Brasil. Sanba aurrean, eta zalantzak atzean

Brasilek hogei urte daramatza Munduko Kopa irabazi gabe. Paulo Roberto bitartekariak dioenez, zale askorentzat «onartezina» da bolada hori.

Thiago Silva eta Neymar, egun hauetan egindako lan saioetako batean. NEIL HALL / EFE.
Iñaki Berastegi.
2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Ronaldo Nazariok eman zion Brasili bere historiako bosgarren eta azken Munduko Kopa. Hego Korean eta Japonian izan zen hori, 2002an: Canarinhak 2-0 menderatu zuen finalean Alemania, O Fenomenoren bi golei esker. Ronaldorekin batera, izar konstelazio zabal batek osatzen zuen Luiz Felipe Scolariren taldea: Ronaldinhok, Rivaldok, Cafuk eta Roberto Carlosek, besteak beste. Hutsaren hurrengoa.

Ordutik, lau Munduko Kopa jokatu dira, eta Brasil ez da final bakar batera ailegatu. Gertuen 2014an egon zen, etxean, Brasilen, baina ordukoa da haren historiako porrot mingarrienetako bat: finalerdietan, 1-7 galdu zuen Alemaniaren aurka. Are kaskarragoak izan ziren beste emaitzak: 2018an bezala, 2010ean eta 2006an final-laurdenetan kanporatu zituzten. «Lehortea oso handia da, eta jarraitzaile askorentzat, onartezina. Ezin dute jasan protagonistak ez izatea», dio Paulo Roberto da Souza jokalarien bitartekariak (Sao Paulo, Brasil, 1977). Besteak beste, Gabriel Jesus deskubritu zuen.

Errusiako Munduko Kopan ere, Adenor Bacchi Titek zuzendu zuen Brasil. Belgikak bidali zuen etxera. «Brasilek talde hobea dauka orain. 2018an Neymarrekiko mendekotasuna erabatekoa zen, eta, oraindik liderra bada ere, zorionez, protagonismo handia izan dezaketen jokalari asko daude orain taldean: Vinicius, Rodrygo...», azpimarratu du da Souzak. Mendekotasunik eza da, bitartekariaren ustez, taldearen «bertute nagusia».

Brasil da hautatutako jokalari guztiak herrialdean jaiotakoak dituen lau selekzioetako bat. Haatik, bertako ligan jokatzen duten hiru jokalari baino ez daude Titeren zerrendan. «Geroz eta gazteago joaten dira jokalari brasildarrak atzerrira. Dena den, hiru horiek, Weverton atezainak, Everton Ribeirok eta Pedrok hor egoteko maila dute». Pedrori buruz gehiago mintzatu da: «Gabriel Jesus eta Richarlison ez bezala, aurrelari petoa da. Fiorentinan ez zuen jarraitutasunik izan, baina Flamengorekin denboraldi ona egitetik dator. Golegile petoa da, aipatutako bi horiek baino mugikortasun gutxiago du, baina goiko joko horretarako ona da, eta erdiko atzelariak finkatzeko ere baliagarria; beste horrelakorik ez dago zerrendan», nabarmendu du.

Pedroz gain, aurrean nahi beste baliabide eta jokalari ditu Titek. «Antony, Vinicius eta Rodrygo hasieratik ez aritzeak frogatzen du aurreko lerroan taldeak zer maila duen. Aurkaria nekatuta dagoenean, jokalari hauek zelairatzeak asko eman diezaioke taldeari». Lau atzelarirekin, bi euskarrirekin eta lau aurrelarirekin jokatuko dutela uste du: «Fredek eta Casemirok oreka emango diote taldeari, eta, horrela, aurreko laurek askatasuna izango dute. Neymarrek jokatuko du euskarrien aurretik; hegaletan Paqueta eta Raphinha arituko direla uste dut, eta puntan, Richarlison. Vinicius hamabigarren jokalaria izango da». Bi bloke horiek aipatuta, ez du uste taldea bitan zatitzeko arriskua dagoenik, aurrelariek lan egiteko «konpromisoa» badutelako, eta Europan taktikoki «asko» hobetu dutelako. Jogo bonito-aren eta joko pragmatikoaren arteko «nahasketak» definitzen du Brasilen joko estiloa, haren arabera.

Kezka atzealdean

Sailkatze fase osoan bost gol baino jaso ez dituen arren, atzeko lerroak kezkatzen ditu gehien Da Souza eta, oro har, Brasilen zaleak. «Izan ditugun atzelariak direla eta, uste dut gaizki ohituta gaudela. Defentsa da selekzioaren ahulgune nagusia. Thiago Silvak badakigu zer maila izan duen, baina jada ez da gaztea. Marquinhos da atzeko lerroko jokalaririk onena, eta Militaori dagokionez, bere lehen Munduko Kopa da. Ez dut uste oraindik Thiago Silva onenaren pare dagoenik». Badirudi Danilok eta Alex Tellesek osatuko dutela lehen lerroa. «Tellesek eta Alex Sandrok ez naute erabat konbentzitzen, eta Dani Alves multzoa egiteko deitu dute».

Baina, izenak banan- banan errepasatuta, baliteke Munduko Kopako zerrendarik indartsuena izatea Brasilek, Frantziarekin batera. Baina selekzio batzuk «aurretik» dituela uste du Da Souzak. «Herrialdean ez dago aurreko aldietako hautagai nagusia izatearen sentipen hori. Nahiago dut horrela, hori gertatu denean selekzioak kale egin baitu. Hemendik kanpo, Brasil indartsuago ikusten dute, baina eman dezakeen mailaren inguruan ziurgabetasuna badago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.