan ziren, eta Espainiako Federazioak eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxak liburu asko erosi zituzten. Kutxak hitzaldi batzuk emateko eskaini zidan, eta nik inoiz ez dut ezer kobratu. Ez nuen irabazirik izan liburuarekin, baina galerarik ere ez. Agortu egin zen liburua.

Zergatik jarri zenion izenburu hori liburuari?

Iruditzen zitzaidalako iraupen eskia zela eski perfektua, nahiz eta gerora agian gehiago gustatu izan zaidan mendiko eskia.

Donostiako mendi elkartean, Vasco de Campingen, zuk errotu zenuen iraupen eskia. Ez zen lan erraza izango, ezta?

Orduan iraupen eskiak oso indar gutxi zuen, eta mendi elkarteetan ere anaia txikiari bezala begiratzen zioten. Jende guztiak eski alpinoa egiten zuen, dirudunek batez ere; gu, berriz, txiroak ginen. Handik aurrera, giroa aldatzen hasi zen, eta zaletasuna gora egiten joan zen gutxinaka. Nik, ordura arte, Tolosara [Gipuzkoa] joan behar izaten nuen Aralarrera antolatzen zuten autobusa hartzera. Batzuetan bete egiten zen, eta beste askotan ez. Autobusari askotan bultza behar izaten genion [barrezka]. Aralarren txapelketa asko jokatzen ziren, ia igandero izaten zen bat. Baina irrist egin beharrean, jendeak korrika egiten zuen. Nik, esaterako, bigarrenari ia hogei minuturen aldea ateratzen nion askotan, eta orduan konturatu nintzen horrela ezin genuela jarraitu.

Ikastarorik ez al zen izaten orduan?

Ia bat ere ez, eta neure kabuz ikastaro bat antolatzea pentsatu nuen. Artean Vassalopeteko [Suedia, 90 kilometro] lasterketan egondakoa nintzen, eta han Luis Kalparsororekin egin nuen topo. Izena emateko zerrenda itxita zegoen, eta ezin izan nuen parte hartu. Baina parte hartzaile guztiekin bertan egoteko aukera eman zidaten. Han zegoen giroak maitemindu ninduen, eta pentsatu nuen zein polita izango litzatekeen nire herrialde maitean horrelako zerbait izatea. 1970-1971eko Gabonetan antolatu nuen azkenik ikastaroa. Begiz joak nituen eskiatzaileekin osatu nuen taldea, tartean Anjel Ortiz eta Josu Iztuetarekin. Ikastaroan izan ziren hamar eskiatzaileek jarraitu egiten dutela eskiatzen!

Mendiko eskiarekin ere probatu zenuen. Zerk bultzatuta?

Mariano Arrazola neurokirurgialari ospetsuaren eskutik hasi nintzen. Espainiako Federazioak hautatuta, Chamonixen [Frantzia] izan zen segurtasuneko ikastaro batzuk egiten, eskalatzaile bikaina zen. Aconcaguako [6.962 metro] espedizioan ere parte hartu zuen. Nik Aranzadin ezagutu nuen. Berarekin zeharkaldi asko egin nituen; besteak beste, gaur egun hain ezaguna den Chamonixtik Zermatterainokoa [Suitza]. Gogoan dut oraindik Gavarnietik Sallent de Gallegora egin genuena. Egun guztian eskiatzen ibili eta gero, gaua iritsi zen. Afaria prestatzera gindoazela, generaman suak ez zuen pizten. Gau guztia ezer edan eta jan gabe pasatu genuen. Ez zen nahi ordurako goiza iritsi. Orduan dena indarrarekin egiten nuen, oso teknika gutxi nuelako. Gizon handia zen hura. Bera hil zen egunean, bere semeek aitortu zidaten inoiz izan zuen lagunik onena izan nintzela.

Gaur egun mendiko eskia jende askok egiten du, baina orduan asko ibiltzen al zineten?

Egia esan, ez. Nik mendiko eskiko irakasleentzako nazioarteko ikastaro bat egiteko aukera izan nuen Saas-Feen [Suitza]. Europa guztitik joandako jendea bildu ginen. Han ziren alemaniarrak, suitzarrak, frantziarrak, italiarrak eta baita Europako ekialdetik etorritakoak ere. Laumilako batzuk igotzeko aukera izan genuen. Orduan ezagutu nuen Guido Tonella mendi kazetari italiarra. Hura zen urte haietan alpinismoari buruz informazio gehien zabaltzen zuena. Ikaragarri ikasi genuen han, besteak beste elur-jausiei buruz.

Menditik itsasorako jauzia egin zenuen ondoren. Zergatik?

1974an izan zen. Aranzadin gaizki genbiltzan materialarekin, eta txalupa pneumatiko bat ekarri nuen Frantziatik. Amerikako armadan sobratzen ziren gauzak saltzen zituzten denda batean erosi nuen. Probatzeko, Urumea ibaia jaitsi nuen, eta, zulatuta zegoenez, aldiro gelditu behar izaten nuen berriro ere puzteko. Orduan konturatu nintzen hura oso polita zela. Baina ez ni nenbilen bezala. Gutxira sortu zituen Espainiako Piraguismo Federazioak ur bizietan ibiltzeko lurraldekako federazioak. Donostiako postua eskaini zidaten, eta nik baietz esan nien. Denbora gutxian atzerrira bidaia asko egin nituen, eta konturatu nintzen oso kirol polita zela, baina ez lehiatzeko bakarrik. Espainiako Federazioko presidenteari piragua berriak ekartzeko asmoa aipatu nion, eta Lyonera [Frantzia] joan nintzen bi piragua berrien bila. Uste dut orduan eman nuela Gipuzkoan inoiz eman zen lehen piraguismoko ikastaroa. Zortzi urte bikain pasatu nituen. Oraindik ere udan askotan ibiltzen naiz piraguan.

Geroago, Zurizako kirol eremua sortu zenuen.

Bai. 1980ko hamarkadan izan zen. Eskoletarako eta jendearen astialdirako gauzak antolatzen genituen: iraupen eskia, eskalada, mendi irteerak... Urteetako batean, gureak jaso zuen puntu gehien Gipuzkoako Foru Aldundiak udarako udalekuak baloratzeko garaian.

Zuk esana da mendizale osoa izateko mendizaleak denetik jakin behar duela: eskiatzen, eskalatzen… Ezagutu al duzu mendizale osorik?

Bai, baten bat bai, esaterako Jordi Pons laguna. Nik ezagutu dudan osoena da. Oso ondo eskiatzen zuen, eskalatu ere bikain... Josep Manuel Anglada ere aipatuko nuke. Biak izan ziren 1974ko Annapurnako (8.091 metro) espedizioan. Egun, mendizale gehienek espezializaziora jo dute.

Oraindik eskiatzen duzu?

Bai, ahal dudan guztietan joaten naiz. Azkenekoz Aralarren izan nintzen, eta Payolle aldera ere [Pirinioak, Frantzia] joaten naiz. La Mongie inguruko leku zoragarri bat da. Bertan elurrik ez dagoenean, Araneko ibarrera joaten naiz[Lleida, Herrialde Katalanak].

Zerk motibatzen zaitu?

Oraindik ere gauza asko gelditzen zaizkit ikasteko!

Hainbeste urteren ondoren, arantzarik gelditu al zaizu?

Agian ur bizietako kanal bat ez izatea Urumean. Ia prest genuen, baina politikari batzuengatik bertan behera gelditu zen. Bestela, oso zoriontsua izan naiz, eta zorte handia izan dut familiarekin, lagunekin, eta zaletasunekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.