Bizia, teknologiaren esku

Ahots bidezko laguntzaileez eta sareez gain, telebistak, prozesatzaileak eta ibilgailu eta aurikular autonomoak dira aurten berritasunak AEBetako Las Vegas hirian egiten ari diren CES Kontsumorako Elektronikaren Azokan. Hainbat enpresak jarri dituzte erakusgai euren gailuak.
Hyundai enpresaren Elevate Concept ibilgailuaren maketa.
Hyundai enpresaren Elevate Concept ibilgailuaren maketa. YONHAP / EFE

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria -

2019ko urtarrilak 10
Etorkizun hurbileko teknologien erakusleiho. Teknologia maite dutenentzako ezinbesteko parada, esentzia duena. CES Kontsumorako Elektronikaren Azoka. Teknologiaren alorrean, munduan erreferentzia duen azoka da. Marka handienek han aurkezten dituzte urteko berritasunak, AEBetako Las Vegas hirian. Consumer Technology Association da azokaren antolatzailea, eta 4.500 enpresa baino gehiago dira parte hartzaileak. Egunotan, han daude ikusgai aurten ezagun bilakatuko diren zenbait teknologia gailu. Adituek bihar arte izango dute horietaz gozatzeko aukera.

Mundu osoko konpainiak dira parte hartzaileak. Teknologia gailuak dira azokaren protagonista nagusi. «Azoka honetan, konpainia bakoitzak bere indar guztia erakutsi nahi izaten du, eta gauza pila bat aurkezten dituzte», esan du Unai Bilbao Akting enpresako teknologia adituak. Egindako gailuak ez ezik, datozenen proposamenak ere aurkezten dituzte.

Badaude urtero erakusten dituzten gailu batzuk, hobekuntzekin aurkezten dituztenak. Badaude inoiz ikusi gabeko nobedade teknologikoak. Bilbaok azaldu du aurten etxebizitzetan oinarritu direla enpresak. Esaterako, Google Assistant eta Alexa ahots bidezko gailuak dira nagusi. Aski da zerbait eskatzearekin haien erantzuna jasotzeko. 5G sarea ere aipatu du: «Sareari esker, konexioa azkarragoa izango da, eta gailu gehiago konektatzeko aukera egongo da».

Ibilgailuak. Autonomo izateko bidean

Autonomoak dira geroz eta auto gehiago: haiek kontrolatuko dituzte distantziak, adimen artifizialari esker. Gizaki batek hauteman ditzakeen seinale berberak identifikatzen dituzte zenbaitek, eta hark egingo lukeen jardun berbera gauzatu. Berrikuntzak geroz eta nabariagoak dira, eta badirudi datozen urteotan egongo dela aukera erabat autonomoa izango den ibilgailua ezagutzeko. Hyundai enpresak Elevate Concept ibilgailuaren maketa aurkeztu du aurtengo CES azokan. Helburua da hondamendi naturaletan erabiltzeko ibilgailua izatea. Lau gurpildun hankak ditu, eta, edozein lur eremutan ibiltzeko aukera eskaintzeaz gain, sortzaileek esan dute paretak ere igotzeko gai izango dela. «Hedabideetan sekulako oihartzuna izaten ari den berritasun teknologiko bat da; izan ere, aurkezpen bideoa erakargarria egin dute», esan du Unai Bilbao teknologia adituak. Gaineratu du jendeak ikusmin handia duela. Hala ere, proposamenaz harago, gauzatzeko dagoen proiektu bat da.


Larry W. Smith / EFE

Telebistak. Irudiaren kalitatea, gora

Urtero aurkezten dituzte berritasunak telebisten munduan. Aurten ere ez da gutxiagorako izango. Samsung eta LG konpainiek 8K erresoluzioa duten pantailak aurkeztu dituzte; hala, irudiaren kalitatea handiagoa izango da. «Pantailan dauden pixel kopurua da erresoluzioa; beraz, zenbat eta pixel gehiago izan, erresoluzioa geroz era handiagoa izango da», azaldu du Unai Bilbaok. Nabarmendu du Google Assistant laguntzailea ere telebistetan sartu dutela; hala, posible izango da ahots bidez telebistari nahi dena eskatzea. Bilbaoren arabera, ordea, telebista horiek arazoren bat edo beste ere sortzen dute. Izan ere, irudiak jasotzeko erabili den kamerak telebistak baino erresoluzio gutxiago badu, pantailan erreproduzitzean arazoak sor daitezke. «Horrelako kasuetan, teknika bat erabiltzen dute konpainiek; hartutako irudia hobetzen dute. Horrela, erresoluzioa hobeagoa dela ematen du», azaldu du Aktingeko adituak.


Larry W. Smith / EFE

Aurikularrak. Kanpo soinuen isiltasunean

Ezagun dira ohiko aurikularrak. Belarrietan jarri, eta play botoiari ematea aski da entzun nahi den soinua aditzeko. Batzuetan, ordea, kanpo soinuak gailuek erreproduzitzen dutenarekin nahasten dira. Horren aurrean, badirudi Jabra eta Harman konpainiek aurkitu dutela konponbidea: kanpo soinua baliogabetzen duten aurikularrak.

«Aurretik ere baziren halako aurikularren bertsioak, baina aurten aurkeztutakoek berrikuntzak dituzte», esan du Bilbaok. Haren esanetan, halako aurikularrekin ez da kanpoko ezer entzuten, eta isiltasuna da nagusi, «isolamendua». Jabra konpainiaren Elite 85h aurikularrak, barne bozgorailuez ez ezik, sei mikrofonoz osatuta daude. Gainera, sortzaileek diote 32 orduko autonomia edukiko dutela. Harman konpainiaren Live 500BT aurikularren berritasuna, berriz, Alexa ahots bidezko laguntzailea da. 30 orduko autonomia edukiko dute, eta bi ordu nahikoa izango dira gailua erabat kargatzeko.


Albert Estevez / EFE

Prozesatzailea. Txikitasunean handi

Ezkutuan mantentzen diren gailu txikiak dira prozesatzaileak. Azokan aurkezten dituzten gainontzekoekin alderatuz gero, ez dira horren ikusgarriak izaten. Bilbaoren aburuz, ordea, prozesatzaileek eskainiko dituzten aukerak eraginkorrak izango dira zenbait gailutan. Sakelako telefonoetan ez ezik ordenagailuen tripetan ere badauden gailuak dira. «Prozesatzaileei esker, besteak beste, memoriaren azkartasuna hobetzen da», esan du Bilbaok. Adituak gogoan izan du Intel konpainiak aurkeztu duen azken prozesatzailea: Ice Lake. Hark azaldu du prozesatzaile oso txikia dela, 10 nanometrokoa. Sortzaileek diotenez, prozesagailu horiek ordenagailu eramangarrietan txertatuz gero, gailuen autonomia handitu egingo da, 25 ordura arte. Bilbaok ere halaxe azaldu du: «Ordenagailuarekin 25 ordu ibiltzea posible izango da, entxufatu gabe». Izan ere, prozesatzaileak zenbat eta txikiagoak izan, bateriarentzako leku gehiago egongo da. Aurreikuspenen arabera, orain hiru urte aurkeztu beharreko prozesatzailea zen aurten merkaturatuko dutena; baina ez da posible izan. Aurreko prozesatzailearen bertsioa 14 nanometrokoa zen; beraz, badirudi geroz eta txikiagoak izango direla, eta gailuen kapazitatea handiagoa bilakatuko dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna