KRITIKA. Musika

Trinkoa eta gardena

2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun

NDR Elbphilarmonie

Biolina: Leonidas Kavakos. Zuzendaria: Alan Gilbert. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma.Eguna: Azaroak 12.

Elba ibaiaren ertzetik etorrita, programa sinfoniko erakargarria genuen Kursaal Eszenaren denboraldian. Kontzertuaren lehen zatian, Bela Bartokek Europak bizi izandako garairik gatazkatsuenetarikoan idatzitako 2. kontzertua biolin eta orkestrarako eskaini zuten. Zoltan Szekelyren enkarguz konposatuta, oraingoan Leonidas Kavakos biolin jotzaile greziarraren esku geratu zen Bartokek irudikatutako gai eta bariazioen garapena, eta horiek unibertso abstraktuan barrena birtuosismo osoz gidatu zituen. Neurriz gaineko imintzioetatik urrun kokatzen da Kavakos, soilik instrumentuaren bizitasuna nabarmen, baina orkestrarekin duen bateratasuna ezkutatu gabe. Elbphilarmonieko musikarien eta zuzendariaren begiradak une oro bilatuz, biolinak adierazkortasun sakonaz betetako uneak oparitu zizkigun bai Andante tranquillo gaiaren zatiketa eta bihurguneetan, bai Allegro molto bariazioetan. Bakarlariak bere parte-hartzea borobildu zuenG. Enescuren Impressions d'enfance suitearen Ménétrier oroitarazlea bis gisa eskainiz.

Bigarren zatian, Hanburgoko orkestra handiaren malgutasunak sor ditzakeen ñabardura eta soinu-aldaketen lekuko izan ginen. Anton Brucknerren 7. sinfonia ez da egunero aise entzun daitekeen obra; haatik, Kursaala musika-jainkotegi bilakatu zen aldarte egokia zuen entzulearentzat. Elbphilarmonieko sokak jariakortasun ederraz aritu ziren Allegro moderato-aren trinkotasunean, eta metalen sekzioaren soinu sendo eta garbiak Adagio mugimenduaren handitasuna sublimatu egin zuen. Alan Gilberten batutak, tempo astunetatik aldenduz, keinu sotilaz bideratu zuen gaua. Orkestrarekin estreinatu berri duen hitzarmenak bide oparoa ereingo duela aurreikus daiteke.

Duela gutxi argitaratutako elkarrizketa batean dio Kavakosek orkestra bat gizarte idealaren irudia dela, bertan uneko rolak zehaztu eta banakotasuna alde batera uzten baita ontzatematen den helburu komuna erdiesteko. Astearte gaueko kontzertua bezalakoek hori egia delako sinesmena izatera bultzatzen gaitu halabeharrez.Eta badugu eredu bila nora begiratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.