Arbitroei edozer

Matxismoak, homofobiak eta arrazakeriak futbolean eragina dute aspalditik. Oihartzun gehiago dute jokalarien kasuek, baina epaileek askoz ere gehiagotan jasaten dituzte irainak. Adituen ustez, ez dira behar bezainbeste neurri hartzen arbitroek era duin batean lan egin dezaten.

Ainhoa Azurmendi. Ikerlari eta kirol aholkularia da, eta federazioei esku hartzeko eskatu die. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Muskizen (Bizkaia) izandako futbol partida batean «marikoi» irain homofoboa jasan zuen arbitro batek urtarrilean. Horren ondorioz, ordura arte egindako zortzi urteko ibilbidea betirako uztea erabaki zuen, gehienbat sentitu zuen babes faltarengatik. Zeresanhandia sortu zuen kasuak, irainen artean «marikoi» hitza erabili zelako, besteak beste. Ondorioz, berriro piztu zen futbolean gertatzen diren eraso sexisten, arrazisten eta homofoboen inguruko eztabaida.

Arbitro batzuen lekukotzak argiak dira. «Irainak lanaren parte dira, nahiago dugu gure lanaren alde ona ikusi, txarra baino», diote. Gehienek bizi izan dituzte egoera deserosoak, baina ez dute hori nabarmendu nahi izaten, eta ezkutuan mantentzen dituzte. Gainera, ez dute salatzeko urratsa egiten. Adituen ustez, ordea, protokoloak eta hezkuntza falta dira erasoak gutxitu eta epaileek babes gehiago izateko.

Muskizko erasoa jasan zuen epailearen arabera, irainak Juan Jose Martinez Villanueva Somorrostro futbol taldeko zuzendariak egin zizkion, eta, horren ostean, partida bertan behera uztea erabaki zuen arbitroak. Zelaitik ateratzerakoan, autoko ispiluak ere apurtuta zituen, eta Ertzaintzan jarri zuen salaketa, ustez norgehiagokan gertatutakoaren kontura egin zizkiotelako kalteak autoan.

Arbitroa babes barik sentitu zen egoera horren aurrean; izan ere, Gaztetxoen Bigarren Mailan gertatu zen erasoa, eta maila horietan eta baxuagoetan ohikoa daepailea bakarrik joatea epaile lanak egitera. Horrelako egoeretan, epaileek Bizkaiko Futbol Federazioaren barruan dagoen Epaileen Komitera jo behar izaten dute. Baina Somorrostroko zuzendariak eta taldeak ukatu egin zuten gertatutakoa, eta, ondorioz, Kirolaldera jo behar izan zuen, kirolean indarkeria egon ez dadin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lanean ari den komitera.

Bizkaiko Futbol Federazioko lehendakaria da Jon Agirre, eta epaileek jasan behar dituzten egoerez aritu da. «Gaur egun, zorionez, denok daukagu sakelakoa, eta eraso larriak gertatzen badira, beti dago 112ra edo Ertzaintzari deitzeko aukera», azaldu du. Haren ustetan, asko hobetu da egoera duela urte batzuetatik hona, eta, horregatik, ez du protokolo zehatz baten beharrik ikusten. Horrez gain, beste askok uste dutenaren kontra, argi dauka lehia bertan behera uztea azken aukera dela. «Aurretik, aukera guztiak agortu behar dira».

Lehendakaritzan egon den azken sei urteetan norgehiagokak geldiarazi dituzten hiru gertakari larri gogoratu ditu Agirrek. Horietako bat ez du ahaztuko bereziki. Emakume epaile bati eraso egin zioten, bai hitzez, bai fisikoki.

Azken urteetan haziz doa, dena den, epaile sartzen diren emakumeen kopurua, baina gizonezkoak dira gehiengoa oraindik, eta alde handiz; Bizkaian 1.336 epaile daude federatuta, eta horietatik 58 dira bakarrik emakumeak.

Ane Asla bilbotarra da federatutako emakume horietako bat. Maila gorenean aritzeko sei urteko ibilbidea egin behar izan zuen, eta, orotara, zortzi urte egin ditu epaile lanetan. Futbola gustuko duelako erabaki zuen urratsa egitea. «Nik ez dut erreferenterik izan, baina espero dut hurrengo belaunaldiek bidea errazago izatea, eta parekidetasuna arbitrajean ere izatea». Azaldu duenez, federazioan ikusten du nahia emakume gehiago epaile izatera bultzatzeko.

Hasiera «zaila» izan zela onartu du, eta epailearen rola askotan deserosoa izateak epaile izan nahiko luketen asko uxatzen dituela. Berak ere ezagutu izan ditu tentsio uneak, eta horrek noizbait uztea pentsarazi dio. Baina nahiago izan du aurrera segitu. Babes gehiago eskatzen dio federazioari, batez ere gazteen kategorietan. «Arbitratzen hasi nintzenean, oso gogorra iruditu zitzaidan. Baina neure buruarengan konfiantza hartu ahala, hobetzen joan da sentsazio hori. Niri, hazteko balio izan dit, baina ulertu dezaket beste askori kontrakoa eragin izana».

Ez du uste bizi izan dituen egoerek emakumea izatearekin zerikusirik dutenik bakarrik: momentu puntualetan partidetan sortzen den giro gaiztotuak kezkatzen du gehien. «Birritan esan didate 'emakumea izan behar zenuen'; behin, gizonezkoak arbitratzen nenbilela, eta, beste aldian, emakumezkoak. Publikoa izan da bi kasuetan». Arbitroen artean, beste emakume epaileekin egin du batez ere harremana. Gutxi dira, eta elkar ezagutzen dute denek. «Gure artean badakigu zer esan behar dugun, zer taldetan dauden arazoak, edo zeintzuk diren gatazka sortzen duten jokalariak. Epaile gizonekin gehiago kostatzen zaigu gauza hauei buruz hitz egitea; ez dakit azaltzen zergatik», onartu du Aslak.

Saskibaloian hobeto

Matxismoa ez ezik, arrazakeria ere eztabaidaren muinean dago azken aldian. Bere benetako izena ezkutatzeko baldintzapean onartu du iritzia ematea Mohamed Acrawek. Amaziga da bera, eta 13 urterekin iritsi zen Euskal Herrira, bakarrik. Sei urte pasatu zituen futbolean epaile, eta saskibaloian aritzeko titulua eskuratzea erabaki zuen gero. Egun, saskibaloiaz maitemindu dela dio: «Ez dut uste futbolera itzuliko naizenik; saskibaloian zibilizatuagoak dira denak». Giro hobea topatu du saskibaloi kantxetan, baina, adierazi duenez, futbolean izaten diren hainbat jarrera saskibaloian ere hasi dira gertatzen. Horrek kezka eragin dio. «Umeek saskiratzea ospatzerakoan edo faltengatik kexatzerakoan nabaritu ditut futboleko ohitura horiek, baina bi kirolen artean ezberdintasun handiak daude oraindik».

Acrawek babes handiagoa sentitu du saskibaloian. Futboleko partidetara ez bezala, saskibaloikoetara, bakarrik joan beharrean, beti doa puntuazioa eta bestelako oharrak hartzen dituzten mahaikideekin, eta, lesio bat edukiz gero ere, beste jarduera batzuk egiteko aukera du. «Ez dut uste arrazakeria pairatu dudanik, baina jarrera batzuk onartezinak dira. Uste osoa dut salaketa jartzera ausartzen diren horiengan», nabarmendu du. «Indarkeria beti egongo da, baina lan egin behar da ahalik eta gutxien izateko».

Ainhoa Azurmendi unibertsitateko ikerlaria eta kirol aholkularia da, eta hainbat ikerketa egin ditu emakumeek kirolean dituzten zailtasunei buruz. Argi dauka gizartean matxismoa, arrazakeria eta homofobia dauden neurrian, kirolean, eta batez ere futbolean, ere egongo direla. «Onarpen puntu bat adierazten dute epaileek sekula arrazismorik edo matxismorik jasan ez dutela esateak. Zergatik barneratu behar dute haien lana egiteagatik irainak jaso behar dituztela?», hausnartu du Azurmendik. «Horrelako erasoak puntualak direla esatea beste alde batera begiratzea da, eta oso larria iruditzen zait».

Erasoak, irainak eta jarrera oldarkorrak gelditzeko, federazioen konpromisoa falta dela adierazi du. «Haien araudietan jasota dutena aplikatzea besterik ez dute egin behar. Europa mailako zuzentarauek esaten dute protokoloak egin behar direla, eta hor sartzen da irain homofoboen, sexisten edo arrazisten aurka zer egin zehaztu beharra ere. Hor inplikatu beharko lukete kiroletan parte hartzen duten agente guztiak».

Heziketa eta tresnak

Izan ere, arazoa ez da epaileena bakarrik; jokalariek ere jasan dituzte halakoak. Adibidez, Realeko Isaskek eta Athleticeko Williamsek. Bide luzea egin beharko da oraindik kiroletatik indarkeria baztertzeko. Goi mailako kirolariek eredu izan beharko lukete, gazteek zelan jokatu jakin dezaten, eta bitartean formakuntza eta heziketa landu behar liratekeela uste du Azurmendik. Esaterako, epaileek formakuntza jasotzen dutenean, joko arauei buruzkoa izaten da soilik, baina ez dizkiete ematen erasoetatik babesteko tresnak, nahiz eta jakina den eraso horiek askotan gertatzen direla. «Araudi bat egon beharko luke, jakiteko zer neurri eta zer zigor ezarriko zaizkien halakoak egiten dituztenei. Paraleloak izan beharko dute heziketak eta zigorrak ezartzeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.