Saharan giza eskubideen urraketak ikuskatzeko eskatu du AIk

Kristina Berasain Tristan -

2018ko urriak 12
Amnesty Internationalek Mendebaldeko Saharan giza eskubideen urraketak ikuska ditzala eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundeari. Segurtasun Kontseiluak hilaren 29an bozkatu behar du misioaren luzapena, 1991tik, su-etena sinatu zenetik, urtero egin ohi duen moduan. Minurso Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioa begirale lanak egitera mugatzen da, giza eskubideen urraketak salatu eta dokumentatu gabe. AIren arabera, mekanismo independente bat izan beharko luke ikuskatzeko «elkartzeko eskubideari eta adierazpen askatasunari ezartzen zaizkien mugak eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen dutenen kontra baliatzen den indarkeria».

Marokok ekintzaile sahararrei jazartzen diela dio gobernuz kanpoko erakundeak nazioarteko erakundeari helarazitako txostenak. ASVDH Giza Eskubideen Urraketa Larrien Elkarteak egindako salaketa ere jasotzen du; Aaiun hiriburuan, azken hilabeteotan modu baketsuan kalean protestan ari ziren zibilak kolpatu dituztela eta hainbat lagun atxilotu dituztela dio txostenak.

NBEren kezka

New Yorken, bestalde, deskolonizazio batzordearen urteroko bilera egiten ari da NBE. Antonio Guterres idazkari nagusia kezkatuta agertu da lurralde okupatuetan dagoen «blokeo politikoagatik eta mediatikoagatik».

Horst Kohler NBEren Mendebaldeko Sahararako ordezkariak egindako txostena eztabaidatzen ari dira batzordean. Fronte Polisarioak, bide horretan, hainbat ekarpen egin dizkio txostenari: okupazioa normalizatzeko ahaleginak salatu ditu, eta autodeterminazio aldarrikapena «besterenezina» dela ohartarazi.

Fronte Polisarioko eta Marokoko ordezkariak heldu den abenduan elkartuko dira nazioarteko erakundeak negoziazioak abiatzeko egindako deiari erantzunez. Genevan dira elkartzekoak, Suitzan, abenduaren 4an eta 5ean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna